Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2011/10/17

Abian da IBAI LAGUN 2011, Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko boluntarioen programa

Besteak beste, Deba ibaia garbitzeko lan-saioak burutuko dira eskualdeko 8 herrietan eta datorren urriaren 31ean amaituko da epea boluntario gisa izena emateko.

Iturria: Debegesa

Debegesaren Deba eta Ego Ibaiak Berreskuratzeko eta Balioa emateko Programa Integrala. BIZIGURA Uraren Euskal Agentziaren laguntzarekin aurrera jarraitzen du. Bere baitan Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak Ibai Lagun izeneko ekimena jarri du abian, Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko boluntarioen programa.

Hain zuzen, abiatu berri den ekimen honek, ibaiarekiko eta bere natur balioarekiko sentsibilizazioa sustatzeaz gainera, eskualdeko herritar guztien partaidetza du helburu, boluntario gisa parte har dezaten.

Programa honek bi lan-ildo ditu: batetik, espezie inbaditzaileen identifikazioa eta, bestetik, Deba Ibaia Garbitzeko I. Jardunaldiak antolatu dira azarorako.

Deba Ibaia Garbitzeko I. Jardunaldiak

Datorren hilabetean, azaroan, Deba Ibaia Garbitzeko I. Jardunaldiak burutuko dira eskualdeko 8 herrietan. Deba ibaian hondakin eta mota guztietako zaborra pilatzen da. Horren gainean sentsibilizatu asmoz, Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak Deba ibaia garbitzeko lansaioak antolatu ditu azaroaren 6rako eta 13rako. Horretarako, boluntario taldeak osatu nahi dira eskualdeko 8 udalerrietan.

Ibaia garbitzeko lan-saioak honako egunetan burutuko dira:

• Azaroaren 6an: Eibar, Mallabia, Ermua eta Soraluzen.

• Azaroaren 13an: Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutrikun

Debegesako Garapen Jasangarriko departamentuak dei egiten die eskualdeko herritar guztiei boluntario gisa izena eman dezaten.

Horretarako, 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo riodeba@debegesa.com helbidera idatzi, urriaren 31a baino lehen. 18 urtetik beherakoak heldu batek lagunduta joan beharko dute.

Espezie inbaditzaileen identifikazioa

Deba eta Ego ibaietan ugaldu diren espezie inbaditzaileak aurkitzen laguntzeko deialdia ere egin du Debegesak. Landare inbaditzaileek geure ibai bazterretan kalte handiak eragiten dituzte, hala nola, paisaia eraldatzen dute eta galera ekonomiko handiak sortzen dituzte azpiegiturak eta hiri-kanalizazioak hondatzen baitituzte.

Hiru dira Deba eta Ego ibaietan errotik kendu nahi diren landare inbaditzaileak: Cortaderia selloana, Buddleja davidii eta Fallopia japonica. Interneten, Debegesaren atarian, informazio osoa eta landareen argazkiak jaso daitezke, identifikatu ahal izateko.

Espezie inbaditzaileren bat topatuz gero, herritarrek 943 82 01 10 telefonora dei dezakete edo email bat idatzi riodeba@debegesa.com helbidera, landarea non dagoen adieraziz.

Informazioa gehiago:

Debegesa