Logotipo del Gobierno Vasco

Departamento de Medio Ambiente y Ordenación del Territorio

 Euskadi.net

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Medio Ambiente
  4.  
  5. Educación Ambiental

WAI-A

ihitza 25




Bitakora kaiera

 
IKUSPEGI KRITIKOA GARATZEN
 

Laskorain Ikastolan ikaslea eta irakaslea ordenadorearen aurrean
Usabalgo Laskorain Ikastolak berrogeigarren urteurreneko ospakizunak amaitu berri ditu. Abenduaren 1ean ikasle, ikasle-ohi, irakasle, irakasle-ohi, guraso, garbitzaile, atezain eta urte luze hauetan eskola komunitatea osatu eta osatzen duten asko eta asko Usabal kiroldegian egindako jaialdian elkartu ziren. 1968. urtean guraso talde batek ikastolaren izena erregistratu zueneko amets hura, errealitate sendoa baino gehiago da.

Tolosako (Gipuzkoa) ikastolaren erradiografia errepasatu baino ez dago hori horrela dela egiaztatzeko. Mila eta berrehun ikasletik gora –zehatz mehatz, 1.232–, 96 irakasle, beste hamaika langile, lau eraikin diferente, hezkuntza proiektu euskalduna, eleanitza eta demokratikoa, bi eta hemezortzi urte bitarteko haur, gazte eta nerabeentzako hezkuntza eskaintza zabala... Ez dago gehiago eskatzerik.

Laskorain Ikastola herri ekimenetik sortua izanik, komunitateko kide guztien partehartzea sustatzeaz gain, Tolosako parte ere bada, eta horrela dela sentitzen dute bertako irakasleek eta ikasleek. Ez da harritzekoa, hortaz, Udaleko arduradunek Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartzeko egindako proposamena onartu izana. “Interesgarria iruditu zitzaigun, garai hartan oraindik ezezaguna zen Ingurumen Hezkuntza txertatzeko aukera paregabea”. Luisi Arregiren, Laskorain Ikastolako Eskolako Agenda 21 egitasmoko arduradunaren, hitzak dira. Orduz geroztik –aurtengoa bosgarren ikasturtea da–, mugikortasunaren, aisialdiaren eta hondakinen gaiak landu dituzte. Gai horiekin batera ekonomiarena ere aztertu dute.

Multinazionalak eta bere jarduna

Ikastolako irakasleek gizarte gaiak jorratzeari izugarrizko garrantzia ematen diote. DBHko 3. mailako ikasleek, esate baterako, “Multinazionalak eta bere jardunak” aztertzen dituzte. Mikel Insausti Geografiako, Ekonomiako eta Historiako irakasleak eman dizkigu horren inguruko azalpenak.

“Gure asmoa ikasleak informatuta mantentzea da”, hasi da esaten. “Ez daitezela soilik publizitateak igortzen dituen mezuekin geratu –jarraitzen du–. Konturatu daitezela publizitate horren atzean errealitatea gordinagoa dela: lan-baldintza kaskarrak, ingurumenarekiko errespetu eza, adin gutxikoen esplotazioa...”.

“Saio aberasgarriak dira informazio iturri fidagarriak aurkitzeko gaitasuna lantzen dutelako, gizarte gaien inguruko informazioa jasotzen dutelako eta hausnarketa egiteko denbora hartzen dutelako”



Ikasleak informatzeaz gain, nerabeen artean ikuspegi kritikoa sortzea da beste helburuetako bat. “Ez dira gu bezain kritikoak. Helduok daukagun esperientziarik ez daukate, batez ere informazioa falta zaielako. Hutsune hori betetzen ahalegintzen gara; ez dakit bete-betean lortzen dugun gure helburua betetzea, baina gure lanak arrastoa uzten du. Behar bada ez gara emaitzaren lekuko izango, informazioa prozesatzeko denbora behar delako, baina etorkizunean eragina izango duela badakigu”, azaldu digu Insaustik.

Industriaren deslokalizazioa

Abiadura Handiko Trena

Zergatik lekualdatzen dituzte herrialde garatuetako enpresak hirugarren munduko herrialdeetara? Batxilergoko bigarren mailako ikasleek Ekonomia irakasgaian aurkitzen dute galdera horren erantzuna. “Herrialde garatuek herri atzeratuekiko menpekotasuna nola areagotzen duten ikusten dugu”, dio Mikelek. Eta adibide bat jarri digu: “Herrialde azpigaratuetan ingurumen neurriak ez dira hemengoak bezain zorrotzak. Legeak ez daude horren garatuak eta enpresek egoera hori baliatzen dute teknologia zaharkituak, izugarri kutsatzen dutenak, bertara eramateko. Kimika sektorearekin gertatzen dena horren adibide garbia da”, baina gehiago daude.

