Logotipo del Gobierno Vasco

Departamento de Medio Ambiente y Ordenación del Territorio

 Euskadi.net

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Medio Ambiente
  4.  
  5. Educación Ambiental

WAI-A

ihitza 25


 



Begiratokia

HEZKUNTZA ETA INGURUMEN-HIRITARTASUNA

Egilea: Eloisa Trellez
Kolonbiako fisikoa, Zientziatan Masterra eta Ikerketa Sozialean eta Ingurumen Hezkuntzan aditua


Eloisa Trellez fisiko eta ingurumen adituaren iritziz, ingurumena kudeatzen duten agintariek ez dute gizakiaren eta naturaren arteko harreman iraunkorra, arrazionala eta bidezkoa bermatzen. Horren aurrean, gizakion partehartze aktiboa defendatzen du “gizakiak garelako modu kontsekuentean bizitzeko eskubidearen eta gure planetaren biziraupenaren aldeko jarrera bultzatzen dugunak”.

 

Ingurunearen kudeaketa egokia lortzearen garrantzia nazioartean agertu zenetik, urte askotan zehar hamaika ahalegin egin dira, hainbat herrialdeetako pertsonen zeregina orekatua izan dadin, bai naturaren aurreko ekintzetan eta baita gainontzeko gizabanakoen aurrean ere.

Urteak joan eta urteak etorri, nahiz eta ingurumenaren gaineko nazioarteko hitzarmenak sinatu, nahiz eta nazioetako zein munduko agintari eta liderrek baieztapen handiak egin eta nahiz eta era guztietako proiektuak martxan jarri, ingurumenaren kudeaketan ez da alderik nabaritzen. Eta beraz, ezin da ziurtatu naturarekin dugun harremanaren norabidea eta bizitzaren etengabeko defentsa ondo bideratzen ari direnik iraunkortasuna, berdintasuna eta arrazionaltasuna berma daitezen. Horregatik, mundu mailako herrien protagonismoa eta herritarrek jokatzen duten papera gero eta garrantzitsuagoa da; ezinbestekoa. Geu gara, munduko hiritarrok, iritzia eman eta parte hartu behar dugunak. Bizitzarako eskubidearen defentsa eta gure planetaren biziraupena oinarrizko premisa hartuta jokatu behar dugu.

Jendartean asko hitz egiten da ingurumen kontzientzia piztearen garrantziaz. Hori dudarik gabe, urrats garrantzitsua litzateke baldintza sozial eta natural hobeak emateko. Hori lortzeko ingurumen hezkuntzako prozesuak egiten dira. Prozesu horien adierazteko moduak, historian zehar, naturaren jakintzaren inguruan eta gizakiaren ekintzek ekosistema aldatzean sortzen diren ondorioen inguruan sakontzen egindako ahaleginarengatik nabarmentzen dira.

Ingurumen hezkuntzak gizartearen eta naturaren artean dauden harremanei buruzko ezagutzen eta ulermenaren ekarpena egin nahi du. Eta horren bidez, partehartzearekin estuki lotuta dauden ekintza espezifikoak bideratu. Ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotuta dauden eskubide eta betebehar multzo baten ikuspegi orokorrak osatzen du, planeta mailan, ingurumen hiritartasunaren kontzeptuaren oinarria.

“Une hau klabea da ingurumen hiritartasun aktiboa sortzeko. Benetako demokraziarik ezin da gertatu, garapen prozesuetan, ingurugiroaren kudeaketan eta ondare natural eta kulturalaren defentsan hiritarrek parte hartzen ez badute”



Momentu klabea

Une hau klabea da ingurumen hiritartasun aktiboa sortzeko. Kontzeptu horrek benetako demokrazia partehartzailea sortzeko zer nolako garrantzia duen ulertu behar da lehenik horretarako. Izan ere, benetako demokraziarik ezin da gertatu, garapen prozesuetan, ingurumenaren kudeaketan eta ondare natural eta kulturalaren defentsan hiritarrek parte hartzen ez badute. Etorkizuna eraikitzeko erronka da gaur egunekoa, eta horretarako gizateria guztiak erantzun behar du.

Ingurumen hiritartasuna artikulatzen duten oinarrizko hiru elementu daude:

  • Bizitzarako, garapenerako eta ingurugirorako eskubide konstituzionalak.
  • Ingurugiro betebeharrak: jokatzen dugun rol sozialaren arabera bereizi behar dira.
  • Benetako partehartzea: eskubideak defendatu eta ingurumen betebeharrak praktikan jartzeko.

Ingurumen hiritartasuna beraz, elkar eragiten duten faktore horien fusio aktiboaren bidez gerta daiteke. Faktore horiek elkarren artean duten eraginak sostengu etikoa behar du. Ingurumen hiritartasuna sortzen da, besteren artean:

  • Bizitzarako, garapenerako eta ingurumenerako eskubide konstituzionalen aitorpena eta defentsa giro osasuntsuan oinarritzen denean.
  • Ingurumen betebeharrak bultzatzen direnean, sektoreak eta taldeak ezberdinduz horiek betetzen dituzten erantzukizunetan.
  • Ingurumeneko eskubide eta betebehar ariketetarako hiritarren partehartzea gerta dadin beharreko instrumentu eta mekanismoak sortu, indartu eta bultzatzen direnean.
  • Ondare kulturalaren eta naturalaren alde; bizitzaren alde aritzeko ingurumenaren kudeaketan zuzenean parte hartzeko gai diren hiritarrak heztean.
  • Hainbat mailatan eta erantzukizun askotarikoarekin prozesu horietan hiritarren partehartze eraginkorrerako ekintzak gertatzen direnean.

Hala, ingurumen kontzientziaren eta ingurumen hezkuntzaren heziketak adierazpen zehatza aurkitzen dute ingurumen hiritartasunean, hau da, ekohiritarren prestakuntza aktiboan.

Azken eguneratzea: 2008/03/07