Lehenik eta behin eskaera eta salaketa kontzeptuak bereiztu behar dira:
Eskaera honako kasu hauetan erabil daiteke: iradokizunak, ekimenak eta informazioa jakinarazteko edo kexak eta erreguak adierazteko; beti ere, eskaera, kexa edo iradokizun horiek aurkezteko legeak prozedura zehatza ezarri ez badu. Eskatzeko eskubidea banaka zein taldeka erabil daitekeen oinarrizko eskubidea da eta eskubide hori erabiltzeak ezin izango dio kalterik ekarri eskatzaileari.
Salaketaren bidez, edozein pertsonak organo administratibo bati legehaustea izan daitekeen gertaera jakin baten berri ematen dio, legeak hala behartuta ala ez. Salaketaren ondorioz administrazioak zehatzeko prozedurari hasiera ematea erabaki dezake eta erabaki hori jakinarazi beharko dio salatzaileari, horrek salaketa aurkeztean zehapen-espedientea hasteko eskatu badu.
Bai eskaera bai salaketa aurkeztu beharko zaizkio organo eskudunari edo aldi berean gai horretan eskudun izan daitezkeen organo guztiei. Nolanahi ere, idazkia hainbat lekutan aurkez daiteke.