Logotipo del Gobierno Vasco

Departamento de Medio Ambiente y Ordenación del Territorio

 Euskadi.net

Inicio

Estás en:
  1. Inicio
  2.  
  3. Medio Ambiente
  4.  
  5. Educación Ambiental

WAI-A

ihitza 25


 



Baliabideak eskura
 
 
GARAPEN IRAUNKORRA BERMATZEKO BERRERABILI ETA KONPONDU


Haur bat EkoCenter egoitzan berak egindako txotxongiloarekin
Emaus Fundazioa Abate Pierre apaizak sortu zuen 1947. urtean. Hasiera hasieratik gizarteratzeko arazoak dituzten pertsonen alde aritu dira lanean, egun ere bide horretan jarraitzen dute, baina urteen poderioz Fundazioa handitzen joan da munduko berrogeita hamar herrialdeetara hedatzeraino.

Gipuzkoan Emaus Fundazioak ere badu ordezkaritza. Donostiako Belartza poligonoan (Gurutzegi 16) du bere egoitza nagusia, bertatik kudeatzen ditu bere egitasmoak. 2006ko apiriletik, gainera, EkoCenter zentroan bisita gidatuak antolatzen dituzte Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat –bestelako taldeak ere onartzen dituzte–.

EkoCenter egitasmoaren xedea jendeak nahi ez dituen mota guztietako produktuak jasotzea da, ondoren saltzeko. Arduradunek emandako datuen arabera lehenengo urtean 89.085 produktu berrerabili jaso zituzten eta produktu horien salmentarekin 483.000 euroko irabaziak jaso dituzte. Bildutako produktu horietatik, besteak beste, 34.486 arropak izan dira, 28.486 azokako objektuak, 15.673 liburuak eta 4.108 altzariak.

Gure gizartean inposatzen ari den “erabili eta bota” kulturaren aurrean Emausen proposamena bestelakoa da: berrerabiltzea eta konpontzea. “Herritarrak horrela hazten baditugu, hondakinak murrizteaz gain garapen iraunkorraren aldeko urrats inportantea emango dugu”, azaldu digute Bego Cavaleirok eta Olatz Pradinik, Gipuzkoako Emaus Fundazioko komunikazio arduradunek.

Bisita gidatuak

EkoCenter egoitzako bisita gidatuak Belartzako egoitzan antolatzen dituzte. Euskaraz edo gazteleraz eska daitezke, eta edukiak adinaren arabera moldatzen dituzte. Bisita gidatua EkoGelan hasten da, harrerarekin. Bertan ikus-entzunezkoa jartzen zaie bisitariei, oinarrizko informazioa eman eta gaian kokatzeko. Bideo ikusi ondoren EkoCenterreko gainontzeko instalazioak bisitatzen dituzte.

“Gizarteratze” atalean, egoitzan jasotzen dituzten produktuak nola sailkatzen dituzten ikusten dute; “EkoTekan”, hondakinei eta kontsumo arduratsuari buruz informazioa jasotzen dute; “ReutiLarten”, birziklatutako objektuen erakusketa bisitatzen dute –erakusketak etengabe doaz aldatzen–; “ReparaManian”, ordezko piezak nola saltzen dituzten eta hondatutako objektuak nola konpontzen dituzten ikusten dute, eta azkenik, “Topagune” izenekoan, bigarren eskuko objektuen salmenta nola egiten den ezagutzen dute.

Bi mota bisita gidatu eskaintzen dituzte: bisita gidatu soila eta bisita gidatua tailerrarekin. Lehenengoak ordubeteko iraupena du, bigarrenak berriz, bi ordukoa. Prezioa ere diferentea da: bisita gidatu soiletan ikasleko 2,70 euro ordaindu behar da eta, tailerrarekin baldin bada, 5,40 euro. Tailer horietan, besteak beste, jasotako hondakinekin telefono mugikorrentzako zorroak, txotxongiloak edo apaingarriak egiten dituzte.

EkoCenter egoitzaren bitartez Emaus Fundazioko ordezkariek hondakinek sorrarazten dituzten arazoen inguruko eztabaida piztu, hondakinen arazoari aurre hartzeko neurri egokiak zabaldu, kontsumo arduratsua bultzatu, berrerabiltzeko eta konpontzeko kultura hedatu eta helburu horiek beteta bizitzea posible dela azaldu nahi dute.



