Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrola

WAI-A

Zertan datza kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua?


Kutsatzeko ahalmen handia izan dezaketen instalazioei (, 66 Kb) aplikatzen zaizkien neurriek osatzen dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol bateratua. Mekanismo hori kutsadura iturritik bertatik prebenitzean datza eta bere helburua da jarduerek baliabideak modu egokian kudeatzea eta ahalik eta hondakin eta emisio gutxien sortzea, bai atmosferan, bai uretan, bai lurzoruetan.

Aipatutako neurriak eta erregimen berri hori bete behar duten instalazioak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuari buruzko 16/2002 Legeak ((117 Kb) arautu ditu. 16/2002 Legeak barneko ordenamendu juridikoan sartu du 96/61/CE zuzentaraua, hots, IPPC zuzentaraua (Integrated Pollution Prevention and Control).

96/61/CE zuzentarauak, eta horren ondorioz, 16/2002 legeak hainbat berrikuntza finkatzen dituzte industria-kutsadura murrizteko.

 

Ingurumenaren eta kutsaduraren ikuspuntu bateratua

 

IPPC zuzentaraua indarrean egon arte, Europako eta Espainako ingurumen-legediak inguruneak (ura, lurzoruak, atmosfera) banaka babesten zituen eta bakoitzari zegozkion emisioen muga-balioak ezartzen zituen. Arau berriak direla eta, kutsadura prebenitzen, murrizten, eta ahal den neurrian, desagertarazten saiatzen da, kutsadura eragiten duten prozesuak batera aztertuz eta neurriak fokoetan bertan hartuz.

 

Ingurumen-baimen bateratu bakarra izapidetu eta ematen da

 

Halaber, IPPC zuzentaraua indarrean egon baino lehen, instalazioak martxan jartzeko hainbat ingurumen-baimen izapidetu behar izaten ziren (hondakinak sortu eta kudeatzeko baimena, emisioak aireratzeko baimena, isurketen baimena, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko ebaluazioa, eta abar.). Baimen horietako batzuk administrazio bereko zenbait organok ematen zituen eta beste kasu batzuetan, aldiz, baimenak administrazio ezberdinek ematen zituzten.

 

Baimen bateratu berriak aipatutako baimen guztiak prozedura batean biltzen ditu eta ingurumen-baimen bateratu hori ematen parte hartzen duten administrazio guztiak koordinatzeko mekanismoa ezartzen du. Horrela, enpresak baimena lortzeko egin behar dituzten izapideak errazten dira eta industria-jarduerek duten eragina hobeto kontrolatzen du administrazioak.

Jarduera bakoitzari emisioen muga-balioak ezartzen zaizkio, teknika erabilgarri onenetan oinarrituta. 

Baimena ematean jarduerei emisioen muga-balioak ezarriko zaizkie, jarduera bakoitzari dagozkion teknika erabilgarri onenak kontuan hartuta. Emisioen muga-balioak eta TEO erlazionatuta egoteak ez du esan nahi teknika jakin bat nahi eta ez erabili behar dela, baizik eta teknika horien bidez lor daitezkeen emisio-mailara edo ingurumen-kalitatearen estandarretara iritsi behar dela. Beraz, muga-balio horiek denbora pasa eta teknikak hobetu ahala aldatu eta murriztuko dira.   

Emisioen muga-balioak finkatzeko TEOak ez ezik hainbat faktore ere kontuan hartuko dira, hala nola:

  • Instalazioaren ezaugarri teknikoak
  • Kokapen geografikoa.
  • Bertako ingurumen-baldintzak

Ingurumen-baimen bateratuaren espedienteei eta foko eta emisio kutsatzaileei buruzko informazioa jendaren eskura jartzen da.

Administrazioak jendearen eskura jarri beharko du instalazioei buruzko honako informazio hau:

  • Baimendutako emisioen muga-balioak eta balio horiek finkatzean kontuan hartu diren bertako baldintzak.
  • Teknika erabilgarri onenak.
  • Instalazioaren ezaugarri teknikoak.
  • Ingurumen-baimen bateratuan ezarritako neurriak.

Halaber, administrazioak enpresek urtero instalazioen emisioei buruz eman behar dituzten  datuak jasotzeko erregistro publikoa (EPER erregistroa) eduki behar du.

 

 

Azken eguneratzea: 2006/02/15