URDAIBAIko biosfera-erreserba kokatuta dagoen lurraldeak lan garrantzitsua bete du Bizkaiko antolakuntza sozial eta politikoaren eta ekonomiaren dinamizazioan. Izan ere, Gernikako Arbolaren itzalpean eta Antiguako Andre Mariaren ermitaren -gaur egun Juntetxea denaren- aurrean, Jaurerriko batzarrak egiten ziren eta Bizkaiko jaunak foruei zin egiten zien.
Bermeoko portua Kantauriko trukerako puntu garrantzitsuenetakoa izan zen Erdi Aroan; hala ere, gaur arteko jarduerak nagusia baxurako arrantza (antxoa eta hegaluzea) eta elkarlaneko kontserba-industria izan dira. Gernika aldean, bestalde, nekazaritza murriztu egin da industriaren mesedetan.
Gaur egun, eskualdean gutxi gorabehera 45.000 biztanle bizi dira, horien % 80 Bermeo eta Gernika herrietan. Ekonomia-jarduera, alde batetik, metalurgia, itsas-arrantza eta basogintzaren sektoreetan oinarriturik dago eta, bestetik, lurraldeko baliabideen ustiaketan (nekazaritza eta abeltzaintza). Jarduera hauekin batera, hondartzetara, hiri historikoetara eta landetxe eta hotelen sarera biltzen den turismoak ere garrantzi handia du.