Hori, ordea, ez da arrazoi bakarra. “Eskulana merkeagoa da eta horrek ere eragin handia du. Azken finean, multinazional guztiek gauza bera bilatzen dute: ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzea, bidean zer eta nola uzten duten inporta gabe”, laburbildu du Mikel Insaustik.

“Zer pentsatzen dutena baino, garrantzitsuagoa da ikasle bakoitzak egiten duen bidea pentsamolde horietara iristeko”



Ondorio horietara iristeko ikasleek enpresa ezagunen jardunak aztertu dituzte. Erabili duten metodologia azaldu digu irakasleak. “Informazio ofiziala enpresa horien web orrialdeetatik jasotzen dute. Informazioa kontrastatzeko, ordea, internetek ematen duen aukera oso baliagarria da. Baina tentuz ibili behar da, sarean dagoen informazio guztia ez delako fidagarria. Guk www.ethical-junction.org edo www.mcspotlight.org web orrialdeak asko erabiltzen ditugu. Bertan enpresen lana egiteko modua aztertzen dute, etikaren ikuspuntutik: langileen lan-baldintzak, ingurumena errespetatzen den ala ez, animalien erabilpena...”. Informazio guztia eskuartean izanda, hausnarketa prozesua hasten da. Amaitzeko ondorioak atera behar izaten dituzte.


ABIADURA HANDIKO TRENA HIZPIDE

Zientzia, Teknologia eta Gizartea hautazko irakasgaia da. Mila Begiristanek ematen du Batxilergoan eta, besteak beste, Abiadura Handiko Trenaren gaia izan dute hizpide azken hilabeteotan. AHTrena eztabaida handia sortu duen gaia da. Aldekoek trenak ekarriko omen dituen onurak nabarmentzen dituzten bitartean, ekimenaren aurka sortu diren plataformek kontrakoa aldarrikatzen dute. Ikasleek zer pentsatzen duten ezagutu nahi izan dugu.

“Kalean bezala, hemen ere aldeko eta kontrako jarrerak ditugu. Baina zer pentsatzen dutena baino, garrantzitsuagoa da ikasle bakoitzak egiten duen bidea pentsamolde horietara iristeko”, esan digu irakasleak.

Informazioa topatzeaz gain informazioa kontrastatzea eskatzen zaie, eta eztabaida saioak prestatzea. Mila Begiristainentzat saio horiek oso aberasgarriak dira “informazio iturri fidagarriak aurkitzeko gaitasuna lantzen dutelako, gizarte gaien inguruko informazioa jasotzen dutelako, hausnarketa egiteko denbora hartzen dutelako eta eztabaida saioetan ideiak defendatzen ikasten dutelako”.

Ikasleek zer diote?

Musika emanaldia Laskorain Ikastolako 40. urteurrenean

Mikel Insausti irakaslearen iritziz, ikasleentzat ez da oharkabean pasatzen multinazionalen jokaera. “Ohartzen dira zein antolaketa mota daukaten eta zein jarrera erabiltzen dituzten. Badakite helburu ekonomikoak beste guztien gainetik daudela eta saldu nahi diguten bezala bere helburu nagusia ez dela zerbitzuak ematea, irabaziak lortzea baizik”.


Laskorain Ikastolako ikasleak Tolosako udaletxean proposamenak aurkezten
Eragina ez da bera ikasle guztientzat, hori ere nabarmendu nahi izan du. “Ikasle batzuk oso konsziente dira eta konturatzen dira enpresa horien metodoak ez direla oso etikoak, hala ere, gehienei behintzat, langilegoaren esplotazioa eta antzeko beste egoerak oraindik ere oso urrun geratzen zaizkie. Kontsumo gizartean bizi gara eta markekiko menpekotasuna adin horietan oraindik ere oso handia da”, dio.



“IKASLEEN ETA ESKOLAKO LANGILEEN INPLIKAZIOA HANDIA DA”

Laskorain ikastolak bosgarren ikasturtea beteko du Eskolako Agenda 21en. Luisa Arregi gustura dago orain arte lortutako emaitzekin, “batez ere irakasleek eta eskolako langileek azaldu duten jarrerarekin. Ingurumenaren aldeko neurri eraginkorragoak hartzeko proposamenak etengabe luzatzen dizkigute, eta egia aitortu behar badut, horrelako jarrerak asko eskertzen dira. Zuzendaritzaren aldetik ere babes handia dugu”.

Ikasleen artean Bigarren Hezkuntzakoen eta Lehen Hezkuntzakoen artean izugarrizko ezberdintasuna dagoela nabarmendu du. “Orokorrean, helduekin gai hauek jorratzea nekezagoa da. Gazteek, berriz, jarrera animosoagoa azaltzen dute. Errazagoa da beraiekin lana egitea”.

Gurasoena, ordea, gainditu gabeko irakasgaia dela onartu du. “Lehendabiziko ikasturteetan hiru guraso asko inplikatu ziren, Batzordekide izateraino. Beti zeuden edozertarako prest, baino hiru baino ez ziren. Orain, ordea, hori ere ez. Gurasoen artean mugimendua sortzeko zailtasunak ditugu. Ez dugu asmatzen bere kabuz ezer antolatzea”.



