Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Klima-aldaketa
 

Euskal Autonomia Erkidegoa klima-aldaketaren aurrean

Hauexek dira EAEko klimaren aldaketaren inguruko politika taxutzen duten dokumentu nagusiak:

Euskal gizartearen bultzadari esker eta Europar Batasuneko zein Estatuko arau esparruez baliatuta klimaren aldaketaren arazoa politika sektorialetan sartzen ari da, lehendakariak Urdaibaiko adierazpenarekin frogatu zuen bezala. Gainera, EcoEuskadi 2020 ekimenaren ardatz nagusietako bat klimaren aldaketa da.

Klima-aldaketaren Euskal Bulegoa ondoko sailen arteko koordinaziorako organo nagusia da: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ekonomia eta Ogasun Saila; Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila; Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila.

Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana aitzindaria izan zen esparru honetan, bere lehentasunetan aldaketa arintzeaz gainera hartara moldatzea ere ezarri baitzuen. Bada, hura osatzeko hainbat ekimen jarri dira abian: BC3 bikaintasunaren ikerketarako zentroa, aldaketara moldatzeko ikerketa proiektuak, CIC energiGUNE eta STOPCO2 ekimena, Klima-aldaketaren Euskal Bulegoak sustatu duena.

Eusko Jaurlaritzak konpromiso sendoa hartu du klimaren aldaketaren aurrean eta horren inguruko hainbat ekimenetan hartu du parte; hona nagusiak:

  • Isurketen jarraipena. Isurketak murrizteko, lehenbizi zehaztu behar da nolako BEGak isurtzen diren (CO2, metanoa…) eta zenbat isurtzen den bakoitzeko. 2000. urteaz gero Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko BEGen isurketen inbentarioak argitaratzen ditu, haiei buruzko informazio zehatza eta eguneratua edukitzeko. Informazio hori oso baliagarria da ingurumenaren arloko politikak aztertzeko; izan ere, datuak sektoreka eta gas moten arabera banakatzen dira, eta horri esker joerak analiza daitezke.

  • Tokiko ekintza. Udalen arazo bereziak aintzat hartuta, Udalsareak hainbat ekimen burutu ditu udalerrietako klimaren inguruko jardueren esparruan. Besteak beste, klimaren aldaketaren inguruko udal ordenantzaren eredua prestatu du (ekimen aitzindari honi ondoko udalerriak atxiki zaizkio: Durango, Legazpi, Areatza, Balmaseda, Tolosa eta Amurrio) eta tailer bereziak (Ekitalde) antolatu ditu; tailer horietan klimaren aldaketari toki esparruan nola heldu aztertzen duten bi koaderno sortu dira.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez diru-laguntzak ematen dizkie udalei, mankomunitateei eta beste toki erakunde batzuei berotegi-efektuko gasen isurketa zuzenean murrizteko.

  • Teknologia Garbien Euskal Zerrenda. Teknologia Garbien Euskal Zerrendako ingurumen teknologietako bat eskuratzen duten euskal enpresek zerrenda horretako ekipoetan inbertitzen duten diruaren % 30eko kenkaria aplikatu ahal izango dute Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean. Kenkaria aplikatu ahal izateko, inbertsioa ekipo osoetan egin behar da eta erosketaren helburua zuzenean lotuta egon behar da enpresak ingurumenean duen eragina txikitzearekin eta zuzentzearekin. Zerrenda aldizka berritzen da eta merkaturatzen diren teknologia berriak sartzen dira.

 

  • Alkateen Ituna. Eusko Jaurlaritzak EEEren bitartez Alkateen Ituna ekimenaren berri eman die euskal udalei. Itun horren xedea da toki erakundeak bultzatzea EBk 2020. urterako ezarritako helburuak gaindi ditzaten; toki erakundeek berotegi-efektuko isurketak % 20 gutxitzea da helburu nagusia.

  • Nazioartekopresentzia. Eusko Jaurlaritzak iraunkortasunari eta klima-aldaketari buruzko nazioarteko hainbat forotan hartu du parte. 2011n, Patxi Lopez Lehendakaria The Climate Group-eko presidentekide izendatu zuten. 2004tik aurrera, nazioarteko erakunde horrek isuri gutxiago eragingo dituen ekonomia baterantz jotzeko prozesuak finkatzen laguntzen die eskualde eta herri mailako gobernuei nahiz enpresei. Eusko Jaurlaritzak Eskualdeen Batzordean ere hartzen du parte. Europako eskualde eta udal mailako agintariak biltzen ditu kontsultarako erakunde horrek. Era berean nrg4sd (Network of Regional Governements for Sustainable Development) izeneko erakundean (garapen iraunkorraren aldeko eskualde-gobernuen sarea) eta  ENCORE (Platform of the Regional Environment Ministres of Europe) sarean ere badago. Udalsarearen bidez, ICLEIko (Tokiko Gobernuen Nazioarteko Elkartea) kidea ere bada.
Azken eguneratzea: 2012/02/17