Espainiako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Ministerioak sortutako jokoa da, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta DBHko lehenengo eta bigarren zikloko ikasleentzako. Jokoaren xedea kontsumo arduratsuak duen garrantziaz ohartaraztea da. Horretarako, eguneroko bizitzan behin eta berriro errepikatzen diren lau eszenekin osatu dute jokoa: etxea, eskola, kalea eta erosketak.
Lau eszena horietatik abiatuta parte-hartzaileek pedagogia eta jolas probak izango dituzte. Pedagogia probetan zortzi objektu aktibo aurkituko dituzte, eta horietako bakoitzean klik egiterakoan galdera edo test bat zabalduko da. Ikasleek erantzun egokia eman beharko diete galdera guztiei jolas probara pasa ahal izateko.
Gainera, eszena bakoitzean badira bestelako elementu aktiboak, galderen gaiarekin zerikusia daukaten informazio-orriak zabaltzen dituztenak.
Jolas probek trebetasunerako eta gogoetarako tartea ematen dute. Maila jakin batera iristea da helburua. Behin helburu hori lortuta, ikasleek aztarna bat izango dute eskura, azken probarako lagungarri dena. Jokoan parte hartu nahi izanez gero, www.consumopolis.com helbidean aurki dezakezue.
JOKOA II: JÓVENES CONSUMIDORES
CD-Rom honen helburua kontsumitzaile gazteak erosketen munduan trebatzea da. Horretarako jolasen bidea aukeratu dute; gazteen arreta bereganatzen duten 21 gai hautatu dituzte eta horien inguruko informazioa eskaintzen da, beti ere jolasaren bidea erabiliz. Material hori Bilboko (94 4032220), Donostiako (943 022590) eta Gasteizko (945 016600) Kontsumo Geletan eska dezakezue.
Egilea: Red de educación del consumidor.
Urtea: 2001.
Edukia: 113 orrialdeko kontsumitzaileen gida, 1.050 adierako glosarioa eta 24 joko.
DOKUMENTALA: «GOLPEADOS PERO NO VENCIDOS»
Iker Espuñez bilbotarrak joan den urteko abenduan estreinatu zuen dokumentalak Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren izandako bizipenak jasotzen ditu. Ehungintza sektoreko lantegiak bisitatu zituzten, eta kamerek bertako langileek egunero-egunero bizi dituzten esplotazio egoerak jaso zituzten. Setem Hego Haizea (www.setem.org) GKErekin elkarlanean –dokumentala euskadi@setem.org posta elektronikoan edo 902 012838 telefono zenbakian eska daiteke–, bertako langileen eta sindikatuetako ordezkarien bizipenak jaso dituzte, eta Guatemalako lantoki bateko irudiak. Hiru herrialdetako lan-baldintzak oso kaskarrak dira. Lantokiak pabiloi handiak dira, polizia pribatuaren zaintzan daudenak; langileak ezin dira sindikatu, behar baino ordu gehiago egiten dituzte, tratu txar psikologikoak ematen dira, hileko soldatak ez dira 60 eurotik pasatzen, etab. luze bat.
Enpresa horietako –gehienak Estatu Batuarrak eta Korearrak dira– etekinak, ordea, handiak dira. Arropa marka ezagunentzat egiten dute lana, eta ez dute zergarik ordaintzen. Hamar urteko lizentziak lortzen dituzte, eta epea bete aurretik, egun batetik bestera, lantokia itxi eta beste herrialde batera joaten dira, langileak langabezian eta soldatak ordaindu gabe utziz.
IRRATSAIOA: GRAFFITI
Radio Euskadik astelehenetik ostiralera emititzen duen programa horretan, asteazkenero tartetxo bat egiten diote publizitateari –ordu erdiko tartea eskaintzen diote, 19:30etatik aurrera–. Asier Arrieta EHUko irakasleak eta publizitatean adituak egiten du gidari lana, eta iragarkiak izaten dituzte hizpide. Telebistan agertzen direnak, irratietan entzuten ditugunak edo kalean ikusten ditugunak komentatzen dituzte, beti ere umore ukitu batekin.
EHUko irakasleak iragarki onenen eta txarrenen ranking moduko bat egiten du. Gustuko ez dituen iragarkiak kritika zorrotzak jasotzen dituzte, baina beti ere kritika arrazoituak izaten dira. Eta alderantziz, txalotu beharreko iragarkirik bada, horrela egiten dute Asierrek eta bere irratsaioan parte hartzen duten gonbidatuek. Irratsaioaren beste ezaugarrietako bat entzuleen parte-hartzea da, iragarkien iruzkinak egiteko proposamenak bidaliz.
ELKARTEA: KONTSUMITZAILEAREN INFORMAZIORAKO UDAL BULEGOAK (KIUB)
Euskal Autonomia Erkidegoan berrogei bulego daude: Araban 5, Bizkaian; 20 eta Gipuzkoan, 15. Bulego horien zeregina kontsumitzaileen kezkak argitzea eta kexuak bideratzea da. Asko dira Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren zerbitzua erabiltzen duten herritarrak, eta arduradunek argitu digutenez, bulego horietan ohikoak izaten dira publizitatearekin erlazio zuzena daukaten kexuak bideratzea. Hortaz, halako egoera baten aurrean nora jo jakin gabe bazabiltza, arestian aipatu ditugun KIUBetako batean laguntza aurkituko duzu.
Subcultures (www.observatori-risc.net) eta Ecologistas en Acción taldeen ekimena da “geroz eta urriagoak direlako publizitate iragarkiei bizkarra emateko aukera eskaintzen duten espazioak”. Helburu horrekin, I. Malababa Kontra-publizitate Lehiaketa antolatu zuten. 350 lan baino gehiago aurkeztu ziren, eta onenak web orrialdean ikus daitezke. Lehiaketarekin bestelako ikuspegi kritikoak publiko egiteko saiakera egin nahi izan zuten.
Kanadan sortutako proiektua da, 1989. urtean. Publizitatea kutsatuta dagoela pentsatzen duen talde kritiko batek osatu zuen, eta ideia hori zabaltzea dute helburu. Sarean daukaten babesa izugarria da. Horren adierazgarri da 85.000 lagunek sinatu zutela interneten eskegi zuten deklarazioa. Web orrialdeaz gain, bi hilabetetik behin 125.000 irakurle dituen aldizkari bat argitaratzen dute eta urtean behin Buy nothing day –erosketarik gabeko eguna- antolatzen dute.
PUNTTU BERDEA
Bruce Leek dioen moduan ez dut
ura izan nahi erabat.
Ta berdin zaizkit binaka doazen
animalien ilarak.
Irrati, prentsa, telebistetan
agintzen du propagandak.
Langile guztien pagak
pagatzen dituen plagak
ekarritako hotzikarak.
Baina benetan, zertarako dira
anuntzioetako hainbat?
Konbentzitzeko behar dugula
behar ez dugun gauza bat.
Doinua: Leiho ertzetik
Egilea: Gasteizko Bertso Eskola