Espezie nagusia: haritza. Quercus robur
Espezie elkartuak: lizarrak, laritzak, hurritzak, elorri zuriak, elorri beltzak, zuhandorrak eta sasiak, harizti mesotrofoetan. Gaztainondoak, urkiak, gorostiak eta zumalakarrak, harizti oligotrofoetan.
Txoko ekologikoa: harizti mesotrofoak, berez baso higro-mesofitikoak, neutrofiloak edo hein batean basofiloak izanik, mantenugai ugari duten lur sakonetan garatzen dira. Harizti oligotrofoak, aldiz, lur elkorretan egokitzen dira.
Kontserbazio egoera: Eskuarki ordekan eta haranburuetan okupatzen zituzten lurren erabilera ahigarriak honelako basoen iraupena galarazi du, larre, soro eta baratze bilakatu baitira sail gehienak. Hariztiak, gaur, lehenaldi hartan estaltzen zuen parte txiki bat baizik ez du betetzen.
Elkarte fitosoziologikoak: Polysticho setiferi-Fraxineto excelsioris S., Hyperico pulchri-Querceto roboris S eta Crataego laevigatae-Querceto roboris S.
Deskribapena
Euskal Herrian Kantaurialdera begira dauden haran eta hegietan egon dira hariztiak, lur jori sakonetan. Horren ondorioz, era askotako lore ugaritasuna agertzen da, bai baso denean, baita geroagoko endekapen etapetan ere. Harizti mesotrofo edo "baso atlantikoak" deritzen horiek hainbat espezietako zuhaitzek osatzen dituzte (haritzak, laritzak, lizarrak, gaztainak, etab.). Egun kontserbazio egoera prekarioan daude, area potentzial horiek belardi, soro eta baratze gisa baliatzen baitira.
Bada kantabriar harizti hauen aldaki azidofilo bat baina, horrelakoetan, berariazko joritasuna dezente murritzagoa izaten da. Zuhaitz masetan haritz kandunduna nagusi delarik, egun baso trinko baino maizago baso bakanetan aurki dezakegu, ordezkapenezko sastrakaz tartekaturik: otea, txilarra, otabera arrunta, etc. Okupatzen dituen lurrak elkorrak diren arren, formazio honen area potentzialei gizakiak sekulako aldaketa eragin die, belardiak eta hazkuntza azkarreko hainbat zuhaitz espezie bertara aldatuta.
Hariztiak Euskal Herriko isurialde mediterranearreko haran batzuetaraino hedatzen dira, bertan irauteko baldintza zorrotz baina egokiak baitituzte: hidromorfia zantzuak agertzen dituzten ordekako lur lau eta sakonak, alegia. Hauetako lore osaketa kantabriar harizti mesotrofikoen berdintsua da, baina horietan ez bezala, kontinentaltasun latzagoaren ondorez, ez daude hainbat taxon termofilo. Basook euskailu duten lurren izaera eta topografiak halakoak izaki, zuhaitzen ordez labore, patata eta bestelako hazkuntzak ezarri dira. Dena den, honelako basoak hainbat barrutitan kontserbatu dira: Izarrako hariztia eta Arabako lautadako "irla-baso" izenekoak, esate baterako. Haritz kandundunez osatutakoak baino askozaz ere urriagoak dira haritz kandungabeak. Espezie honetako ale bikainenak Gorbeian eta Aizkorriko iparreko hegian ditugu, 500 eta 800 metro bitarteko altueran. Baso honen lore osaketa eta harizti azidofiloena oso tankerakoa da.
Aurkibidera itzuli
|