BESTE ESPERIENTZIA INTERESGARRI BATZUK

 

SANTURTZITIK AFRIKARA... UR-PONPA

 


Emilia Zuza Brun ikastetxeko haurrak ur-ponpak margotzen bertako hormetan
Santurtziko Emilia Zuza Brun ikastetxea hirugarren ikasturtea betetzen ari da Eskolako Agenda 21en, “baina sartu aurretik ingurumen gaiak landu izan ditugu”, argitu digu Cristina Ruizek, EA21eko arduradunak.

Aurreko ikasturtean Uraren gaia landu zuten. Bi helburu bete nahi zituzten: batetik, ikastetxea apaintzea, eta bestetik, herrialde pobreetako biztanleei laguntzea. Ikasturtean zehar ura behar-beharrezkoa dela ikasi zuten; irakasleek, besteak beste, ura aurreztu behar dela nabarmendu zuten, “Ikasleei jende asko edateko urik gabe bizi dela ikustarazi genien eta egoera horrek garapen ekonomikoarekin duen lotura”.

“Ekimena arrakastatsua suertatu zen. Ehun eta hogei bat pezeta jaso genituen, baina garrantzitsuena ikasleek adierazitako elkartasun keinua izan zen”



Pizgarri moduan bi ekimen antolatu zituzten: graffiti lehiaketa eta ur-ponpak marrazteko eguna.

Afrikarekiko elkartasuna

Ur-ponpekin hormak apaintzeaz gain beste helburu garrantzitsuago bat bete nahi zuten, Afrikako garapen proiektu baterako ur-ponpa bat erostea. “Horman ur-tanta marrazten zuen ikasle bakoitzak euro bat jarri behar zuen ur-ponpa erosteko. Ekimena arrakastatsua suertatu zen. Ez genuen diru gehiegi bildu, 120 bat euro, baina garrantzitsuena ikasleek adierazitako elkartasun keinua izan zen”, dio EA21eko arduradunak.

Jasotako dirua Intermon-Oxfam elkarteko arduradunei eman zieten. “Ikasturte amaierako jaialdira elkarteko ordezkari bat etorri zen eta txeke sinbolikoa eman genion. Udal ordezkariak ere etorri ziren ekitaldira. Orain Eskolako Txoko Berdean zintzilikatuta daukagu Intermon-Oxfam elkartekoek bidali ziguten eskerrak emateko gutuna”, kontatu digu irakasleak.

 

POBREZIAREKIN AMAITZEKO AUKERA

 


Bi ikasle panel bat prestatzen
Laudioko Ikastolak lau urte daramatza Intermon-Oxfam elkarteak bideratzen duen “Munduak elkarlotzen” programan parte hartzen. Arantxa Zubizarreta eta Jon Muñoz bertako irakasleak dira eta beraiek azaldu digute zergatik erabaki zuten programan sartzea. “Edukiak aztertu ondoren interesgarriak iruditu zitzaizkigun. Gainera, ikasleek oso gustura hartzen dituzte antzeko ekimenak. Pizgarriak dira eta asko ikasten dute”.

Orain arte lan-eskubideak, armen salmenta, pobrezia eta ura bezalako gaien inguruan aritu dira. Aurten klima aldaketarekin ari dira. www.conectandomundos.org web orrialdetik unitate didaktikoak jaso ondoren gelan lantzen dituzte eta egin ditzaketen ekarpenak zehazten dituzte. Ondoren, web orrialdearen foroan, beste ikastetxeetako ikasleek egindako ekarpenak aztertzen dituzte. Ikasturte amaieran EAEko ikasleak Bilboko Topaketetan elkartzen dira, “eta zorte pixka batekin Estatu mailan antolatzen diren topaketetara joateko aukera dago. Gure ikasleak Bartzelonan eta Madrilen izan dira”.

“Orain arte lan-eskubideak, armen salmenta, pobrezia eta ura bezalako gaien inguruan aritu gara. Aurten klima aldaketarekin ari gara”



Ikasleen inplikazioa

Irakasleen esanetan, ikasleen inplikazioa handia da. “Ikasitakoa egunerokotasunean praktikan jartzen dute, batez ere maila pertsonalean, eta ohartu gara familiak inplikatzen ahalegintzen direla”.

Egiten duten ekarpena txikia izan arren, beharrezkoa ere badela uste dute. “Pobreziaren edo lan-eskubideen kasuan, esate baterako, badakigu herrialde garatuen aginduetara jende asko bizi dela. Egoera iraultzea gure esku egon ez arren, zerbait aldatu nahi badugu norberak bere inguruko errealitatean egin behar du lana”, diote ikasleek.

Azken eguneratzea: 2008/03/07