Oka ibaiaren arroko natur aberastasunaren eta bere mikroklima atseginaren eraginez, Historiaurretik etengabe bizi izan da gizakia ibar honetan. URDAIBAIn legezko babesa duten gune historiko-arkeologiko ugari eta desberdinak daude eta, kasu batzuetan, babes bereziko gune dira. Hala ere, ondare-balio hauetako gehienak ez daude dibulgatzeko moduan, babes faltarengatik. Aztarnategi arkeologikoak gune hauskorrak dira eta beren hedapena babes-bermearen arabera kudeatu behar da; kasu batzuetan, gidari espezializatu batzuen laguntzarekin bakarrik ikus daitezke.
URDAIBAIren Historiaurrea URDAIBAIko lurraldean Goi-Paleolitikoan (K.a. 30.000-8.000) bizi izan ziren lehen aldiz gizakiak. Gizaki talde hauei gehien gustatzen zitzaien habitata leize-zuloak ziren. Beren ekonomia ehizan eta bilketan oinarritzen zen, eta beste lurralde batzuetara emigratzen zuten elikatzeko zituzten baliabideen arabera. Garai honetako adierazpen artistikoak oso konplexuak ziren sinesmen eta ideien isla dira.
Epipaleolitikoan eta Mesolitikoan (K.a. 8.000-4.000) baldintza bioklimatikoak hobetu egin ziren eta gizakia finkatu egin zen URDAIBAI arroan. Lurralde-antolamenduaren eredua ibarrak eskainitako baliabide guztien ustiapenean oinarritzen zen: ehiza, arrantza, moluskuen eta produktu begetalen bilketa eta abar. Neolitikotik aurrera (K.a. 4.000), URDAIBAIn abeltzaintzan eta nekazaritzan oinarritutako eraldaketa-prozesua gertatu zen paisaian.