
Fenologiari dagokionez, ezkontza-ondorengo migrazioaren hasiera izaten da ezaugarri nagusia aldi honetan; horren isla aberastasunaren handitze nabarmena eta ugaritasunaren areagotze apalagoa izaten da. Aurreko bihilekoarekin alderatuz gero, aberastasunari dagokionez, maiatzean 74 espezie izan ziren gehienez, eta abuztuan, berriz, 86.
Meteorologiari erreparatuz gero, udako ohikoa izan da, bero handi eta antizikloi luzeekin eta, noizean behin, ekaitz txikiekin. Aintzira gezaren eutrofizazio prozesuari dagokionez, uztailaren 30ean gertatutakoa azpimarratu behar da: arrain ugari hil ziren; horrek ez zuen hegaztietan isla berezirik izan, txilinporta txikien 4 habien aurkako inpaktua kenduta; horietako bik gutxienez txitak zituzten eta erabat galdu ziren. Basahate bat eta beltxarga arrunt bat ere aurkitu genituen hilik.
Uretako hegaztiei dagokienez, espezie ugarienak antxeta mokogorria (651 ale VII-9), kopetazuri arrunta (93 ale VII-23), koartzatxo txikia (80 ale VIII-21), kuliska txikia (54 ale VIII-13), mokozabala (62 ale VIII-30) eta basahatea (63 ale VII-20) dira. Ardeidoen ( koartza hauskara, koartzatxo txikia) migrazio-konzentrazioak hasi dira ikusten, eta ubarroi handiaren eta mokozabalaren pasea hasi da. Limoetako espezie ugari, hogeita lau arte, ikusten dira.
Paseriformeen artean, Saharan zeharreko ohiko migratzaileen lehen behaketak egin dira: papo-urdina, lezkari arrunta, benarriz arrunta, urretxindorra, buztangorri argia, euli-txori grisa, euli-txori beltza, txio horia, baso-txinboa, uhalde-enara eta beste.
|