EkoCenter

Telefono Zenbakiak: 943 367534 - 943 367535
Faxa: 943 474346
Posta elektronikoa: ekocenter@emaus.com
Web orrialdea: www.emaus.com


 
IRAKURKETAK

 

EUSKAL HERRIKO EKONOMIA

"Euskal Herriko Ekonomia" liburuaren azala
Liburu honekin aspalditik dagoen hutsunea bete nahi izan dute egileek, izan ere, Euskal Herriko ekonomia bere osotasunean eta orokortasunean aztertzen duen lanik ez omen zegoen. Liburuan Euskal Herriko egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa jaso dute eraldaketa sozioekonomiko nabarmenenak bilduz, giltzarriak identifikatuz eta hausnarketa-ildoa proposatuz. Hezkuntzan lanean ari direnei ez ezik, gizarte zein ekonomia eragileentzat tresna erabilgarria izango delakoan argitaratu dute liburua.

Egilea: Yolanda Jubero eta beste
Argitaletxea: Udako Euskal Unibertsitatea
Orrialde kopurua: 360


NO SÓLO DE DINERO...

"No sólo de dinero..." liburuaren azala
“No sólo de dinero... La economía que precisa la Naturaleza” liburuan egileek baliabide naturalak agortzen ari garela ematen dute aditzera. Gure agintariek, eta herritarrok ere bai, iraunkortasunaren printzipioa guztiz baztertu dugula salatzen dute, nahiz eta beste itxura bat ematen saiatu. Era berean, globalizazioaren ondorioak pairatzen ari garela diote, herrialde aberatsen eta pobreen arteko ezberdintasuna areagotzen ari den bitartean. Egoera honen aurrean baliabide naturalen ustiaketa hobeago baten beharra ikusten dute.

Egileak: Jane King eta Malcom Slesser
Argitaletxea: Icaria
Orrialde kopurua: 248


LA GRAN TRANSICIÓN HACIA LA SOSTENIBILIDAD

"La gran transición hacia la sostenibilidad" liburuaren azala
Roberto Bermejo Ekonomia Iraunkorreko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. “Manual para una economía sostenible” (Catarata/Bakeaz, 1994) edo “Libre comercio y equilibrio ecológico” (Bakeaz, 1997) liburuen egilea, besteak beste, argitalpen honetan garapen iraunkorraren aldeko jarrera hartzearen garrantzia azpimarratzen du. Horretarako, iraunkortasunaren printzipioak definitzeaz gain, sektore ezberdinetan nola aplika daitezkeen zehazten du.

Egilea: Roberto Bermejo
Argitaletxea: Asociación Los Libros de la Catarata
Orrialde kopurua: 360


 
IKASMATERIALA

 

EKONOMI JARDUERAK ETA INGURUGIROA


"Ekonomi jarduerak eta ingurugiroa" material didaktikoaren azala
CEIDAk egindako unitate didaktiko honetan ekonomi jardueren eta ingurumenaren gaia lantzen da ikasleek hurbilen dituzten eta maizen kontsumitzen dituzten produktuak aztertuz. Lehenengo zikloko ikasleen unitate didaktikoan eguneroko produktuen kontsumoa aztertzen da, eta bereziki, adin horretako ikasleentzat oso ezagunak diren produktuen erabilera. Bigarren ziklokoen unitate didaktikoan lanbideak izango dituzte hizpide, gertutik ezagutzen dituztenak. Azkenik, hirugarren ziklokoekin, lehen sektoreko jarduera ekonomikoak lantzen dituzte.

UNA EMPRESA EN MI ESCUELA


"Una empresa en mi escuela" material didaktikoaren azala
“Una empresa en mi escuela” izeneko hezkuntza egitasmoa proposamen integratzailea izateaz gain, hezkuntza bizi eta berri baten aldeko apustua da haurrek bere gaitasun pertsonalak eta profesionalak lehenbailehen eta modurik eraginkorrenean garatzeko.

Jardueraren izaera ludikoa eta sortzailea da, elkartasuna, elkarlana edo koordinazioa bezalako jarrerak bultzatzen dituena. Era berean, arazoen aurrean jarrera positiboa eta erantzukizunak hartzeko gaitasuna potentziatzen ditu.

Material didaktikoa Lehen Hezkuntzako ikasleentzat dago prestatuta. Eskaintzen dituen proposamen didaktikoen eta ekintza puntualen artean honakoak aurki ditzakezue: tailerrak, ikasleentzat ariketa liburua, irakasleentzat laguntza liburua, bideoak, irakasleei zuzendutako formazio ikastaroak, eta abar.

