Gaur egun neska-mutilei sarritan azaldu behar diegu ongi pasatzeko ez dagoela zertan dirua gastatu behar, badirela hamaika aktibitate dibertigarri eta doako. Lagunekin jolasteko edo bakarrik aritzeko, asko dira aparteko baliabiderik eskatzen ez duten jolasak, horietako gehienak haurrek beraiek egin ditzakete gainera. Aukera horren anitza izanda, haurrak jabetu behar dira bakarrik egonda aspertzen badira, erantzukizuna beraiena dela. Ariketa honetan doakoak diren jolasen katalogo modukoa egitea proposatzen dugu.
ARIKETAREN GARAPENA
1.- Gustuko jolasen zerrenda osatu
Ikasleei gustuko dituzten aktibitate dibertigarrien zerrenda osatzen lagundu. Hori bai, gogorarazi aktibitate horiek aurrera eramateko dirurik ez dagoela. Ikasleei galdetu ongi pasatzeko zer egiten duten. Erantzunekin bi zerrenda osatu. Zerrenda batean dirurik gabe egin daitezkeenak jaso, eta bestea, dirua beharrezkoa den aktibitateekin osatu. Lehenengo zerrenda osatzeko zailtasunak baldin badituzte, arbelean adibide batzuk idatzi:
- Abestea.
- Kolunpioan ibiltzea.
- Mozorrotzea.
- Loreak ureztatzea.
- Mahai-jolasetan aritzea.
- Klarionarekin lurra margotzea.
- Irakurtzea.
- Marrazkiak egitea.
- Zakurra paseatzea.
- ...
2.- Aktibitate horiekin txartelak egin
Dirurik gabe egin daitezkeen aktibitateen zerrendarekin txarteltxoak egin behar dira. Horretarako orri zuriak erabili. Zerrendatu ditugun aktibitateen adina txartel egitea beharrezkoa da. Txartelaren alde batean jolasaren izena jarri eta beste aldean ikasleei aktibitatea marrazteko eskatu –laguntza behar dutenean marrazten lagundu–. Txartelak osatzen goazen neurrian horretarako prestatuko dugun zapata kaxan sartu.
3.- Zapata kaxa apaintzea
Zapata kaxa apaindu behar da, zapata kaxaren izaera aldatu nahi dugulako. Zapata kaxa soil bat izatetik “Jolasen kaxa magikoa” izatera pasako baita, eta kolore ikusgarriez apaintzea komeni da. Ikasleei lagundu kaxa apaintzen.
4.- “Jolasen kaxa magikoa” osatzen joan
Prestatu duzuen jolasen zerrenda osatzen joan behar duzue. Ikasten duzuen jolas berri bakoitzeko txartel berria egin behar da. Gogoratu txartelaren alde batean jolasaren izena jarri behar dela eta beste aldean marrazkia egin behar dela. Kaxa gelan gordeko dugu, ikasle guztiek ikusten duten lekuan eta noizean behin –maiztasuna bakoitzak erabaki dezala–, kaxa hartu eta ikasle bati txartela bat ateratzeko esan eta bertan proposatzen den aktibitatera jolastu.

5.- Aukera gehiago
“Jolasen kaxa magikoak” jolaserako aukera gehiago eman ditzake. Esate baterako, mimo jolasean aritzeko. Oso erraza da. Ikasleak bi multzotan banatu behar dira. A multzokoek txartelak aukeratu behar dituzte eta B multzokoei eman behar diete txartela jolasaren izena eta marrazkia ikusi gabe. Txartelak hartu aurretik, begiak zapi beltz batekin estaliz gero, txartela ez dutela ikusiko ziurtatuko duzu. B multzokoek, berriz, mimoa eginez zein jolas den azaldu behar diete A multzokoei. Tarteka paperak aldatzea komeni da.
6.- Beste ideia batzuk
Ariketa honen xedea ikasleei ongi pasatzeko dirurik ez dela behar ikustaraztea da. Dirurik gabe gauza dibertigarri asko egin daitezkeela transmititzea. Beste ideia hauek helaraztea ere garrantzitsua da:
6.1.- Bakarrik jolastea ona dela. Anai-arrebekin, lagunekin, lehengusuekin edo beste edonorekin jolastea ona den bezala, ez da ezer gertatzen tarteka bakarrik jolasteagatik.
6.2.- Amodioa eta adiskidetasuna bezalako sentimenduak adierazteko lotsarik ez dela izan behar demostratu behar zaie ikasleei. Sentimendu horiek adieraztea, “Jolasen kaxa magikoa” osatzen duten jolas zerrenda bezala, doakoa da eta ingurukoak zoriontsu sentiaraziko ditugu.
6.3.- Badira beste zenbait gauza, doakoak direla iruditu arren, dirua balio dutenak. Esate baterako, hotz-gailuan dauden janari eta edari guztiak.
Iturria: Asociación Nacional de Unión de Crédito. 2004. www.creditunion.coop