Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Airea eta Zarata

WAI-A

Aurrekariak eta eboluzio historikoa


EAEko airearen kalitatea kontrolatzeko sareak 70eko hamarkadan ditu aurrekariak.

Atmosferaren poluzioaren problematikak sortzen duen kezkak 1968ko urrian izan zuen gailurra, Erandioko liskarrak zirela eta; bertan, ingurugiroaren egoera txarrari hildakoak eragin zituzten herri-manifestazioak gehitu zitzaizkion. Gertaera horien ondorioz, 1970ean inguru horretan lehenengo neurketak egin ziren irudian agertzen den eskuzko kaptadorearen antzekoekin.

1972ko abenduan Atmosfera Ingurugiroa Babesteko 38/1972 Legea onetsi zen, eta 1975eko otsailean Lege hori garatzen duen 833/1975 Dekretua; bi arau horiei esker, arlo horretan legeriak zuen hutsunea bete egin zen, eta airearen kalitatea kontrolatzeko prozesua katalizatu egin zen topografia konplexua zuen eta kostaldez inguratuta dagoen lurraldean.

1975. urtea, bestalde, etapa historikoa izan zen garai hartan Corporación Administrativa Gran Bilbao zenaren, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren eta Meteorologiako Institutu Nazionalaren artean sinatu zen akordioari esker. Izan ere, akordio horren bidez Bilbo Handian instalatu zen lehenengo Airearen Kalitatea Kontrolatu eta Zaintzeko Sare Automatikoa gauzatu zen; sare hori lehena izan zen estatuan eta Europa osoko lehenetarikoa ere bai. 1976. urtean zehar Ente Administrativo Gran Bilbao delakoak kudeaturiko proiektuaren lehen fasea osatzen zuten 12 urruneko estazioetatik lehenengoak abian jarri ziren.

Hasierako urruneko estazioetatik honako leku hauetan jarritakoak daude: NAUTIKA (Portugalete) BABCOCK & WILCOCX (Sestao), ZORROTZAKO HILTEGIA, IRLA, ERAKUSTAZOKA, ERANDIO, ELORRIAGA, SANTA MARINA, OGASUNA, MIRASOLEKO KONTEA (Bilbo), SONDIKA (aireportua) eta NEGURI (Areeta). SO2 poluitzailea neurtzen zen, inguruko poluzioaren trazatzailea zen aldetik, eta horretarako PHILIPS ekipoak erabiltzen ziren, garai hartan aitzindariak baitziren neurketa automatikoan. Metodo coulombimetroa erabiltzen zuten, eta IBM ordenagailu zentral bati denbora errealean konektatuta zeuden. Ordenagailu hark 5' oro bat bateko informazio zehatz eta integratua eskatzen zuen.

Gogoratu behar da Bilbo Handiaren inguruan eta 15 x 10 Km-ko eremu geografikoan siderurgia integrala, bi zentral termiko, piriten txigortzean oinarrituriko sulfurikoen instalazioak, findegia, hainbat enpresa kimiko, zementu-fabrikak, beira-fabrikak, etab. zeudela. Horri guztiari ia milioi bat biztanle eta egunetik egunera trafiko astunagoa zituen hiriaren eta industriaren multzo handia gehitu behar zaio.

1977ko abenduan Bilbo Handia atmosfera poluituko inguru deklaratu zenean, kontroleko neurriak eta ekintza zuzentzaileak indartuz joan ziren. Ildo horretatik, 1978an egin zen Bilbo Handiko Atmosferarako Saneamendu Plana nabarmendu behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onetsi ondoren, aginte autonomikoek ingurugiroko eskumenak beren gain hartu zituzten eta EAEko airearen kalitatea kudeatzeari ekin zioten, 1981eko apiriletik maiatzera bitartean Corporación Administrativa del Gran Bilbaok bere sare automatikoa transferitu zienean.

Kudeaketa horretako alderdirik esanguratsuenak honako hauek dira:  

  • Nerbio Behereko eta Ibaizabaleko igorpenen inbentarioa eguneratzea (1979. urtea)

  • Nerbioi-Ibaizabal inguruan poluitzaileen dinamika eta sakabanatzearen azterketa, eta inguru horren karakterizazio meteorologikoa (1982. urtea)

  • 1984tik aurrera zaintzako sare automatikoa pixkanaka-pixkanaka hedatuz joan zen.

  • Sentsoreen sarearen sistema informatikoa ordezkatzea eta urruneko estazioen kopurua 17ra handitzea (1986. urtea)

  • Nerbio-Ibaizabaleko inguruan aldizkako sakabanatze-egoeren eredua ateratzea: Atmosferaren Saneamendu Plana (1988. urtea)

  • Nerbioi Behereko eta Ibaizabaleko Airearen Kalitatea Kudeatzeko Plana (1990. urtea)


Nerbioi Behereko eta Ibaizabaleko Airearen Kalitatearen Kontrola finkatu ondoren, kontrol hori EAEko gainerako inguruetara zabaltzeko beharra hauteman zen. Horretarako, aldez aurretik kontrolatu beharreko inguruen diagnostikoa eta karakterizazioa egiteko azterketak egin dira.

Azterketa horien eboluzioaren ondorioz, honako hauek ezarri ditugu:

  1. Debaren arroako atmosferaren saneamendu-plana (1991)
  2. Nerbioi Garaiko atmosferaren saneamendu-plana (1992)
  3. Donostialdeko eta Arabako Lautadako atmosferaren saneamendu-plana (1993)
  4. Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen hedapen berria (31 estazio), Bilboko Udalaren estazio automatikoak barne hartuz(1994)
  5. Ibaizabal eta Oria ibaien saneamendu-planak (3 estazio) (1996)
  6. Nerbioi Garaiko, Debako, Donostialdeko eta Arabako Lautadako azpisareen instalazioa (9 estazio) (1995)
  7. Ibaizabal eta Oriako azpisareen instalazioa (3 estazio) (1996)
  8. Gipuzkoako Foru Aldundiaren estazio automatikoak eranstea, Urola eta Bidasoako azpisareen instalazioa, eta Arabako Lautadako estazioak hedatzea (8 estazio) (1997)
  9. Hondoko estazioen instalazioa (3 estazio) (1998).

mapa de evolución

 

Azken eguneratzea: 2007/08/22