Peru Sasia
Fiare Fundazioko zuzendaria
Erabaki ekonomikoen eragina izugarria da. Ondorioak ere halakoak dira. Erabaki ekonomiko konkretu batek garapen iraunkorraren kontra egin dezake, edo ingurumena kaltetu dezake. Gauzak horrela, Peru Sasia Fiare Fundazioko zuzendariaren iritziz, “Ekonomia Solidarioaren” aldeko apustua egin behar da.
Jarduera ekonomikoa ez da neutrala. Gaur egun hain inportantea den eremu honetan hartutako erabaki orok, balioen esparru bat dauka berekin eta gizakiengan edo ingurumenean ondorioak eragiten ditu. Ondorio horiek onurak ekar diezazkieke batzuei eta kalteak besteei; ekosistema suntsi dezakete edo garapen iraunkorra bultzatu. Erabakiak hartzen direneko balioen esparruak nahiz sortzen diren ondorioek estuki lotzen dituzte –normalean pentsatzen denaz bestela- etika eta ekonomia. Ez da ezinezkoa aldi berean etikaz eta ekonomiaz pentsatzea. Izan ere, edozein erabaki ekonomiko, azken batean azpian etika erantsita daraman erabakia da.
“Ekonomia solidario” bezala ezagutzen den ekimenaren atzean zera dago: esfera ekonomikoa kontziente egitea “begirada etiko” horretaz eta lehentasunak (balioen esparrua, “balio duela” uste duguna) nahiz sortzen diren ondorioak baloratzea. Ekonomia solidarioa ondorengo ezaugarrietan oinarritzen da: berdintasun printzipioa, lan duina, ingurumenari errespetua, kooperazioa, irabazi asmorik ez izatea eta lurraldean integrazioa. Horrekin erakutsi nahi da, posible dela aktibitate ekonomikoak (erosi, saldu, lurra landu, kontratatu, fabrikatu...) era diferentean egitea, ingurumena azpian hartu gabe, gaur egun egiten zaion bezalako presioaren bidez. Aktibitate ekonomiko diferente horrek ulertu behar du, pertsonaren duintasuna eta bere gaitasunak garatzeko duen eskubidea ezin direla errentagarritasun ekonomiko handien eta hazkunde estrategien menpean egon.
Ekonomia solidarioaren barruan Banku etikoaren alorrak garrantzi berezia hartzen du. Izan ere, bere azken helburuetara begirada etikoaren ideia eramaten saiatzen da, kasu honetan bitartekari finantzarioetan oinarritzen dena. Ezin dugu ahaztu entitate bankarioek gaur egun botere izugarria pilatzen dutela. Komunitate edo ekosistema osoak gora altxatzeko nahiz lur jota uzteko gauza dira. Zenbait herrialderen egonkortasuna ere talde inbertsore handiek hartzen dituzten erabaki finantzarioen menpe egon daiteke. Eta ez dezagun ahaztu, hori guztia gure diruarekin erabaki ekonomikoak hartuz gerta daitekeela; ezagutzen ez ditugun (askotan, ezagutu ezin ditugulako) eta aurrezten duten milaka eta milaka lagunen diruarekin ez baitakigu zer gertatzen den.
“Ekonomia solidarioa ondorengo ezaugarrietan oinarritzen da: berdintasun printzipioa, lan duina, ingurumenari errespetua, kooperazioa, irabazi asmorik ez izatea eta lurraldean integrazioa”
Banku etikoaren entitateek euren jarduera oinarritzeko zutabe gisa bitartekaritza ekonomikoa egiteko modu diferentea planteatzen dute. Modu horrek, alde batetik, dirua aurrezten duenari bere diruarekin zer gertatuko den jakingo duela ziurtatu behar dio. Beste alde batetik, bankuak bere kreditu jarduera gizarte bidegabe eta iraungaitzak biziberritzera bideratu behar du. Entitate horien barruan 2005eko urrian Banku Etikoaren Fiare Proiektua sortu zen Euskadin. Bertan hezkuntzaren, kooperazioaren nahiz garapenaren, eta gizarteratzearen alorretan lanean ari diren berrogeita hamar elkartek baino gehiagok hartzen dute parte.
Fiare: gauzatutako egitasmoa
Fiarek finantza bitartekari lanak (aurrezki-gordailua jaso eta maileguak eman) egingo dituen entitatea sortu eta sendotu nahi du, beti ere diruaren zirkuituari exijentzia zehatzak ezarriz. Baldintza horietan garrantzitsuena proiektuak finantzatzerakoan bere burua mugatzen duela da. Izan ere, Fiarek emandako maileguak jasotzeko derrigorrezkoa da lau esparru hauetako batean aritzea: Hegoaldearekin eta Bidezko Merkataritzarekin lankidetza, Iparraldean esklusio edo arrisku egoeran dauden kolektiboen gizarteratzea, Ingurumenaren birsorkuntza eta gizarte sarea sortzeko baloreen promozioa.
Fiareren helburu bakarra ez da bezeroak egitea. Fiare proiektuaren ardatzetako bat, bereizgarri egiten duena, bere hazkunde eredua eta jabetza egitura da. Finantza-etxe tradizionalek beste eredu mota bat jarraitzen dute, eta Banku Etikoarekin erlazioa daukaten beste entitate batzuek ere ez dute eredu hori jarraitzen. Gure leloak dioen bezala, Fiare hiritarren eskuetan dagoen bankua da, eta horrela da, gizarte mugimenduak eta hiritarrak direlako egitasmoaren jabeak, beraiek direlako egitasmoaren hazkundea eta proiektuaren izaera bermatzen dutenak eta finantza bitartekaritza justiziaren zerbitzura jartzen dutenak.
Fiare hiritarren eskuetan dagoen bankua da gizarte mugimenduak eta hiritarrak direlako egitasmoaren jabeak eta beraiek direlako egitasmoaren hazkundea eta proiektuaren izaera bermatzen dutenak”
Fiarek eraldaketa sozial komunaren ereduarekin identifikatzen diren sareen inguruan hazi nahi du, eta horrela ari da hazten. Deszentralizatutako sare horiek dira, bere interesak alboratuta, gizarte eredu honetan mailarik baxuenean dauden pertsonen alde lana egitea erabaki dutenak. Sistemaren biktima horiek errealitatea interpretatzeko erreferentzia bihurtu dira, eta nolabait esatearren, biktima horiek dira Fiare egitasmoaren hartzaile nagusiak. Bere burua akatsik gabeko eredu bakar bezala aurkezten duten entitateen aurrean, jarduera ekonomikoak bideratzeko garaian Fiare egitasmoaren inguruan biltzen diren sareek bestelako irizpideak hartzen dituzte aintzat.
Fiare eredu hori jarraituz joan da sendotzen, eta ez soilik Euskal Autonomia Erkidegoan –momentu honetan ehun elkartetik gora dira proiektuan parte hartzen dutenak–, Nafarroan, Madrilen edo Katalunian proiektua sendotzen baitoa lurralde horietan lanean ari diren sareei esker. Estatuko egunkari garrantzitsu batek Fiare egitasmoa modu honetan definitzen zuen orain dela hilabete batzuk: “Fiare Estatu mailako finantza kooperatiba eredura eraldatzen ari den mugimendua da, ekonomia justuagoa baten aldeko apustua egiten duten elkarte eta gizabanako konprometituen mobilizazio ikusgarri batean bihurtzen ari dena” (El País egunkariko Tierra gehigarria, 2007ko urriaren 20).
Informazio gehiagorako: www.fiare.org