Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Klima-aldaketa

WAI-A

Azken eguneratzea: 2007/12/04
Klima-aldaketaren aurka egiteko euskal plana onartu du Eusko Jaurlaritzak, 2012an CO2 isurketak, 1990koekin alderatuta, +14raino murrizteko asmoz
Planean 120 neurri aurreikusten dira eta sei sailek parte hartzen dute, honako xedeaz: karbonoaren mendekoa ez den eredu sozio-ekonomikoa finkatzerantz jotzea eta klima-aldaketaren aurrean dugun ahultasuna txikiagotzea.

Klima-aldaketaren Aurka egiteko Euskal Plana onartu du Eusko Jaurlaritzak. Plan honek 120 neurri aurreikusten ditu, 2012an EAEko CO2 isurketak +%14raino murriztu daitezen, 1990ekoekin alderatuta beti ere. Gaur egungo isurketekin alderatuta, ehunekoan 8 puntu jaistea esan nahiko luke horrek. Plan horrek aurreikusten dituenak bezalako neurriak hartu ezean, ordea, isurketak izugarri igo daitezkeela pentsatzen da, aipatutako erreferentziazko urtekoak baino % 36 gehiagora. Horrela, bada, 2012ko egoerak planarekin eta planik gabe izango lukeen aldea, 22 puntukoa izango litzateke.

Klima-aldaketaren Aurka egiteko Euskal Planak proposatzen duen HELBURUA hau da: karbonoaren mendekoa ez den eredu sozio-ekonomikoa finkatzeari begira 2020an EAE urrats itzulezinak emanda egotea lortu eta klima-aldaketaren aurrean dugun ahultasuna txikiagotzea.

Horretarako, BI LEHENTASUN ezarri dira: bata, etorkizuna bermatzera zuzendua, klima-aldaketaren aurka egin eta dituen ondorioetarako prestatzea; eta bestea, euskal ekonomia iraunkor baterantz jotzeko aukera emango duen berrikuntzaren kultura bultzatzea, ekoizpen eta kontsumo garbiko jarraibideetan oinarritua eta karbonoaren mendekoa ez dena.

Abiapuntu horrekin, Planak 4 HELBURU ESTRATEGIKO ezartzen ditu:

1. HELBURU ESTRATEGIKOA- BEGen isurketak % 14 gehiagoraino mugatzea, 1990eko oinarrizko urtekoekin alderatuta.

2. HELBURU ESTRATEGIKOA- Karbono-irensleek karbonoa eraldatzeko duten gaitasuna % 1eraino handitzea, oinarrizko urteko isurketekin alderatuta. Batez ere, baso-kudeaketan, nekazaritzako lurren kudeaketan eta larreen kudeaketan jardun behar da.

3. HELBURU ESTRATEGIKOA- Natura-baliabideen gaineko arriskuak txikiagotzea. Aurreikus daitekeen bezala, eragin nagusiak biodibertsitatea eta ekosistemen osasuna galtzeari eta ur nahiz lur baliabideen kalitatea txartzeari loturik egon daitezkeelako.

4. HELBURU ESTRATEGIKOA- Pertsonen osasuna, hiriko habitataren kalitatea eta sistema sozio-ekonomikoen gaineko arriskuak txikiagotzea. Ondoko hauek bermatzeko: energia, itsasertz eta garraio azpiegituren osotasuna, osasun-zerbitzuak egokitzea, lehen sektoreari lotutako produktibitatea mantendu edo hobetzea edo klimaren egoera berriarekin bateragarriak izango diren hiri-eredu berriak garatzea.

120 NEURRI LAU PROGRAMATAN

Helburu horiek lortzeko bidean aurrera egiteko, 120 neurriko multzoa aurkeztu da, jarduera-programa hauetan banatuta:

LEHEN PROGRAMA: KARBONO GUTXIAGO. Programa hori ezartzeko esparrua sektore hauena da: energia, industria, garraioa, bizitegiak eta zerbitzuak, nekazaritza eta basogintza, eta hondakin-kudeaketa. Esku hartzeko ondorengo ildoetan: -energia aurreztea eta eraginkortasuna -energia berriztagarriak sustatzea -energiarik sortzen ez duten isurketak murriztea -eta karbono-irensleak kudeatzea

BIGARREN PROGRAMA: EGOKITZEA. Honako hauetarako egokitzea: klima-aldaketari aurrea hartu eta ekosistema naturalak zaintzeko, pertsonen osasuna babesteko eta azpiegitura eta sistema sozio-ekonomikoak egokitzeko. Kasu horretan, jarduteko ildoak hauek izango lirateke: -behaketa sistematikoa eta ikaskuntza -irizpideak zehaztea eta egokitzapenaren plangintza egitea -eta bitartekoak eta azpiegiturak edukitzea

HIRUGARREN PROGRAMA: EZAGUTZA. Programa honen helburua ezagutza zientifiko-teknikoa eta soziala garatzea da, natura behatu, arazoak ezagutu eta irtenbideak sortzeko asmoz. Programa honetan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareak, enpresek eta Eusko Jaurlaritzak esku hartzen dute, eta programaren ildoak hauek izango lirateke: -oinarrizko ikerkuntza eta lankidetza -ikerkuntza aplikatua -eta programa honen oinarri izateko beharrezko zeharkako elementuak

Azkenik, LAUGARREN PROGRAMA, HERRITARTASUNA ETA ADMINISTRAZIO EREDUGARRIA izenekoa. Eta programa horretan, Eusko Jaurlaritzako sailak, foru aldundiak eta udaletxeak sartzen dira. Jarduteko ildoak, betiere bakoitzaren eskumenak errespetatuz, hauek izango lirateke: -jarduera orokorrak eta erosketa berdea -lantokian, etxean eta higikortasunean, aurreztea eta eraginkortasuna lortzea -informazioa eta sentsibilizazioa (hori azpimarratzen ari gara, kontzientziazio-kanpainetan ahalegin ekonomiko handia eginez, batez ere azken urtean) -hezkuntza eta prestakuntza

Plan horrek duen aurrekontu-hornidura, estrictu sensu, 80 milioi euro ingurukoa da. Hala ere, zenbatu egin beharko litzateke, orobat, zerikusia duten sailek (Industria, Garraioa, Hezkuntza, Etxebizitza eta Nekazaritza) aurreikusitako beste jarduera batzuei esleitzen zaiena, beste programa batzuei esleitua izan arren Plan honen helburuekin bat datorrenean. Kontu-sail horiek kontuan hartzen baditugu, Eusko Jaurlaritzak egiten duen ahalegin ekonomikoa 600 milioi euro ingurukoa dela esan dezakegu. Kopuru hori, Larrañagaren hitzetan, ez da etorkizunean egindako inbertsioa besterik.