URDAIBAIn aztarnategi arkeologiko eta aztarna historiko ugari daude, eta horietako askok balio handia dute eskualde honetan gizakiaren presentziaren garaiak ulertzeko eta paisaiaren transformazioan eragiteko izan duen ahalmena argitzeko.
Eskualdean aurkitutako arrastorik zaharrenak (Kortezubiko Santimamiñeko leize-zuloak) gizakiak Goi-Paleolitikoan (K.a. 35.000-18.000) garatutako lehen kulturenak diren arren, gizakiaren eraginak ez zuen aparteko garrantzirik izan paisaiaren aldaketan Aro Kristauaren hasiera arte, gizakia pixkanaka sedentario bilakatzen hasi eta basoz betetako eremuak gaur egungoaren antzeko bilakatzen hasi ziren arte.
Lehen herrigune edo hiribilduen sorrerarekin (Bermeo 1236an, Gernika eta Gerrikaitz 1366an eta Errigoiti 1376an), merkantzien komertzioa asko garatu zen. Produkzioa burdinaren lanketan oinarritu zuen oletako jarduna ere areagotu egin zen eta urrezko garaia XIII eta XV. mendeen artean bizi izan zuen.
Bestalde, antolakuntza sozial eta politikoari dagokienez, Busturia Merindadea beti protagonista izan zen. Izan ere, haritzaren itzalpean eta Antiguako Santa Mariaren (Gernika-Lumo) tenplete eta ermitaren -gaur egun Juntetxea denaren- aurrean, Jaurerriko batzarrak egiten ziren eta Bizkaiko jaunak foruei zin egiten zien.
URDAIBAIn dauden aztarnategi arkeologiko eta kokaleku historikoen balio handia URDAIBAIko biosfera-erreserba babestu eta antolatzeari buruzko 5/1989 Legearen bidez dago babesturik, eta babes bereziko gune gisa hartzen ditu bai leize-zuloetako, bai kanpoko aztarnategiak.