Euskal Autonomia Erkidegoa Iberiar Penintsularen iparraldean dago, kantabriar kostaldearen ekialdean. 7.233 Km2-ko azalera du, eta 2.098.055 biztanle inguru bizi dira bertan (390 biztanle/Km2).
Bere geografiari dagokionez, EAE kantabriar kostaldearen eta Ebroren bailararen artean kokatzen da; mendebaldean kantabriar mendikatea du eta ekialdean Pirinioak, hegoaldean iberiar sistemakoak diren Demandako mendiguneak eta Sierra Cebollera ditu.

Egoera honen ondorioz, mendi eta ibarren sareak haizeak desbideratzen ditu eta hodeiak iparraldetik hegoaldera eta alderantziz egiten duten ibilbidean geldiarazi egiten ditu. Iparraldetik sartzen den airea, epela eta hezea nahiz hotza eta lehorra delarik ere, burdinsare orografikoan zehar igaro ondoren ipar-mendebalderantz (Ebroko bailaran zehar) eta ipar-ekialderantz (Dueroren arroatik eta Goi Mesetatik sartuz) joaten da.
Bestalde, penintsularen barruko aldetik datorren airea, hego-mendebaldeko (Atlantikoko denboraleari lotua) edo hego-ekialdeko (Mediterraneoko denboraleari lotua) aire epela eta hezea delarik nahiz bero-boladei loturiko aire lehor eta beroegia delarik ere, euskal mendiak igaro ondoren kostaldera lehor eta hodeirik gabe iristen da, tenperatura altu eta giro eguzkitsuarekin.
Kantabriar kostaldea muxarratua eta malkartsua da, eta parean itsaso zakarra du; Bizkaiko golkoaren kurbadura ahurrak ziklogenesia laguntzen du eta, beraz, bertan ekaitz gogorrak osatzen dira edo, bertara osaturik iristen badira, han gogortu egiten dira.
Bestalde, kostaldeek bat bateko muga osatzen dute oso tenperatura-aldaketa desberdinak dituzten azaleren artean, hori gertatzen baita euskal kostaldean. Lehorreko eta itsasoko tenperaturen arteko desberdintasunek brisa-zirkulazioa eragiten dute lehorraren eta itsasoaren artean.
Ingurune geografikoari dagokionez azpimarratu beharreko beste alderdi bat mendiak eta bailarak dira, horiek ere zirkulazio termikoa eragiten baitute, "eguneko zikloarekin".
Mendiek, muinoek, haranek, baita hiri handietako eraikinen altuera desberdinek haizeen abiadura mantsotu egiten dute, eta airearen mugimendu horizontala murriztu egiten dute. Hori dela eta, poluitzaileen sakabanatzea airearen mugimendu bertikalaren menpekoa da.
Euskal kostaldearen iparraldeak itsasoaren eragin zuzena jasotzen du eta klima leun eta hezea du; aitzitik, hegoaldeak mesetaren eta Ebroko bailararen eragina duenez, lehorragoa eta eguzkitsuagoa da.
Berezitasun horiek guztiek eragin nabarmena dute Euskal Autonomia Erkidegoko airearen kalitatean.
|