Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Biodibertsitatea
  6.  
  7. Txingudi

WAI-A

2005eko urtarril-otsaileko hegaztien jarraipena


Fenologiari dagokionez, negu bete-betea eta, beraz, populazioak egonkor inguruan. Metereologiari dagokionez, berriz, negu gorria, elkarren segidako hainbat hotzaldirekin; horien ondorioz, tenperatura asko jaitsi zen eta elur bustia izan zen eskualdeko behe kotetan (mendiak eta haranak); itsas mailara ere heldu zen hori behin edo behin. Hala ere, eguraldia horrek ez zuen izan isla berezirik hegazti komunitatean, ohiko ildoari jarraitu baitzion horrek, hegoaldeko hainbat bisitariren salbuespenarekin.

2005eko urtarrilaren lehenetik aurrera, hegazti komunitatearen jarraipena egin zuten Txingudiko bi gunetan, Plaiaundin eta Jaizubian, berrikuntzak egin baitzituzten azken horretan.  Beraz, bi inguru horietan egin zituzten erroldatzeak. Bana astean, Plaiaundikoa lehenetsiz.

PLAIAUNDI

Aliota txikia (2 ale I-1 arte, 2004-XII-4tik han zeudenak) eta aliota handi bat, azken hilabeteetan han inguruan maiz ibilitakoa, ikusi zituzten. Horiekin batera, baita txilinporta lepabeltza (7 ale gehienez, I-3an), murgil handia ( 3 ale II-8an) eta txilinporta urrebelarria (2 ale I-15 arte, ondoren bakarra) ere. Negualdi arrunta izan zuen ubarroi handiak: 23 ale gehienez ere (II-17).

Populazio egonkorrak koartza hauskararenak (17 ale gehienez II-26an) eta koartzatxo txikiarenak (18 ale gehienez I-27an).Koartzatxo itzainaren kasuan, presentzia arrunta; 12 alerainoko multzoa (I-19) lotarako lekuan (urmael geza). Koartza gorriaren presentzia goiztiarra (2 ale II-19)

Mokozabal ale batek negupasa egin zuen, eta espezie horretako hainbat ale pasatu ziren otsailaren erditik aurrera (10 ale inguru). Amiamoko zuriaren pasea ere izan zen (ale bat I-23an eta beste bat II-25ean). Beltzaranaren egoera ezohikoa izan zen: 2004-05eko neguan inoizko kopuru handiena behatu zuten Txingudin: 2 ale I-24an eta beste bi II-18an (litekeena da ale berak izatea).

Anatidoei dagokienez, basahateaz gain (55 ale gehienez I-25ean), zertzeta arrunt taldeak (66 ale gehienez I-18an) ikusi zituzten; bestalde, presentzia erregularra izan zuten murgilariak ( 2 ale II-3 arte, eta ondoren, ale bat hil amaiera arte), ipar ahateak (4 ale aldi osoan) eta ahate mokozabalak (7 ale gehienez  I-31n). Aldizka ikusi zituzten ahate txistularia (2 ale I-31n) eta ahate buztanluzea (2 ale gehienez ere I-25ean). Noiz edo noiz agertu zen paita arrunta (3 ale II-17an). Antzara hankagorriztaren pasea apala izan zen (6 ale gehienez II-19an).

Eguneko hegazti harrapariei dagokienez, zapelatza agertu zen nahiko maiz parkean. Limoetako hegaztien artean, negualdiko ohiko multzoa ikusi zuten  ugarienetatik urrienetara , ondorengo espezieek osatutakoa: txirri arrunta (292 ale  gehienez II-3an), istingor arrunta (47 ale gehienez I-3an), harri-iraularia (34 ale gehienez II-3an), txirri grisa (33 ale gehienez I-18an), bernagorri arrunta (21 ale gehienez I-15ean), txirritxo handia (9 ale gehienez I-11n), kurlinta handia (7 ale gehienez I-11n), kuliska buztanbeltza  (4 ale aldi osoan), kuliska zuria (3 ale gehienez I-3an), kuliska txikia (2 ale gehienez II-17an), kurlinta bekainduna (ale negutar bat), itsas mika (ale negutar bat). Honako hegazti hauen presentzia, noizbehinkakoa: hegabera (25 ale I-26an), abozeta (ale bat I-25ean), kuliska gorria (ale bat I-3an), atalarra (ale bat I-11n), txirri zuria (9 ale gehienez I-3an), bernagorri iluna (ale bat I-27an).

