|
 |
ibaialde Ingurumen Hezkuntzaren alorreko egitasmoa da, 1996an sortua. Bere xede nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko ibaietako ekosistemak ezagutaraztea da. Kanpaina honen bidez helburu hauek betetzea nahi da: ibaietako ekosistemetako ezaugarriak eta arazoak hobeto ezagutaraztea, ura bizitzarako zein garrantzitsua den ohartaraztea eta ibaiak eta erriberak kontserbatu beharraz sentsibilizatzea.
|
|
ibaialde egitasmoan lagun askok hartzen dute parte, batzuek talde antolatuetan (ekologistak eta naturalistak, kirol taldeak, ikastetxeak, aisialdiko taldeak, udalak...) eta beste batzuek euren kasa inongo talderik eratu gabe.
ibaialderen asmo nagusia talde eta lagun horiek euren inguruarekin zuzenean harremanetan jartzea da, ekosistema jakin bat modu eraginkorrean eta esperimentalean aztertuz. Horrek zera esan nahi du: parte hartzen duten taldeek eta lagunek ibaietara hurbildu, ongi aztertu eta galdera sorta xume batzuei erantzunez ibai horiei buruzko informazioa jaso behar dutela. Galdera sorta horietan ibaien ezaugarriak azaltzen dira: datu orokorrak, ezaugarri fisiko eta biologikoak, uraren kalitatea, zaborrik dagoen ala ez, eta inguruko eraikin historiko interesgarriei buruzko informazioa.
|
 |
|
Halaber, egitasmo honen bidez parte hartzaileei aztertutako lekuari buruzko emateko eta, nahi izanez gero, etorkizunean ingurua hobetzeko ideiak proposatzeko eta neurri zuzentzaileak eskatzeko aukera ematen zaie.
Urteko lehen hilabeteetan kanpainan parte har dezaketen guztiekin harremanetan jartzen gara, zein ibai aztertu nahiko duten jakiteko eta horrela ibaialden aztertuko diren ibaien sarea zehazteko. Udaberriaren hasieran bilera batzuk egiten dira parte hartuko duten talde eta lagunekin; bilera horietan irteera horiek nola antolatu behar diren eta landa lana nola egin behar den azaltzen zaie eta beharrezko materialak ematen zaizkie. Besteak beste, parte hartzaileek ondorengoak jasotzen dituzte: datuak jasotzeko galdera sorta, sistema urtarrei buruzko informazio osagarria duen koaderno bat eta uraren kalitatea zehazteko balioko duen kit bat, erabiltzeko erraza den material analitikoa duena.
ibaialden lagun asko biltzen dira eta horiei esker datu asko jakin ahal izaten dira. Datu horiek bateratu, ondorioak atera eta horrela Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiak zein egoeratan dauden jakin daiteke. Hain zuzen ere, bildutako informazio hori web orri honetan eta orain arte kanpainari buruz argitaratutako txostenetan biltzen da.
Isurialde hidrografikoak
Emaitzak interpretatzeko irizpide hidrografikoa erabiltzen da. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko ibaiek bi isurialde dituzte: batzuk Bizkaiko itsasoan itsasoratzen dira (isurialde atlantikoa); besteak, berriz, Ebroren Arroan ibairatu eta Mediterraneoan itsasoratzen dira (isurialde mediterraneoa).
Euskal Autonomia Erkidegoa mendikatea batek zeharkatzen du alderik alde, ekialdetik mendebaldera, Aralar mendilerrotik Salvada mendilerrora. Bi mendilerro horien artean Altzania, Urkila, Aizkorri, Elgea, Anboto, Gorbeia, Altube eta Urkabustaitz mendiak daude eta mendi horiek Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren iparraldea gainerako Euskal Autonomia Erkidegotik banatzen dituzte. Hain zuzen ere, mendi horiexek eragiten dituzte bi isurialdeen arteko funtsezko desberdintasun klimatologiko eta geografikoak.
Iparraldeko isurialdea
Iparraldeko orografia arroiltsua da. Kostaldetik gertu 1.200 metro bitarteko mendiak daude eta horietatik jaisten den urak ibar sakon ugarietatik itsasorako bidea hartzen du. Mendi horiek pantaila moduan jokatzen dute: Bizkaiko itsasotik datozen lainoak geldiarazten dituzte eta daramaten ura botarazten diete. Horregatik, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako iparraldeko leku batzuetako klima ozeanikoa da, hau da, tenperatura epelak eta prezipitazio ugari dituena. Ibaiak emaritsuak izaten dira eta Bizkaiko golkoan isurtzen dute ura..

Hegoaldeko isurialdea
Pixka bat hegoalderago Arabako Lautada dugu, hegoaldeko muturrean Arkamo mendilerroa eta Gasteizko mendiak dituena. Klimatologia azpiozeanikoa da, hau da, ozeanikoan baino euri gutxiagokoa. Horregatik, bertako ibaiak (Arabako gainerako guztiak bezala) emari txikiagokoak izaten dira eta urak lehenengo Ebro ibaira joaten dira eta gero Mediterraneo itsasora.
Hegoaldeko muturrean Errioxa Arabarra dago, Autonomia Erkidegotik Kantabriar mendikateak edo Toloño mendizerrak bananduta. Bertako klima mediterraneoa da: hilabete batzuetan ez du ia euririk egiten eta urteko tenperaturetan alde handia egoten da. Udan inguru honetako ibaiek ur gutxi eramaten dute eta, eguzkiak berotuta, uraren tenperaturak gora egiten du.
Arestian aipatutako bi eskualde horien artean, berriz, Erribera Beitia eta Trebiñoko Konterria daude, Arabako erdi-mendebaldean. Bertako klima azpimediterraneoa da, hau da, tarteko ezaugarriak ditu, ibaietan ere islatzen direnak.
|


|