Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Klima-aldaketa
 

Azken eguneratzea: 2010/12/29

Euskadin, isurketen erreferentzia-indizeak behera egin du, eta, lehen aldiz, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planeko helburuaz azpitik jarri da

Isurketak % 10 murriztu dira, eta BPG, aldiz, % 4

  • Isurketak gehien murriztu dituzten arloak energia, industria eta garraioa izan dira, hurrenez hurren: % 14, %12 eta % 7,5.
  • Energia-arloak eta garraio-arloak ere murriztu dituzte isurketak, bigarren urtez jarraian.
  • 1990. urtearen aldean, industria-arloak % 35 murriztu ditu isurketak.

Egindako zenbaketen arabera, 2009an, Euskal Autonomia Erkidegoan, negutegi-efektuko 22,6 milioi tona gas isuri da.  Eta, horrenbestez, isurketen erreferentzia-indizea 1990eko maila baino % 6 goitiago jarri da, Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Euskal Planean 2008-2012 bitarterako agindutako helburua baino askoz beherago, han jarrita dagoen xedea isurketak % 14 baino gehiago ez ugaritzea baita.

2008 urtearen aldean, isurketek % 10 egin dute behera. Kontuan izan behar da jarduera ekonomikoak ere behera egin duela, baina, hala ere, isurketek BPGk baino gehiago egin dutenez behera (% 10 eta % 4), badirudi ez dugula 2002an hasitako joera galdu, eta ondasunak eta zerbitzuak ekoiztearen eta negutegi-efektuko gasak ekoiztearen arteko lotura apurtzen jarraitzen dugula. Hau da, ondasunak eta zerbitzuak ekoizteko unitate bakoitzeko, lehen baino gutxiago isurtzen dugu, gardenkian ikus daitekeenez.

Isurketak ia arlo guztietan murriztu dira, nekazaritzan eta arrantzan izan ezik, hor apur bat gora egin baitute, erregai gehiago kontsumitu dutela-eta.

Herritar bakoitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan, negutegi-efektuko gasen isurketa Europar Batasunaren parez pare dago (urtean 10,4 tona herritar bakoitzeko, eta Batasunean, berriz, batez beste, 10,3).

Eta arloz arlo aztertzen badugu gaia, ikusiko dugu Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 85 garraioak eta industriak sortzen dutela, eta bada beste datu nabarmen bat ere: energia-arloak, bere kasa, isurketa guztien % 40 eragiten du.

Eta arlo bakoitzari eransten baldin badiogu kontsumitzen duen elektrizitatetatik eta berotatik dagokion isurketa-kopurua, beste irudi bat lortuko dugu, aurrekoaren osagarri. Hau da, isurketa guztiak batera zenbaturik, ikusiko dugu industriak ez duela % 22 isurtzen, % 37 baizik; eta etxebizitzen eta zerbitzuen arloak, batera harturik, % 16, eta ez % 6.

Jarraian, labur-labur, egoera eta bilakaera, arloz arlo:

ENERGIA-ARLOA

Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 40 eragiten du. Lehengo urtean baino isurketa gutxiago eragin dute, bai elektrizitate-ekoizpenaren isurketek behera egin dutelako (hau da, ekoizpen-instalazioek zenbat isuri duten, ematen duten elektrizitate-unitate bakoitzeko); eta elektrizitate-eskariak ere behera egin duelako (neurri batean, erregai gutxiago kontsumitu delako, batez ere industria-arloan eta garraio-arloan, ziurrenera egoera ekonomikoarengatik).

1990 urtearen aldean, isurketek % 15 egin dute gora, batez ere kontsumoak ere gora egin duelako ia arlo guztietan (batik bat etxebizitza-arloan eta hirugarren arloan, industria-arloak ia bere horretan eutsi baitio 2004.az geroztik), eta ekoizpen-teknologiaren hobekuntza ez da igoera hori berdintzeko gai izan.

