Lurraren klimaren aldaketa globalari klima-aldaketa deritzogu. Aldaketak hainbat denbora-eskalatan eta klima parametro guztietan gertatzen dira: tenperaturan, prezipitazioetan, hodeietan eta abarrretan. Aldaketak naturak eragiten ditu, eta azken mendeotan baita gizakiak ere.
Gure planetan dagoen bizitza -gaur egun ezagutzen dugun bezala- milioika urtetan izan diren zenbait baldintzaren ondorioa da, bilakaera handia izan eta gero. Inguruak bertan dauden espezietan dauka eragina, eta horiek, era berean, nabarmen eragiten dute bizi diren inguruetan. Halaber, egungo atmosfera lehenengo izaki bizidunek sortu zuten, bizirauteko Eguzkitik energia lortu eta gero, fotosintesiaren bidez oxigenoa aireratu baitzuten.

Eremu geografiko jakin bateko eta aldi jakin bateko baldintza metereologikoen multzoa da klima.
Egoera klimatikoa eta egoera meteorologikoa ezin ditugu nahastu. Klima atlantikoaz ari garela, eremu geografiko jakin bati buruz hitz egiten ari gara. Egoera meteorologikoa, aldiz, egun jakin batean, eremu atlantikoko leku zehatz batean ematen dena da.
Egoera meteorologikoa etengabe aldatzen da, baina leku jakin bateko klimak ia ez du aldaketarik. Dena den, Lurraren klima ez da guztiz egonkorra, orain dela 4.500 milioi urte gure planeta sortu zenetik hona etengabe aldatu delako. Aldaketa horiei klimaren aldagarritasuna deritzegu.
|