
Fenologiari dagokionez, eztei-aurrearen eta eremuko espezie habiagileen ugaltzearen amaiera izaten da ezaugarri nagusia. Hegazti-komunitatearen adierazgarri nagusia, beraz, espezie eta aleen egonkortasun handia izaten da; hala, aberastasun eta ugaritasunari buruzko urteko minimoak lortu ohi dira.
Meteorologiari dagokionez, presio altuak izaten dira nagusi, nahiz eta maiatzaren hasieran, batik bat, ekaitzen bat edo beste ere izan.
Ez paseriformeen artean txirri arrunta (262 ale V-25 ), kaio hankahoria (58 ale VI-1), bernagorri arrunta (55 ale V-25), txirritxo handia (109 ale V-15), basahatea (52 ale VI-15), kopetazuri arrunta, la antxeta mokogorria eta sorbeltz arrunta (50 ale V-9) dira espezie ugarienak. Aurreko hilabetearekin alderatuz gero, hainbat espeziek nabarmen egin dute behera; besteak beste, ubarroi handiak, istingor arruntak, kuliska buztanbeltzak, kuliska zuriak eta kaio ilunak. Ugaltzerik egin gabe itzuli da kaio iluna ekainaren erdi aldera; lehen ale gazteak behatu dira, multzo handia osatuz (500 ale VI-28). Kopetazuri arruntak, 2000ko maiatzaren 19ko 12 aleekin 2000z geroztik egiaztatu gabeko populazio-minimoa (15 ale 2000ko martxoan) lortu zuenak, ale-kopurua hobetu du ekainaren erdi aldetik aurrera; ekainaren 25ean 72 aleraino bildu ziren.
Udaberriko azken migratzaileak behatu dira: amiamoko zuria, mokozabala, bernagorri arrunta, txirri lodia, txirri zuria, txirri kurlinta, txirri grisa, kuliska gorria, kuliska iluna, txenada mokobeltza, hegabera, usapal arrunta eta abar.
Garai honetan heltzen da ugaltze-aldiaren gailurra, eta honakoa izan da behin-behineko balantzea: kopetazuri arrunta (6 habia), txilinporta txikia (2 habia), uroilo arrunta (3 habia), basahatea (15 habia inguru), txirritxo txikia (5-6 habia), beltxarga arrunta (habia bat).
Eremuan bakanak edo urrian diren espezieen artean, txirri hankalabur ale bat azpimarratu behar da (maiatzaren 23tik 27ra); Gipuzkoan egiten den 2. behaketa izan da espezie honentzat (lehena Zumaian egin zuen, 1963ko urrian, Alfredo Novalek); baita Temminck txirri bat (V-19) eta koartzatxo karramarrozale bat ere (V-25).
Paseriformeen artean aurrera jarraitzen du eztei-aurreko migratzaileen paseak, maiatzean zehar batik bat: uhalde-enara, enara arrunta, benarriz arrunta, lezkari arrunta, sasi-txori arrunta, baso-txinboa, txinbo kaskabeltza, sasi-txinboa, txio horia, txio arrunta, euli-txori grisa, euli-txori beltza, antzandobi arrunta, antzandobi kaskagorria. Ekainean finkatuta egoten dira ugaltze-populazioak: lezkari arrunta, sasi-txori arrunta, ihi-txoria, errekatxindorra, txirriskila, karnaba, txorru arrunta, kaskabeltz handia, zozo arrunta, birigarro arrunta, etxe-txolarrea, landa-txolarrea.
|