Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Biodibertsitatea

WAI-A

Basoak EAEn. Pagadiak


pagadia

Espezie nagusia: pagoa. Fagus sylvatica

Espezie elkartuak: gorostia eta otsalizarra, pagadi oligotrofoetan. Hurritza, elorri zuria, hostazuria eta elorri beltza, pagadi basofilo eta onbrofiloetan. Rosa eta ezpel generoko espezieak, pagadi basofilo eta xerofiloetan.

Txoko ekologikoa: pagoak duen balio ekologiko zabalari esker oso ezaugarri edafiko eta topografiko desberdinetako biotopoetan aurki dezakegu. Euskal Herrian, adibidez, hiru pagadi mota ditugu: erdialde eta iparraldeko mendietan, hezetasun handi-handiko onbrokliman, pagadi oligotrofoak ugaltzen dira. Goi mendiko lur sakon eta joriak pagadi basofilo eta onbrofiloek okupatzen dituzte landaredi nagusitzat. Kareharri gogorrez osaturiko lurraldeetan -Euskal Herriko hegoaldeko mendilerroetan, esate baterako-, urteko prezipitazioak 1.200 mm-tik behera dituzten pendiz latzeko hegietan pagadi basofilo eta xerofiloak agertzen dira.

Kontserbazio egoera: altuera handiko tokietan ugaltzen direnez -600 metrotik gorakoetan, eskuarki-, pagadien kontserbazio egoera ona dela esan daiteke, Araban batik bat, gainerako baso eta formazio naturalen aldean hauek askozaz ere zigor gogorragoak nozitu baitituzte.

Elkarte fitosoziologikoak: Saxifrago hirsutae - Fageto S. eta Carici sylvaticae - Fageto S., Epipactido helleborines-Fageto S.

Deskribapena

Hezetasun handieneko onbroklimetan, mende aldean bereziki, nagusitzen da pagoa. Euskarri duten lurzoruko substratuaren arabera, pagadiak bitan sailkatzen dira: kaltzikolak eta azidofiloak. Aurrenekoak era askotako lore osaketa joriak apaintzen ditu eta bertan tradizioz ganadua sartu izan da, larredi edo belaze zabal-zabalak sortaraziz, Aizkorri, Aralar edota Gorbeiako mendilerroetan ederki ikusten den bezala. Larreak, zuhaitz-unada eta basoaren hurrengo etapei dagozkien formazioak -hala nola mendiko elortegi eta txilardegiak- tartekatzen dira horrelako larredietan.

Azidotasun hori substratutik zuzenean xurgatu delako edo lixibazio ugari baten ondorio delako, azidoago diren lurzoruetan dautza pagadi azidofiloak. Horrelakoetan oihanpea ez da trinkoa, pagoen adaburuen itzalpe naroak erabat baldintzatuta daukalako. Soilguneetan eta basoaren hurrengo endekapen etapetan garoa, otea eta txilar zuhaixkara ugaltzen dira, bestelako zuhaitz espezie batzuk ere ohikoak direlarik, hala nola urkia eta hostazuria. Honelako pagadiak maiz larre eta bazkaleku oparo bihurtu direlarik, goialdeetan alpetar espezie bikainenak sartu izan dira, hala nola oreindarra eta antzekoak.

Amaitzeko, Arabako hegoaldeko mendilerroetan, kareharri gogorrak agertzen dituzten pendiz handiko erpinen inguruetan bada beste pagadi mota bat ere, "xerofilo" izenekoa. Honelako basoan, hezetasun eskasaren ondorioz, goian aipaturiko beste bi pagadietan ohikoa den floraren ordez bestelako espezieak agertzen dira, tartean hainbat orkidea genero nabarmentzen direlarik. Pagadi honek euskarri duen lurra biziki anfraktuosoa izaki, bestelako erabileretan baliatzea batere kontu errazik ez denez.

 

 Aurkibidera itzuli

 

Azken eguneratzea: 2006/12/11