Garaia negualdiaren amaierari eta estaltze aurreko migrazioaren hasierari dagokion aldi tipikoa da, eta bere ezaugarria da neguko taldeak pixkana murriztea eta espezieak eta kopuruak finkoak ez izatea, migrazioaren gorabeheren ondorioz.
Maximoa apirilean izan zen Plaiaundin, 84 espezierekin. Meteorologiari dagokionez, martxoan izandako euri, kazkabar eta haize denboraleak nabarmendu behar dira. Estaldura simetrikoa da bi guneetan, eta nahikotzat jo da.

Aldiaren mugarri nagusiak:
-
Martxoan zehar ordu arte egonkorrak ziren neguko taldeak pixkana murrizten hasi dira; hori garbi ikusten da hainbat espezietan, tartean txirri arrunta, zertzeta arrunta edo ubarroi handia. Berandu arte geratu dira 2 buru aliota handi (III-28) eta 1 buru (IV-29).
-
Espezie askorentzat migrazio mugimenduak hasi dira: zankaluzea, abozeta, kurlinta bekainduna, bernagorri arrunta, kuliska zuria, harri iraularia, atalarra, txirri grisa, kuliska iluna, kuliska txikia, koartza gorria, amiamoko zuria, mokozabala, arrano arrantzalea, amiltxoria, txenada mokogorria, udako zertzeta, txenada hankabeltza, pagausoa eta beste hainbat.
-
III-20ko denboraleak larido kopuru handiak utzi zituen (kaio iluna, antxeta burubeltza), eta ohikoak ez diren hainbat espezie ikusi ziren, esaterako, antxeta hankabeltza eta antxeta txikia.
-
Apirilaren erdialdean esternidoak igaro ziren: txenada hankabeltza, txenada arrunta, txenada txikia (Plaiaundi) eta 2 buru itsas enara musuzuri, Jaitzubian IV-18an.
-
Anatido bitxiak ikusi ahal izan dira: 1 buru zertzeta amerikar (presente IV-7tik IV-18ra) eta 1 buru aix sponsa (13-IV)
-
Paseriformeen artean, ugarienak dira enara arrunta, txantxangorria, txio arrunta, txonta arrunta, txinbo kaskabeltza, uhalde enara, karnaba, birigarro arrunta eta etxe txolarrea. Apirilean migratzaile transahararrak iritsi dira: lezkari arrunta, benarriz arrunta, urretxindorra, euli txori beltza, euli txori grisa, sasi txori arrunta, sasi txinboa, baso txinboa, txio horia, larre buztanikara eta beste hainbat. Nabarmentzen dira hainbat kontaktu benarriz nabar eta 1 buru urretxori.
|