HIRU MINUTU ETA HAMAIKA KONPROMISO
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Betizu Klubak elkarlanean antolatutako Ingurumen Karabanak abenduaren 11n bukatu zuen bere ibilaldia Bilbon. Urriaz geroztik Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi herri bisitatu ditu, 3.600 ikasle baino gehiagoren bisita jasoz.
Umeen artean ingurumena babesteko eta zaintzeko konpromisoak lortzea. Horixe izan da Ingurumen Karabanaren xedea. Kanpainaren leloa “Hiru minutu ingurumenaren alde” izan da, eta arduradunek honakoa lortu nahi zuten, ikasle guztiek hiru minutu hartzea ingurumenaren alde egiteko eta norberak bere buruari eta besteei erakustea ingurumenaren alde lan egiteko prest daudela.
Karabana Gernikara, Lizarrara, Arrasatera, Ondarroara, Agurainera, Baionara, Gasteiza eta Bilbora iritsi zen. 40 ikastetxek parte hartu zuten, 3.608 neska-mutil pasa ziren, 3.087 inkesta jaso eta 3.357 hatz-marka lortu zituzten. Ikasleei bi lan eskatu zitzaizkien: Ingurumen Inkesta betetzea, ingurumenarekiko daukaten konpromisoa adierazteko, eta horren lekuko, eskuak pinturaz busti eta norberak bere hatz-marka uztea.
INGURUMEN KARABANA 2006 // HAURREN KONPROMISOAK
Nik, (izena)……………… hauxe hobetuko dut nire eguneroko bizitzan ingurumenaren alde:
• Argiak behar ez ditudanean itzali egingo ditut.
• Ahal dudan ur gutxien gastatuko dut.
• Papera zaborrontzi urdinera botako dut gero birziklatzeko.
• Hondartzan ez dut zaborrik botako.
• Dutxan ahalik eta ur gutxien gastatuko dut.
• Txakurraren kaka batu egingo dut.
• Neure gelatik irteten naizenean argia amatatu egingo dut.
• Hormetan eta lurrean ez dut marraztuko.
• Latak, kartoiak eta ontziak aprobetxatuko ditut.
• Errekara zikinkeriarik ez dut botako.
• Edozein produktu eta jaki erosterakoan bilgarri gutxien dituenak erosiko ditut.
• Pilak pilen zakarrontzira botako ditut.
• Mendian surik ez dut egingo suteak ez sortzeko.
• Olioa potean gordetzera konprometitzen naiz, gero birziklatzeko.
• Paper gutxiago gastatuko dut zuhaitz gehiago bizirik egoteko.
• Folioak bi aldetatik erabiliko ditut eta hamaiketakoaren poltsak birziklatzera botako ditut.
• Mendira joaten naizenean ez dut zakarrik botako lurrera eta nire motxilan sartuko ditut etxera heldu arte.
• Ez dut animaliarik hilko eta ez diet minik egingo.
• Autoa erabili ordez garraiobide publikoa sarriago erabiltzen saiatuko naiz.
• Dutxa hartzerakoan, xaboia ematen dudanean txorrota itxi egingo dut. Ura ez da jolasteko.
ESKOLAKO AGENDA 21 EGITASMOAN 100 IKASTETXE GEHIAGO
Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko 341 dira proiektuan parte hartzen dutenak
Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Tontxu Campos Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak ongi-etorria eman zieten Eskolako Agenda 21 egitasmoko trenera igo diren ikastetxe berriei azaroaren 23an Eusko Jaurlaritzako Lakuako egoitza nagusian egindako ekitaldian. Ondoko grafikoan ikus daiteke egitasmoa 2003-04 ikasturtean martxan jarri zenetik izan duen gorazko joera.