Ikasmaterialaren helburua Lehen Hezkuntzako ikasleen gaitasun sortzaileak eta ideia berritzaileak lantzea da. Horretarako, egileek norberak dituen gaitasunak ezagutzeko, enpresa sortzeko eta kudeatzeko edota emaitzen balorazioa egiteko ariketak proposatzen dituzte.

http://eme.valnaloneduca.com/index.php


 
FILMA

HAMARRETIK ZORTZI

Hamarretik zortzi DVDaren azala
Zabalketa Gobernuz Kanpoko Erakundeak bigarren hezkuntzako ikasleentzat ekoiztu duen hezkuntza material honetan DVD bat dago, bost minutu inguruko 21 bideo motzekin. Bideo horietan, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako zenbait gazteren bizimodua nolakoa den islatzen da. Bideo bakoitzerako unitate didaktiko bat dago –hainbat gairen artean pobrezia eta garapen iraunkorra lantzen dira–.

DVDa eskuratu nahi izanez gero, 94 3089804 telefono zenbakian edo www.zabalketa.org web orrialdean eskura dezakezue.


 
ELKARTEA

TRIODOS BANK, BESTE BANKETXE EREDUA

Triodos Bank (www.triodos.es) erreferente bat da Europako banku etikoetan. 1980. urtean sortua, kreditu erakundeak Holandan, Belgikan, Erresuma Batuan eta Estatu Espainiarrean ditu bulegoak. Triodos Bank-en helburua finantza-sistema berritzaile baten bidez gizartea eraldatzea da. Aldaketa positibo eta iraunkorrak bultzatuz pertsonen bizi kalitatea hobetu, ingurumena zaindu eta kultura sustatu nahi dute.

Helburu horiek lortzeko ekonomikoki errentagarriak diren eta ingurumenarekin, egitura sozialekin eta kulturalarekin konprometituak dauden enpresetan egiten dituzte inbertsioak energia berriztagarriaren, ingurumen teknologiaren, nekazaritza ekologikoaren edo turismo iraunkorraren alde lana egiten duten sektoreetara bideratzeko. Lankidetzaren esparruan sartuta dauden enpresak ere finantzatzen dituzte.

Triodos Bank-ek 2004 urtean zabaldu zuen bulegoa Estatu Espainiarrean eta orduz geroztik norbanako eta enpresa asko izan dira banku etikoaren bezero, eta modu arduratsuan aurreztu dutenak. Gardentasunarekin batera, hori baita Triodosen ezaugarrietako bat.

Ez da bakarra

Triodos Bank aitzindaria dela esan dugu, baina ez bakarra. Azkeneko hamarkadan asko izan baitira gizarte eredu justuago baten aldeko apustua egin duten finantza erakunde edo bestelako elkarteak. Hona hemen horietako batzuk:


 
Ertamerikako bi haur irribarrez
Ashoka Kristo Aurreko III. mendean India bateratu zuen buruzagia zen. Ideia berritzaileak proposatzeko ahalmena, tolerantzia eta ikuspegi orokorra ziren bere bertute nagusiak, eta horiek bere herriaren zerbitzura jarri zituen, ongizatea eta garapen ekonomikoa lortzeko.

Ashoka elkarteak buruzagi indioari zor dio bere izena. Eta hark egin bezala gizarte aldaketak eragingo dituzten gizabanakoak aurkitzea eta finantzatzea du xede. Ashokak ideia berritzaileak proposatzen dituzten eragileak lanean jartzen ditu, hori da bere egitekoa. Pertsona horiek, gainera, interes ekonomikoak alboratu eta gizarte justuagoa eraikitzea dute helburu. Ashokaren zeregina proiektu horiek finantzatzea da –hiru urtetan proiektua garatzeko soldata ordaintzen die–.

Elkartea eta finantzatzen dituen proiektuak ezagutu nahi badituzu, http://spain.ashoka.org web orrialdean aurkituko dituzu.

 

Dirurik gabeko patrikak
Web orrialde honen helburua gizarte honetan horren hedatua dagoen kontsumoa murriztea da, doakoak diren ekitaldiak promozionatuz. Herrian edo hirietan doakoak diren baliabideak aurki ditzakegu, baina sarritan ez ditugu erabiltzen existitu egiten direla ezagutzen ez dugulako. Web orrialdean informazio mota hori aurki dezakezu.

Informazio hori osatzeko erabiltzaileen laguntza eskatzen dute. Zure auzoan doakoa den antzerki ekitaldia edo musika emanaldia antolatu badute, web orrialdean sartu eta konpartitu informazioa. Hori eskatzen dute. Web orrialdean aurki dezakezun informazioaz gain, blog-a eta foroa ere martxan dituzte.

 

Azken eguneratzea: 2008/03/07