Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
 
ihitza 22




Jakinaren gainean

ETXETIK HASI BEHAR DELAKO


Neska GAPeko izen-emate orria betetzen
Global Action Plan (GAP) egitasmoaren xedea eguneroko bizitzan gure planetari egiten diogun kaltea gutxitzea da. Nazio Batuen Ingurumen Egitasmoak babesten du, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen ari da. Hasiera batean, esperientzia Urdaibai eta Deba Beheran egin zen soilik, baina oso arrakastatsua izan zenez, 2007an hiru hiriburuetan eta Deba Goienean, Lea-Artibai eskualdean eta Aguraingo Koadrilan garatu da, besteak beste.

GAP egitasmoan parte hartzeko ezinbestekoa da gure planeta zaintzeko kontzientzia etxetik lantzea. Eta horretarako gurasoen eta seme-alaben inplikazioa behar-beharrezkoa da, elkarlanean eman beharreko urratsa baita. Kontutan izan behar dugu planetan dugun eragina etxetik bertatik hasi behar dugula apaltzen.

GAP programak aukera hori ematen du. Bertan parte hartzea oso erraza da; arduradunek etxean egiteko lau ekintza zehatz proposatzen dituzte, eta urrats horiek jarraitzea nahikoa da. Eguneroko ohituretan aldaketa txikiak egitea positiboa da gure ingurumena hobetzeko, mezu hori zabaldu nahi dute, edonork egiteko moduko aldaketak baitira. GAPek lau gai jasotzen ditu (erosketak eta etxeko hondakinen kudeaketa, energia, ura eta garraioa), eta zazpi ekintza erraz azaltzen ditu gai bakoitzeko. Gai horietako bakoitzak hilabeteko luzapena izango luke. Horietako ekintza batzuk honakoak dira:

  • Erosketak eta etxeko hondakinen kudeaketa: erosketak egitera joan aurretik zerrenda prestatu edo alferrikako bilgarri gutxiago etxera eramatea.
  • Energia: etxeko bonbilla arrunten partez kontsumo gutxikoak jartzea edo berokuntza-sistemen eraginkortasuna areagotu.
  • Ura: iturriak ongi ixten direla ziurtatu edo ekonomizadoreak jarri.
  • Garraioa: bizikleta eta garraio publikoa erabili edo autoa partekatu.

Emaitzak berehalakoak dira. Urdaibai eta Deba Beheran, esate baterako, programa burutu zuten 4.000 etxek oso emaitza onak lortu zituzten etxeko hondakinen kudeaketan, energiaren eta uraren kontsumoan eta CO2 emisioen murrizketan. Arduradunek emandako datuen arabera, 700 tona CO2 gutxiago aireratu ziren, eta etxeko ur-kontsumoa 15 milioi litro gutxitu zen, besteak beste.

Programa honen inguruan informazio gehiago jaso nahi izanez gero, www.ingurumena.net helbidean aurki dezakezu.


KARMELE ALZUETA ETA MARTA MATA SARIAK ARTATSE LHIRENTZAT


Artatse LHIko ordezkaritza sari bat jasotzen
Bilboko Txurdinaga eta Otxarkoaga auzoen artean dagoen Artatse LHI ikastetxeak Karmele Alzueta eta Marta Mata lehiaketetako lehenengo sariak jaso zituen aurreko ikasturtean. Lehenengoa hezkuntza mailan aurkeztu dituzten proiektu berritzaileengatik eta, bigarrengoa, ikastetxeak erakusten duen hezkuntza kalitateagatik. Sariak aurreko ikasturtekoak dira, baina ikastetxeak azken urteetan izan duen bilakaera saritu dutela azpimarratu du Ines Gonzalez ikasketa buruak.

Marta Mata Estatu mailako saria da eta Karmele Alzueta Euskal Autonomia Erkidegoan ematen da. Batean zein bestean ikastetxe askok parte hartzen du, eta sari horiek egindako lanaren errekonozimendu izateaz gain, diru-iturri ere badirela azaldu digu ikasketa buruak. “Jasotako diruarekin instalakuntzak hobetuko dira, eskolako materiala erosiko da, eskola komunitate osoak parte hartzeko jaialdiak antolatuko ditugu…”.

Hezkuntza lana oro har ez da erraza eta Artatseko ikasleen egoera soziokulturalak zailtasunak areagotzen dituela azaldu digu ikasketa buruak. “Familia gehienetan arazo ekonomikoak daude eta bertako ikasleek Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuetako Departamentuaren laguntzak jasotzen dituzte”. Horregatik, halako sariekin izugarri pozten direla dio, “ereindako haziaren fruitua dira”. Eta ez dira sari bakarrak izan, aurrez Elbira Zipitria (1986), Julia Berrojalbiz Accesita, egoera sozial kaxkarretan bizi diren ikasleen egoera orekatzeko proiektuko lehenengo saria, besteak beste, jaso baitituzte.

Egiten duten ahalegina, ordea, ez da makala. Ikastetxeko arduradunek esfortzu handia egiten duten ikasleen gabezia horiek ordezkatzen, beti ere hezkuntzarekin zerikusia duten egitasmoekin. Horrela, 1996-97 ikasturtean hezkuntza komunitatea zabaltzeko ahalegina egin zuten “Ikas komunitatea” proiektuan sartuz edota “Hezkuntza eta Osasuna” garatuz, besteak beste.

Ingurumenaren gaia ez dute baztertu. 1996-97 ikasturtetik “Animaliak eta landareak” egitasmoa gauzatzen dute, 1999-2004 urteen artean “Ekologia eskolara” proiektuan aritu zen eta 2004-2005 ikasturteaz geroztik Eskolako Agenda 21en sartuta dago.

Egitasmo horiek ezberdinak izanik, ikasleen inplikazioa da komunean daukatena. Ines Gonzalezen hitzetan, “ikasleen garapenean eragina duelako. Pertsona bezala hezten dira, egunerokotasunean aurkituko dituzten zailtasunen aurrean trebatzeko aukera ematen dielako, ingurumena errespetatzeko kontzientzia hedatzen delako…”.

Hori guztia aurrera eramatea zaila dela diote, baina ikasleek eta gurasoek erakusten duten inplikazioa eta horiek adierazten duten eskolarekiko atxikimenduak merezi duela dio ikasketa buruak.

Azken eguneratzea: 2007/03/08