Behin lanak amaitu ondoren (lur-mugiketa) eta zonaren errekuperazioa azkartzeko, 2004ko negua eta 2005eko udaberria bitartean zuhaitzak eta zuhaixkak landatu dira, habitatak egiten lagundu eta bideetan landare-pantailak egingo baitituzte. Erabilera publikoari dagokionez, informazio-etxola bat eraikiko dute eta bankuak jarriko dituzte paseoan. Honez gain, ingurumen-hezkuntzako jarduerak eta gidaturiko bisitak antolatuko dituzte. Bestalde, hegaztien aldizkako zentsuak egiten hasi dira, fauna-komunitatearen eboluzioa neurtu ahal izateko. Honekin batera, itsas-ingurunearekin erlazionaturiko ornogabeen kolonizazioari buruzko ikerketa hasi dute, lokatzean laginketa eginez. Bi adierazle hauen emaitzek, eta beste batzuen jarraipenak –landarediaren garapena, uraren kalitatea, etab.- Jaitzubiaren pixkanakako errekuperazioa ebaluatzea ahalbidetuko dute.
Garrantzia handiagoko proiektuei dagokienez, Jaitzubiako bideen egungo sarea handitzeko aukera aztertzen ari dira. Honez gain, Jaitzubia Plaiaundiko Parke Ekologikoarekin lotzeko oinezkoentzako pasaguneak egin nahi dituzte. Azken proiektu honi esker, padura zonatan 6 kilometroko ibilbide autogidatua egin ahal izango da, eta bertan, naturari eta ondare historiko eta kulturalari buruzko interpretazio-panelak jarriko dira.