Laridoen artean, antxeta mokogorria izan zen ugariena (824 ale gehienez I-11n), eta kaio hankahoria (216 ale gehienez I-25ean) hurrena. Kaio ilunaren (25 ale gehienez I-25ean) eta kaio beltzaren (2 ale gehienez I-25ean) presentzia, erregularra. Ekaitzaren ondorioz, antxeta burubeltz multzo handiak (165 ale gehienez I-19an); presentzia erregularra baina etenekin antxeta txikiaren kasuan (ale bakarra baino ez). Antxeta hankabeltzari buruzko aipamen bat (ale bakarra I-23an). Delaware antxeta aipatu behar da, bitxia baita ( ale bat I-9an); baita kaio helgalzuri bat ere (I-1).

Multzo txikiagoa, zuhaiztietan.

Azkenik, paseriformeen artean ohiko multzo negutarra; espezie ugarienak txantxangorria, zozo arrunta, txio arrunta, arabazozo pikarta eta tarina izan ziren. Hezeguneekin duten lotura dela eta, dilindaria eta zingira berdantza aipatu behar dira. Hotzaldien ondorioz, ihesean zebiltzan hainbat espezie ikusi zituzten, durdula eta birigarro txikia, besteak beste.

JAITZUBIA

Jaizubiako hegaztien jarraipena hasiko dugu hemen, Plaiaundiko metodoa erabiliz:zuzeneko behaketagatiko erroldatzea hegazti ez paseriformeentzat, eta errolda ibilbidea (IKA) paseriformeentzat. Egokiena asteroko erroldatzea da, baina batzuetan ez da posible (otsailean, adibidez) eguraldi txarragatik eta bestelako obligazioak edukitzeagatik.

Orain gutxi berritutako ingurua da Jaizubia, goi estuarioko ibaitik itsasorako trantsizioko ezaugarriak dituena. Aurrez ikusitako habitatak (lezkaria, marearteko azalerak, zelai halofiloak, basoa eta  heskai erripario) garatze bidean daude, indusketak eta lur mugitzeak 2003ko azarotik 2004ko apirilera artean egin baitzituzten, eta espezie autoktonoen landatzeak, berriz, 2004-2005eko neguan. Beraz, inguru horrek ez du, oraindik, hartze gaitasun egokiena; gainera, landare pantaila isolatzaileen gabezia gehitu behar diogu horri.

Hala eta guztiz ere, 49 (urtarrila) eta 42 (otsaila) espezie ikusi zituzten. Horien %40 inguru ez paseriformeak, eta beste %60, berriz, paseriformeak. Paseriformeen protagonismoa azpimarratu behar da, paduretarainoko inguruaren ekarpenari esker (landazabal kantauriarra). Kopuruari dagokionez, patroi hori bera nabari da: ez paseriformeen kopurua txikia da eta paseriforemeena, berriz, handiagoa.

Ez paseriformeen artean, hainbat espezie erregularrak dira inguruan. Ugarienak antxeta mokogorria (70 ale I-14an), basahatea (27 ale II-11n), zertzeta arrunta (18 ale II-18an), uroilo arrunta (14 ale II-18an) eta txirri arrunta (13 ale II-11n) dira; horien ondoren datoz koartza hauskara, koartzatxo txikia, kopetazuri arrunta, istingor arrunta, ubarroi handia eta kuliska txikia. Presentzia irregularra dute, aldiz, ipar ahateak, ahate mokozabalak, uroilanda handiak, txilinporta lepabeltzak, kurlinta handiak, kuliska zuriak eta harri-iraulariak. Hainbat espeziek  (koartza hauskara, koartzatxo txikia, zertzeta arrunta, uroilanda handia, limoetakoak) marearteko guneak dituzte gustuko; beste batzuek (kopetazuri arrunta, ahate mokozabala, ipar ahatea) , berriz, nahiago dute San Joakin urmael geza.

Paseriformeen artean ohiko komunitate negutarra nabari da, Plaiaundikoaren parekoa, hainbat aldaketa eta ekarpenekin. Negu txirla, txantxangorria, arabazozo pikarta, etxe txolarrea,  landa txolarrea, txonta arrunta, karnaba eta tarina izan ziren espezie ugarienak. Hezegunearekin lotutako espezieak ere antzeman zituzten, dilindaria eta zingira berdantza, besteak beste.

 


 

Azken eguneratzea: 2006/11/15