Enkante historikoa egingo du Marqués de Riscal upategiak
 
Upeltegi entzutetsuak bere 150. urteurrena ospatzeko egingo dituen ekitaldietako bat da.

Marqués de Riscal Hotelaren irudia

Herederos del Marqués de Riscal upategiak asteburu bikaina antolatu du Christie's etxearekin eta Luxury Collection Hotels and Resorts katearekin batera. Urriaren 24tik 26ra izango da Ardoaren Hirian, Frank O. Gehry arkitekto kanadarrak diseinatu zuen Marqués de Riscal Hotelean.     

Asteburu horretan, Marqués de Riscal upategiaren 131 ardo botilako sorta bat jarriko dute enkantean. Upategian oraindik dituzten botilen aukeraketa bat egin dute eta urte bakoitzeko botila bat sartuko dute sorta horretan; zaharrena 1862. urteko bat. Upategi batek inoiz merkaturatu duen ardo-sorta bertikalik handiena da. Lortzen den dirua ongintzazko elkarte bati emango zaio.

Gainera, hiru egun horietan Francis Paniegok prestatutako jakiez gozatzeko, Marqués de Riscalen mahastiak eta upeltegiak bisitatzeko, arteari, diseinuari eta kulturari buruzko hitzaldiak entzuteko eta ardoterapia egiteko parada egongo da.

Halere, aurrez, ekainaren 26an, beste enkante bat egingo da Londresko Christie's aretoan. Egun horretan, berebiziko ardo-sorta historikoa aterako du enkantera Marqués de Riscal upategiak. Enkantean jarriko dituzten ardoen artean, nabarmentzekoak dira, besteak beste, 1863ko botila bat -Marqués de Riscalek botilaratu zuen bigarrena-, 1964ko kaxa bat eta zenbait Barón de Chirel ardo botila bikain.

Arabako Errioxa, historiaz betetako eskualdea

Harresidun herrixkekin eta ardandegiekin tartekatzen diren mahasti ilarek marrazten dute Arabako lurralde historikoan dagoen eskualderik ezagunena. Ebro ibaiaren ertzeraino hedatzen diren mahastiek -12.000 hektarea orotara- berde kolore bizia hartzen dute udaberrian, eta kolore gorrixka eta urre-kolorea udazkenean.

Azken urteotan, ardo dastaketak eta Santiago Calatravak diseinatutako Ysios upategia, Iñaki Aspiazuren Baigorri upeltegia eta Frank O. Gehryk diseinatu zuen Marqués de Riscal Hotela dira inguru honetara jende gehien erakartzen dutenak. Ezin ahaztu daitezke, ordea, Arabako Errioxako ondare artistiko eta arkitektoniko aberatsa osatzen duten beste zenbait elementu ere, harresidun hiribilduak, oinetxeak eta historiaurreko aztarnak, besteak beste.

 


Azken eguneratzea: 2008/07/04