Logotipo del Gobierno Vasco

Departamento de Medio Ambiente y Ordenación del Territorio

 Euskadi.net

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Medio Ambiente
  4.  
  5. Educación Ambiental

WAI-A

ihitza 25


 



ELKAR SENTITUZ ELKARTRUKEA AZKOITIAN

 

Gazteak portuko eskaileretan
“Elkartrukea” proiektua azaltzeko eta gure esperientzia esplikatzeko ezinbestekoa da hasieratik hastea. 2005 urtean “Europa 2000” izeneko Frantziako elkarte batek gonbidapena luzatu zigun sei gazteri, gure hezitzaileekin batera, beraien herrira joateko 15 egun pasatzera. Egonaldia bikaina izan zen, eta bizitako sentsazioak deskriba ezinak. Lehenengo esperientzia errepikatu nahian, 2006an Alemaniara joan ginen “Cuarto Mundo” elkartearekin. Alemaniako, Frantziako eta Euskal Herriko gazteak elkartu ginen.

Bi esperientzia horien ondoren, 2007an “Elkartrukea” Azkoitian egiteko konpromisoa hartu genuen. Aurreko ikasturtea hasi zenetik, egitasmoan parte hartu behar genuen gazteok eta hezitzaileak astero elkartu ginen lan ezberdinak egiteko: Madrilen finantzazioa eskatzeko txostena prestatu, egitaraua antolatu, lan-banaketa egin...

Azkenik iritsi zen “Elkartrukeari” hasiera emateko egun desiratua. Egitasmoaren oinarriak ekologikoak eta kulturalak izan arren, aisialdiarekin uztartu genituen. Goizero herriko bi ibaiak garbitzen genituen edo “Reynoutria Japonica” landare erasotzailearekin bukatzen ahalegintzen ginen. Arratsaldeetan, berriz, piraguan edo “Paint Ball”en aritzeko eta beste hainbat aktibitaterekin gozatzeko aukera izan genuen.

“Elkartrukea” egitasmoa oso aberasgarria da, pertsona gisa asko ikasi dugu: kultura ezberdinetako gazteekin harremanetan jartzeko eta bere ohitura eta usadioak ezagutzeko aukera izan baitugu.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu Jabi, Joxe eta Miren gure hezitzaileei hiru urteko ibilbide aberasgarri honetan lagundu eta gidatu gaituztelako.

AZKOITIAKO GAZTE PARTE-HARTZAILEAK


EGUBERRIETAN ARGIAREN KONTSUMOA MURRIZTU BEHAR DA

 

Herritarrak eta ikasleak Legazpiko Udalak antolatzen duen Agenda 21 Foroan
Legazpiko hiru ikastetxeek (Haztegi Ikastola, Olazabal Institutua eta Domingo Agirre LHI) 2003 urteaz geroztik parte hartzen dute Eskolako Agenda 21 egitasmoan. Urtean behin Legazpiko Udalaren Agenda 21 Foroan parte hartzen dute, alkatearen eta gainontzeko herritarren aurrean garapen iraunkorrarekin zerikusia duen gai bati buruz egindako hausnarketak eta landutako proposamenak aurkezteko. Foroaz gain, Udalarekin batera, ikasturtean zehar bestelako ekimenak jorratzen dituzte: konpromisoen jarraipena, Erreka Eguna, bizikleta-ibilaldia, eta abar. Elkartruke hori oso aberasgarria da.

Legazpiko Udalak Foroaren bilera deitu zuen joan den azaroaren 15ean. Bileraren helburua Gabonetako argien inguruko hausnarketa egitea zen. Hiru ikastetxeetako ikasleak, gurasoak eta irakasleak Foroaren lantaldeetan aritu ziren merkatariekin, herritarrekin, herriko elkarteekin, zinegotziekin... batera. Guztien artean irudimenezko irtenbideak aurkitzen ahalegindu ziren Eguberrietan argiaren kontsumoa murrizteko.

INMA HERNANDEZ
LEGAZPIKO UDALETXEKO INGURUMEN TEKNIKARIA


WWW.BASURILLAS.ORG

 

Birziklapena eta berrerabilpena sustatu nahian “Basurillas” izeneko web orrialdea (www.basurillas.org) garatzen ari gara. Interes handia daukagu ingurumen hezkuntzan gai hori lantzeko egiten diren ekimenetan, guretzat oso garrantzitsua baita birziklatzea edo objektuei beste erabilpen bat ematea.

Gure helburua oso xumea da. Hain zuzen, informazioa zabaldu nahi dugu eta horretarako adibide praktikoen berri ematen dugu. Antolatzen ditugun tailerretan ikus daitekeen bezala, egunero sortzen ditugun hondakinak berriro erabiltzeko aukera uste baino handiagoa da. Modu horretan, gainera, ingurumenaren aldeko jarrera bultzatu nahi dugu, eta posible bada, herritarrak kontzientziatu nahi ditugu, gehiegizko kontsumoaren aurrean beste alternatibak existitzen direla azaldu nahi dugu.

Proiektu berria izanik, zer hobetu badaukagu. Web orrialdeari gauza asko falta zaizkio oraindik, baina denborarekin osatzen joango gara, gogoa eta ilusioa ez zaizkigu eta falta. Horretarako zuen laguntza ezinbestekoa da. Zuen ekarpenak nahi ditugu, seguru gaude guztiok dituzuela proposamen interesgarriak.

Hortaz, zuen ekarpenen zain geratzen gara. Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi helbide elektroniko hauetara: info@basurillas.org edo basurillasweb@gmail.com

WEB ORRIALDEKO LANTALDEA

Azken eguneratzea: 2008/03/07