
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak Bilbon elkartuko ditu klima-aldaketaren mundu osoko adituak. Klima Aldaketaren gaineko Nazioarteko Konferentzia egingo dute apirilaren 23 eta 24an, Bilboko Euskalduna Kongresu eta Musika jauregian.
Konferentzia hori Jaurlaritzako Ingurumen Saila ingurumen politiken harira aurrera eramaten ari den hainbat ekintzen barruan kokatzen da. Euskadiko Autonomia Erkidegoko Ingurumen arduradun Esther Larrañaga sailburuak klima-aldaketaren aurkako borroka du bere gobernu programako lehentasun nagusien artean. Horrexegatik, berotegi efektuko gasen sorburuak murriztu nahi ditu, eta, era berean, klima-aldaketa honek gure herrialdean eragin ditzakeen kalteetara egokitu nahi du.
-CO2, aldaketarako azken aukera lema daraman nazioarteko topaketa klima aldaketaren alorrean eta horren eraginen inguruan lan egiten duten munduko aditu guztiei zuzenduta dago; era berean, sektore publiko zein pribatuan interesatuta egon daitezkeen eragile guztientzat da (gobernu ordezkariak, enpresak, arlo akademikoa, herritarren eta ekologisten elkarteak). Laster nabarmen aldatuko den planetako egungo klima egoerarekiko interesa duen edonor etor daiteke.
Klima Aldaketaren gaineko Nazioarteko Konferentziak duen helburua nazioartean klima-aldaketaren aurka egin diren aurrerapenak aurkeztea da; era berean, arlo horretan egin daitezkeen etorkizuneko ekintzak eztabaidatzeko aukera izango da. Konferentzia abagune egokia izango da Klima Aldaketaren Euskal Bulegoa eta Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Euskal Plana aurkezteko. Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila ari da hori guztia prestatzen Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin elkarlanean, hala nola, Industria, Nekazaritza, Garraio, Hezkuntza eta Etxebizitza Sailak.
Nazioko eta nazioarteko adituek parada izango dute klima-aldaketari aurre egiteko hainbat bideren inguruan (bide adiministratiboa, bide enpresariala eta herritarren bidea) eztabaidatzako. Nazioarteko foro honetan aurkeztuko dituzten eztabaida eta lan guztien ondorioak aztertu egingo dira, eta ondoren Klima Aldaketaren aurkako Borrokaren Euskal Planean sartuko dira.
Konferentzia ingurumenarekin bateragarri egitea
Konferentziaren bidez ingurumenean eta kliman sortuko den eragin nagusia ondokoa izango da: parte-hartzaileak Bilbotik hara joateko eta hirian bertan mugitzeko egingo dituzten bidaietako CO2 igorpenak. Saihestu ezin diren CO2 igorpenak konpentsatzea aholkatzen du antolaketa taldeak.
Saihestu ezin diren CO2 igorpenak konpentsatzeak hauxe esan nahi du: garapen bidean dauden herrialdeetan ingurumena eta klima babesteko egitasmoak sostengatzea.
Klima Aldaketaren gaineko Nazioarteko Konferentziako antolaketa taldeak aktiboki lan egin du ekitaldi honek sortuko dituen eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen. Mesedez, bidaiak eragindako CO2 igorpenak konpentsatzeko, bisita ezazu konferentziako egoitzan dagoen Ekopass ekimenaren mahaia.
|