Zorionez, kontserbazioa versus garapenaren gisako kontzeptuak ongi gainditu dira azken hamarkada hauetan. 1992an, Rioko biltzarrean argi geratu zen ingurugiroak eta garapenak gaurkotasuna duen kontzeptu baten inguruan integratu eta elkartu behar dutela: garapen jasangarriaren inguruan, hain zuzen ere.
Jakina, URDAIBAIren kasuan ere zalantzak izan dira. URDAIBAIko erreserba-biosferaren helburu bakarra naturaren ingurukoa dela eta horrek inguruko biztanleen garapena mugatu egingo duela pentsatu izan da.
Hala ere, URDAIBAIko legearen helburu nagusia "lurralde honetan fauna, flora eta ekosistema babestea eta bere berreskurapena bultzatzea da, natura, zientzia, hezkuntza, kultura, aisialdia eta sozioekonomiaren aldetik duen garrantzi berezia kontuan hartuta". Ikus daitekeen bezala, garapena legearen helburu nagusian errotuta dago.
Dena den, definizio hutsetatik harantzago, lege honek URDAIBAIko eremuaren garapen jasangarria bermatzeko bitarteko zehatzak eman zituen. Bitartekoetako bat Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako Egitaraua (PADAS) da, eta URDAIBAIko biosfera-erreserbako 21 Agenda Lokal gisa erabiltzen da.
PADASen helburu estrategikoan etorkizunerako xede hauek finkatu dira:
- Honako alderdi hauek garatuta dituen nekazaritza-ingurua: multifuntzionaltasuna, produkzioa eta merkaturatzea, prestakuntza, enplegua, nekazaritzako ustiategietan emakumeek egin beharreko lana, baliabide naturalen kudeaketa jasangarria eta, oro har, nekazaritza inguruko bizi-kalitateari eragiten dion guztia. Eta honakoan gauzatuko da:
- Ezaugarri naturalak gorde eta areagotu dituen lekua.
- Bere biztanleentzat erakargarriagoa eta aberatsagoa izango den nekazaritza-ingurua.
- Beren balio erantsi gehiena nekazaritza-ekonomian eta bertako ekonomian utziko duten nekazaritzako eta arrantzako produktuak.
- Ingurugiroa errespetatuko duen, produkzio jasangarrietan aurrera egingo duen, lana sortzeko gai den eta, ahal izanez gero, andeatutako inguruak errekuperatuko dituen industria-sektore lehiakorra.
Batez ere, kudeaketan, egituraketan eta kanpo-promozioan aurrera egingo duen, behar bezala identifikatutako URDAIBAIren elementuez ohartuko diren bisitariak erakarriko dituen eta elementu horien etekin ekonomikoa lanean gauzatuko duen turismo-sektorea.
- Aurretik dauden azpiegiturak (portuak, trena, errepideak, bideak, energia) optimizatu eta bultzatzen dituen ongi komunikatutako lurraldea. Lurralde horrek Lurralde Antolamenduaren Arauen eta Jarduera Ekonomikorako Lurzoruaren Lurraldeko Plan Sektorialaren aurreikuspenetan artikulatutako eta aukeratutako garapen ereduarekin bat datozen jarduerak erakartzeko ahalmena izan behar du. Horrez gain, bere inguruko beste eremu batzuetan barruko eta kanpoko aldetik integratuta egon beharko du.
- Baliabide eta ahaleginei ahalik eta etekin handiena aterako dien gunea, eta administrazio publikoaren eta eragile pribatuen artean koordinazio maila-handia izango duena.

|