Gabonetako jaiak atzean utzi ditugu, hilabete pasatxo da eskola berriro hasi genuela. Baina tarterik hartu dugu gabonen inguruko hausnarketa egiteko? Ziurrenik behin baino gehiagotan entzungo zenuten kontsumismoa dela gabonetako ezaugarri nagusietako bat. Hori horrela dela pentsatzen duzue? Behar bada, jarraian dituzun esaldiek lagundu zaitzakete hausnarketa ariketa egiten.
- Zeintzuk dira gabonetako bereizgarriak? Hotza, euria, elurra, arratsalde-pasak telebistaren aurrean, familia, opariak…
- Zer egoten da oparien baitan? Iragarkiak, publizitatea, erosketak, erosketa gehiago, kontsumoa… Badirudi ez dagoela zoriontsu izateko beste biderik. Inoiz ohartu zara horretaz?
- Gabonetako oporretan zenbat ordu pasa dituzu telebista ikusten? Konturatu zara zenbat iragarki emititzen dituzten? Kalkulatu, gutxi gorabehera, ordu bakoitzeko iragarkiek zein denbora tarte hartzen duten. Modu honetan jakin dezakezu zenbat iragarki ikusi dituzun.
- Orain arte gabonetan ikusitako publizitateaz hitz egin dugu, baina gainontzeko hilabeteetan ba al da publizitaterik?
4.1. Nolako iragarkiak eskaintzen dituzte?
4.2. Zein produktu saldu nahi dituzte?
4.3. Nori eskainiak dira?
4.4. Zure iritziz, iragarki horietan ikusten duguna bat dator errealitatearekin, hau da, iragarkietan ikusten duguna aurkitzen dugu saltokietan?
4.5. Zeintzuk dira erabiltzen dituzten trikimailuak, mezuak edo hitz gakoak? Horietako batzuk gogoan dituzu? Gogoan dituzunak idatzi eta ikaskide zein irakasleekin komentatu.
- Publizitatearen euskarri nagusienetako bat telebista da, baina ez da bakarra.
5.1. Bestelako publizitaterik ezagutzen duzu? Zeintzuk dira? Non ikusi edo irakurri dituzu?
5.2. Irakurtzen edo entzuten duzun guztia sinesten duzu?
5.3. Markek nolako indarra daukate?
5.4. Iragarleek errespetuzko tratua daukate pertsona edo ideia guztiekin? Zure erantzuna arrazoitu.
* Ariketa amaitzeko, egin dezagun iragarki bat taldeka. Oharkabean telebistako iragarkietan erabiltzen dituzten teknika horiek erabiliko ditugula konturatuko gara. Amaitzean, gelako beste lagunei azaldu gure mezuen helburua eta erabili ditugun teknikak.