Zarata kontrolatzeko irtenbideak honako ataletan sailka daitezke:
- planeamendua
- igorpena
- barreiatzea
- inmisioa
Zalantzarik gabe, lehenengoa funtsezkoa da ingurugiro-zarata kontrolatzeko, aipatu dugun bezala muga onargarriak ezartzea lurzoruaren erabileren arabera egin behar baita. Hori dela eta, lurzorua antolatzeko planetan zarataren kontzeptua sartzea ezinbestekoa da.
Beste hiru puntuek edozein sorburutatik datorren zarataren maila murrizteko egin beharreko jarduerak adierazten dituzte, lehentasunaren arabera. Igorpenean esku hartzeak du lehentasun handiena, arazoaren sorburuan bertan jarduten denez, onura orokorra baita. Atal horretako irtenbideak sorburu-motari lotuta daude zuzenean, igorpena moteltzeko zarata sorrarazten duen prozesuaren gain jardungo baitute: makina isilagoak, kapsularatze isilak, ibilgailuen abiadura murriztea, horren zaratatsuak ez diren zoladurak erabiltzea, etab.
Barreiatzean jarduteak oro har oztopoak ezartzeari egiten dio erreferentzia, zarata maila handiek eragiten dieten hartzaile sentikorrak dauden noranzkoan barreiatzea eragozteko. Irtenbide horiek barrerak edo pantaila akustikoak dira. Beste irtenbide batzuk ere sar litezke atal honetan, adibidez, zenbait hiri-inguru beren kalitate akustikoa hobetzeko diseinatu eta egokitzea.
Azkenik, inmisioaren aurkako babesa lortzea ez da horren eraginkorra, eraginpeko eraikinen fatxadetan isolamendu handiagoa jartzean oinarritzen baita, eta isolamendu horiek hobetzen diren lokalak bakarrik babesten baitituzte, eta leihoak itxita daudenean bakarrik.
Kasu bakoitzean egokiena den irtenbidea hautatzeko garaian beste faktore-mota batzuk ere hartu behar dira kontuan, esate baterako: zarataren sorburuaren funtzionamendua, kostua, estetika, babesten den populazioa, etab.
|