
Txingudi topalekua dute ibilbide desberdinak egiten dituzten hegazti askok, bertan biltzen baitira Pirinioak zeharkatzeko: itsas hegaztiak, uretako hegaztiak datoz kostalde ertzetik barrena, eta harrapari eta paseriformeak barrualdean dabiltza. Horiei esker, padura umil hau hegaztientzat enklabe garrantzitsuen bihurtu da, bidaian pausaleku eta bide batez elikagaia bilatzeko tokiaz gainera, negutea emateko leku aproposa baitute. Kromatismoz beteriko ikuskizun paregabea osatuko dute hegazti horiek noiznahi.
Ur gezek eta gaziek besarkada aberasgarrian bat egiten dute, arrain, anfibio eta hegaztien elikagai izango diren ornogabe ñimiñoen bazka oldeka bilduz, katea trofikoari etengabe eraginez. Ez da txiripa: Txingudik euskal itsasertz osoko hegazti aniztasun handiena biltzen du.
|
|
Toki baliotsu hori gizakiari ere erakargarri egin zaio: horren seinale, antzina-antzinatik izan dira bizitegiak badia horretan eta egun ere hiru hiritako (Irun, Hendaia eta Hondarribia) ateak zabaltzen dira bertara; urbanizazioaren eta industriaren ondoriozko kutsaduren arriskuak saihestea lorpena da, beraz.
Gazitasunera egokitu eta espezie berdingaberen batez nabarmenduriko padura eta lezkadiko landarediak Txingudin geldialdia egiten duten 288 espezie baino gehiagori eskaintzen die aterpe eta babes, mokozabalen edota benarrizen populazio ugariek frogatzen dutenez. Anatido, ardeido, limikola eta harrapariez gainera, Txingudin habia egiten duten txori txikien populazioak ere kontuan hartzekoak dira. Gogora ditzagun, besteak beste, zingira-bergantza, lezkari arrunta eta Euskal Herri osoan ugaltoki bakarra Txingudi duen benarriz gorrizta.
Uretan kolakak, itsas amuarrainak eta izokinak dabiltza eta, areago, espezie mehatxatutzat katalogatua dagoen arrain hiruarantza ere arrabak bota eta ugaldu egin da. Apo lasterkaria eta hainbat ugaztun ere (ipurtatsa, desmana eta ur-arratoia, adibidez) Txingudiko biztanle dira.
|