Soren Breiting
Research Centre for Environmental and Health Educationeko ikertzailea.
Royal Danish School of Educations Estudies (DHL)
Eskolako praktikak oso aberasgarri dira, ikasketen osagarri izateaz gain balore ezberdinak transmititzeko baliagarriak direlako. Ikasketa guneak, ikasleei ezagutza eta trebetasun espezifikoak helarazteko guneak, horren adibide dira. Ikasleek ezagutza eta trebetasun ezberdinak garatzeko aukera aurkitzen dute, eta normalean eskola eremutik kanpo egiten direnez, ikasketak amaitzerakoan aurkituko duten errealitatea gerturatzeko ariketa gisa balio dezake.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean gaudela imajinatu, hirigunetik kanpo. Ikastetxearen albotik erreka bat pasatzen da, eta toki zehatz batean, auzotarrek, eta ikastetxeko atezainak ere bai, zakarra botatzeko ohitura daukate.
Egoera horren aurrean, ikastetxeko hiru irakaslek “ikasketa puntu” bat martxan jartzea erabaki dute. Ikastetxearen inguruan ematen ari den gertakizun hori baliatu nahi dute ikasleen artean ingurumenaren inguruko interesa pizteko. “Ikasketa puntuarekin” zakarraren alderdi teknikoak eta poluzioak sor ditzakeen arazoen berri eman nahi diete ikasleei eta horrekin batera, arazoaren alderdi soziala landu nahi dute.
Irakasleek ikerketa praktikoak eta teorikoak uztartu nahi dituzte. Horretarako, galdeketa bat prestatuko dute auzotarren artean betetzeko. Ikerketaren emaitza egoera egiaztatzeko baliagarria izango da eta guztion artean zaborraren arazoari irtenbidea emateko. Galdeketak zazpi galdera hauek jasotzen ditu:
- Errekan isurtzen den zabor mota zein den egiaztatu.
- Zaborraren jatorria aztertu.
- Nork eramaten du? Zergatik? Auzotarrei elkarrizketak egin.
- Zaborrak ingurumenean eta auzotarren artean duen eragina zein puntura iristen den aztertu.
- Zaborrak errekan sortzen duen eragina aztertu. Horretarako, errekaren puntu ezberdinetan uraren kalitatea nolakoa den aztertu beharko dugu.
- Auzotarrei zaborra errekara botatzea egoki iruditzen zaien galdetu.
- Urak zein interes sor ditzakeen aztertu (Ingurumenaren arazoa auzoko arazo bezala ulertzeko, ikasleek auzotarren interesak eta jarrerak ezagutu behar dituzte).
Gure inguruan dauden baliabideak aztertzen lagunduko diegu, eta nola ez, erlazioen, ondorioen eta etorkizunerako erronken inguruko hausnarketak egiten ere bai
Zer da “ikasketa puntu” bat?
Normalean eskola eremutik kanpo dagoen puntu zehatz bat da, ikasleei ezagutza eta trebetasun zehatzak erakusteko balio duena. Eskola eremutik kanpo dagoenez, eskolaz kanpoko errealitatea ezagutzeko baliagarria izan daiteke, ezagutzak eta trebetasunak lantzeko. Ikasketa prozesu hori garatzeko ikasleei hezkuntza-baliabideak eskainiko zaizkie.
“Ikasketa puntuek” ingurumen-hezkuntza modernizatzen dute
Ingurumen hezkuntza garatzen duten “ikasketa puntuek” pertsonen arteko elkarrekintzak hobeto ulertzen lagundu behar dute. Sarritan, pertsonok iritzi eta jarrera kontrajarriak ditugu, eta oso aberasgarria da guztiak kontuan hartzea eta ikasleei hausnarketa hori egin dezaten eskatzea. Testu honen hasieran aipatu dugun kasua aintzat hartzen badugu, ziurrenik zaborra uzten den lekuaren alboan bizi diren auzotarrek edo zaborra ikusten ez duten herritarrek ez dituzte interes berak izango. Ingurumenaren arloan sortzen diren arazoen aurrean herritarren interesak desberdinak izan ohi dira, eta ikasleentzat egoera hori oso aberasgarria da.
“Ikasketa puntua” ikasketa prozesuaren jarraipena behar du izan
“Ikasketa puntuan” egin beharrekoa aurrez gelan behar bezala zehaztea komeni da. Eta prozesua amaitzean, bildutako datuak eta ateratako ondorioak gelan eman behar dira aditzera. Prestakuntza hori egitea mesedegarria da ikasleentzat, bere jakintza eremua zabalagoa izango delako eta ikerketan ezagutza horiek erabili ahal izango dituelako.
Bihur ezazu lana desafio batean
Ikasleek, orokorrean, gustura hartzen dituzte eskolaz kanpo egiten dituzten ekintzak. “Ikasketa puntu” bat aukeratzen dugunean, eta eskolaz kanpo egiten ditugun ekintzak planifikatzean, ikasleen inplikazioa lortu behar dugu, eta konprobatuta dago desafio moduan planteatzen badiegu, gustura hartuko dutela. Ikasleek bere ezagutzak baliatuko dituzte “ikasketa puntuan” egin beharreko lana gauzatzeko, baina ez dute azterketa batean daudela sentitu behar. Hori bai, inguruan dituzten baliabideak ezagutzen lagunduko diegu, eta nola ez, erlazioen, efektuen eta etorkizuneko perspektiben hausnarketak estimulatzen ere bai.
Eguneroko bizitzarekin bat egin
Beraientzako eta inguruko jendearentzako garrantzizko zerbait ikertzen ari direla sentitzen badute, bere konpromiso mailak gora egingo du. Hori horrela izanik, eguneroko bizitzan egiten dituzten hausnarketak eta ikerketan ateratzen dituzten ondorioak uztartzen lagundu behar zaie.