Bidasoa Behea eskualdea itsasadarrean isurtzen den arro hidrografikoak mugatzen du: Bidasoa ibaiari Jaizubia, Olaberria eta Ibarrolako erreka eta ubideak bezalako beste ibilgu txikiagoak gehitu behar dizkiogu.

Horren emaitza, itsasadarrek, herriak hartzen dituzten bailarek eta inguruko mendiek osatutako multzoa izango da. Hegoaldean, Bortziriak-Aiako Harria mendigunea dago; mendebaldean, Jaizkibelgo kostaldeko mendilerroa; iparraldean, Bizkaiko Golkoa eta ekialdean, berriz, kostaldeko flysch kretazikoa eta Hendaia nahiz Biriatuko muino eta haran triasikoak.
Hala, ibilbide labur batean, Aiako Harriko erliebe menditsuetan, Jaizkibelen edo Txoldokogainean hasi, topografia leun eta uhinduko bailara eta mendixketatik jaitsi, eta itsasadarreko lautada alubialean amaitu daiteke.
Azaldutako unitate bakoitzak bere paisaia berezia du. Horrela, kota altuenetako eremuek mendeetan zehar pairatutako deforestazioaren eta abeltzaintzaren presioaren aztarnak erakusten dituzte eta, ondorioz, antzina hostozabaleko basoak izandako lekuetan, larre menditar eta txilardi-otadi azalera zabalak agertzen dira. Etengabeko bailarez eta mendixkez osatutako mendi oinean dagokion nekazaritza-unitateak kokatu ohi dira: baserria da protagonista, larre, baso, hesi eta landazabaleko paisaiako konifera-landaketak bezalako labore atlantikoekin batera.
Azkenik, estuarioaren inguruak Hondarribia, Hendaia eta Irun hartzeko erabili dira, egun eraldaketa handia pairatutako ingurunea izaki; izan ere, antzinako padurek elkarren artean isolaturik dauden zatitan bizirauten dute maiz.
|