JOKOA I: BANKU-ETXEAK HOBETO EZAGUTZEKO
Banco de Españak gazteen artean bere jarduna ezagutarazteko bere web orrialdean “Aula Virtual” izeneko saila zabaldu du. Bertan bi jolas klase aurki ditzakezue. Horietako batean banketxeko arduradunaren rola hartu behar da; lau atal ditu eta atal bakoitzean erabaki ezberdinak hartu behar dira ahalik eta diru-etekin gehiena ateratzeko. Jokoan lau atal ezberdin hauen inguruan erabakiak hartzea eskatzen da: prezioen egonkortasuna, ordainketen egonkortasuna, finantza egonkortasuna eta erreserbaren kudeaketa.
Joko horietaz gain, “Aula Virtual” delakoak ikastetxeen arteko lehiaketa antolatzen du Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako.
Informazio gehiago nahi izanez gero, http://aulavirtual.bde.es web orrialdean aurki dezakezue.
JOKOA II: EROSKETAK MODU EGOKIAN EGITEN AL DITUGU?
Erosketak modu egokian egiten al ditugu? Zer behar duzue jakin egiten ari zareten erosketa egokia den ala ez ziurtatzeko? Galdera horien eta beste askoren erantzunak aurkituko dituzue
www.ozonalia.org web orrialdeko “Planeta Ozonalia” atalean.
Kafea, kamisetak, esnea, rotuladoreak, baloiak, landareak edo koadernoak erosteko aukera izango duzue, baina erosketa egin aurretik zenbait galdera luzatzen dituzte –erantzunak bertan ikus daitezke–. Galderen artean, besteak beste, honakoak aurki ditzakezue: Nondik dator produktu hori? Talka ekologikorik eragiten al du? Nork osatu dute produkzio katea eta zein baldintzatan?
Intermon-Oxfam elkarteak ekoiztu zuen DVDa 2006 urteko irailean. Munduko herrialde ezberdinetako neska eta mutilen errealitatea gerturatu nahian egindako hiru DVDen artean lehenengoa da honakoa, eta bertan, Babaren eta Aliciaren istorioa kontatzen zaigu. Hogeita bat minutuko iraupena du (euskaraz edo gazteleraz eska daiteke) eta egileek pobreziaren gaia jorratzen dute: zergatiak, oinarrizko premiak, pobrezia egoerari aurre egiteko ahalmena, eta abar.
DVDa eskuratu nahi izanez gero, 94 416 0000 telefono zenbakian eska dezakezue. Prezioa 9 eurokoa da.
ELKARTEA: POBREZIAREKIN ETA MISERIAREKIN BUKATZEKO
0,7 Plataforma 1994. urtean jaio zen, irabazi asmorik gabeko elkarte gisa. Hastapenetik plataformaren helburuak oso argiak izan dira: munduko miseriarekin eta pobreziarekin lehenbailehen bukatzea eta herri guztientzat garapen iraunkorra izateko eskubidea bermatzea.
Plataformaren eskaerak zortzi zutabetan laburbildu daitezke: herrialde pobreen garapenerako instituzioen laguntza lortzea –Barne Produktu Gordinaren % 0,7 bideratzea eskatzen dute–; herrialde txiroek daukaten kanpo zorra barkatzea; bakerako eta desmilitarizatzeko urratsak bideratzea; Nazioarteko justizia bermatzea, horretarako Nazioarteko Segurtasun Sozioekonomikorako Kontseilua sortzea eta Nazio Batuen Erakundea demokratizatzea eskatzen dute, besteak beste; herritarroi askatasun gehiago eta erabakiak hartzeko aukerak emango dizkigun politikak bideratzea; genero berdintasuna bultzatzea; Nazioarteko Merkataritza berrantolatzea eta ingurumena errespetatzeko konpromisoak hartzen direla ziurtatzea.
Plataforma sortu zenetik ehunka izan dira egindako salaketak, sentsibilizazio kanpainak edota komunikabideen eta hiritarren atentzioa pizteko ekitaldiak. Plataforma bera edo orain arte egin dituen ekimen horiek gehiago ezagutu nahi izanez gero, www.plataforma07.org web orrialdean bere jarduna jarrai dezakezue.
“LA LIBERTAD DEL COMPROMISO”
Testigantza liburu honetan protagonistak zazpi pertsona anonimo dira, elkar ezagutzen ez direnak. Baina guztiek daukate ezaugarri komun bat. Behar gehien daukatenei laguntzeko erabakia hartu izana. Zazpiek egun batean karrera unibertsitarioa, arropa-denda, irakasle lana, banku-etxeko lanpostua… utzi eta hirugarren munduko herrialdeetara pobreei laguntzera joan ziren, ordura arteko bizitza mailari muzin eginez. Orain, emagalduentzat laguntza etxe batean, anbulantzia batean gaixoak leku batetik bestera eramaten, ezintasunak dituzten haurrekin… ari dira lanean.
Egilea: Hernán Zin
Argitaratzailea: Plaza&Janés Editores
Orrialde kopurua: 352
“MI VIDA SIN DINERO”
“Mi vida sin dinero” beste testigantza liburu bat da. Heidemarie Schwermerrek ordura arteko bizitza aldatzea erabaki zuen 1996an. Bere etxea utzi zuen, altzariak oparitu zituen, psikoterapeuta lana utzi zuen... Orduz geroztik etxebizitza propiorik ez du eta behar duen guztia truke sistemaren bitartez lortzen du. “Aberatsa ondasunik izan gabe”, hori da Heidemarieri gehien gustatzen zaion leloa. Bere esanetan, urte hauetako esperientzia “oso aberasgarria” suertatu zaio eta orain zoriontsuagoa dela errepikatzen du han eta hemen eskaintzen dituen hitzaldietan.
Egilea: Heidemarie Schwermer
Argitaratzailea: Gedisa
Orrialde kopurua: 256
“Economía Joven” Cosladako (Madrid) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Maria Moliner Institutuko Ekonomia Sailak egindako web orrialdea da. Ekonomia, Ekonomia eta Enpresen Antolakuntza eta Administrazio eta Kudeaketa irakasgaietako ikasleei laguntza emateko egin zuten, eta besteak beste, apunteak, ariketak, azterketen emaitzak aurki daitezke bertan.
Helburu nagusia hori izanda ere, arduradunen nahia ez da horretara mugatzen. Ekonomia Saileko irakasleek egindako materiala zintzilikatu dute beste ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek behar izanez gero erabiltzeko.
PUNTTU BERDEA
Ekonomia
Gobernu buru guztiengatik
zuhaitzak moztu ta moztu,
hargatik goian egiten dira
izugarri aberastu,
ere Afrikara joan eta
petrolioa lapurtu.
Hor behean txiroak dira eta
hemen goian gu txoratu.
Ama Lurra ez suntsitu.
Doinua: Saltarina da txepetxa eta
Egilea: Asti-Lekuko bertso-eskola (Asier Alcedo, Eneko Alda, Jon Ander Bayon, Ibabe Beristain, Onintze Luzuriaga eta Jon Rodriguez)