Klima sistema oso konplexua da, eta oso aldakorra ere bai. IPCC aspalditik ari da aztertzen klima sistema eta haren dinamikari eragiten dioten faktoreen arteko harremanak. Ikerketak eskala handian egin dira batik bat; hala ere, EAEko ikerlan batzuek eskualdera mugatu dute esparrua eta ikuspegi osagarria ematen dute.
EAEn BC3 bikaintasunaren ikerketarako zentroa jarri da abian klimaren aldaketa aztertzeko. Hauexek dira zentroaren ikerketa-ildo nagusiak: "EAEko eraginaren eta urrakortasunaren balorazioa"; "klima aldaketaren eragina gizartean eta ekonomian"; "Klima aldaketaren eredu integratuak"; "Atmosferako zirkulazio orokorraren ereduak". Zentroaren zuzendaria Anil Markandya da; Markandya jauna Ekonomian doktorea da, klima aldaketaren arloko aditua eta IPCCko kidea.
Eusko Jaurlaritzak K-Egokitzen ETORTEK ikerketa-proiektua finantzatzen du. Proiektu honen helburua Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerkuntza, garapen eta berrikuntzako erakundeen ikerkuntza estrategikoa bultzatzea da.
Proiektuaren xede-esparrua klimaren aldaketara moldatzea da, eta beraren helburu nagusia ondokoak aztertzea: batetik, klima aldatzen ari delako frogak; bestetik, nolako neurriak ezar daitezkeen modu eraginkorrean moldatzeko klima aldaketak ur baliabideetan, azpiegituretan, hiriguneetan, kostetan eta itsasoko, lehorreko zein landa ekosistemetan eduki lezakeen eraginera.
CIC energiGUNE energiaren arloko ikerkuntzarako lankidetza-zentroa da. Hauexek dira zentroaren ikerkuntza-ildo nagusiak: bikaintasunaren oinarrizko ikerkuntza; ezagutzaren eta emaitzen transferentzia; EAEn zientziaren eta teknologiaren arloan ari diren agenteek (unibertsitateek, zentro teknologikoek, etab.) energia alternatiben inguruko I+G+b esparruan egiten duten lanaren koordinazioa.
Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egindako lan honetan klimaren aldaketa azaltzen duten infografiak, 3D grafikoak, bideoak eta ibilaldi birtualak bildu dira, eta CO2 isurketak neurtzeko erabil daitekeen kalkulagailu interaktiboa ere badago. Multimedia honetan klimaren aldaketaren inguruko informazio asko bildu da: zerk eragin duen, nolako ondorioak izango dituen eta nola konpon litekeen.