GARRAIO-ARLOA

Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 23 eragiten du. Joan den urtearen aldean, isurketek bigarren bider egin dute, jarraian, behera. Arlo honetan, isurketen % 96, gutxi gorabeherara, errepideko garraioak eragiten du. Kopuru horren % 60 beribilek sortzen dute, eta ia gainerako % 40 salgaien garraioak.

Garraioaren arloan ere teknologiak aurrera egin du, eta ibilgailuek geroz eta erregai gutxiago kontsumitu eta geroz eta gas gutxiago isurtzen dute, baina errepideko garraioa hazten ari da urtez urte (batez ere ibilgailu pribatua erabiltzeak eraginda).

INDUSTRIA-ARLOA

Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 22 eragiten du (zuzeneko isurketak); baina kontsumitzen duen energiari loturiko isurketak ere kontuan hartuz gero (zeharkako isurketak), ehuneko hori handiagoa da: % 37koa.

Aurreko urtearen aldean, zuzeneko isurketek behera egin dute (BPGk baino askoz gehiago –isurketek % 12 behera, eta BPGk % 6).

1990 urtearen aldean, zuzeneko isurketek % 35 egin dute behera. Garbi dago arlo hau goitik behera eraldatu dela eta teknologikoki ere erabat aldatuta dagoela.

ETXEBIZITZAK ETA ZERBITZUAK

Euskal Autonomia Erkidegoan, negutegi-efektuko gas guztien % 6 isurtzen du etxebizitzen eta zerbitzuen arloak (zuzeneko isurketak).  Kontsumitzen duen energiari loturiko isurketak ere kontuan hartuz gero (zeharkako isurketak), kopuru hori % 16ra igotzen da.

2008. urtearen aldean, zuzeneko isurketek behera egin dute, gas naturala eta petrolio-gas likidotuak ere gutxiago kontsumitu direlako.

1990. urteaz geroztik, etxebizitza-arloak zuzeneko isurketak % 38 handiagotu ditu, eta zerbitzu-arloak, berriz, % 83.

NEKAZARITZA, ABELTZAINTZA ETA ARRANTZA

Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 4 eragiten du, eta, 2008. urtearen aldean, % 0,17 areagotu ditu isurketak.

1990. urtearen aldean, arlo honek % 29 murriztu ditu isurketak.

HONDAKINEN ARLOA

Euskal Autonomia Erkidegoko isurketen % 6 eragiten du, eta, 2008. urtearen aldean, % 3 murriztu ditu isurketak.

1990. urtearen aldean, arlo honek % 2 areagotu ditu isurketak.

EAEko negutegi-efektuko gasen inbentarioek erakusten dutenez, isurketak murrizteko joera jarraiturik mantendu nahi baldin badugu, ezin dugu momentuko egoera sozio-ekonomiko bereziei begira egon, politika publikoei euskarri egonkorrak eta integralak jarri behar zaizkie, arlo-politika guztiak aintzakotzat hartzeko modukoak, esate baterako, energia, garraioa, lurraldearen antolaketa, hirigintza, industria edo nekazaritza, ikerketa, edo hezkuntza, edo zerga-arloa.

Bada, euskarri egonkor eta integral horiek ematera datoz EAEko Klima Aldaketaren Legea eta Klima Aldaketaren aurkako Euskal Plana 2011-2020 –duela gutxi aurkeztu da lege horren aurreproiektua-. Gas gutxiago isurtzeko eta baliabide gutxiago kontsumitzeko moduko teknologietan oinarritu behar dugu, baliabideak hobeto erabiltzen jakin behar dugu, ekodiseinuan oinarritu behar dugu, desmaterializazioan eta hondakinen aprobetxamenduan. Gizartearen trantsizio hori sustatu behar dugu, badugu horretarako aukera, eta ez dugu alferrik galduko. Gizarteak baliabideak arrazoiz erabiltzen ikasi behar du, ingurumenak duen balioaz jabetuta, eta aldaketa klimatikora egokitzeko prestaturik. 

Informazio gehiago: