Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
 
ihitza 22




Baliabideak eskura
 
 
KONTSUMO GELETAN PUBLIZITATEAREKIKO IKUSPEGI KRITIKOA LANTZEN DUTE


Kontsumo Gelak Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzaren prestakuntza iraunkorreko zentroak dira. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeentzat, helduentzako ikastetxeentzat, elkarteentzat eta kontsumitzaile helduentzat bideratuak, beste hainbat gaien artean publizitatearen gaia jorratzen dute.

Publizitate tailerraren helburu nagusia ikuspegi kritikoa sustatzea da. Iragarkiek erakusten diguten errealitatea sarritan ez dator bat eguneroko bizitzan ikusten dugunarekin, eta bi errealitate horiek bereizten jakitea beharrezkoa da. Horretarako, agentziek erabiltzen dituzten estrategien berri eman eta estrategia horiei aurre egiteko baliabideak jartzen dituzte eskura.

Hamalau urtetik gorakoentzako tailerra da –adinaren arabera edukiak moldatu egiten dituzte– eta nahiko modu ludikoan, bost atal hauek lantzen dituzte ordu eta erdian:

Ikasle taldea Kontsumo Gelan Ikasle taldea Kontsumo Gelan
  1. Publizitatea euskarri finkoan.
  2. Telebistako spotak.
  3. Publizitate tipologia ezberdinak (tele-promozioa, kirolarien elastikoetan ikusten dena, telesailetan agertzen diren produktuak…).
  4. Publizitatea eta gorputzaren miresmena. Atal honetan publizitate mota honek sortzen dituen gaixotasunak izaten dituzte hizpide: anorexia, bulimia…
  5. Publizitatea eta kontsumoa haurtzaroan eta nerabezaroan.

Publizitateak berez behar ez ditugun beharrak sortarazten dizkigu etengabe eta Publizitate Tailerrak hausnarketarako bidea zabaldu nahi du.


ARGIBIDE GEHIAGORIK NAHI IZANEZ GERO:

VITORIA-GASTEIZ
Adriano VI. kalea, 20 - 1.
01008 Vitoria-Gasteiz
Telefonoa: 945 01 66 00
Faxa: 945 01 66 01
E-Maila: a-kontsumo.gelak@ej-gv.es
BILBAO
Nikolas Alkorta kalea, 2
48003 Bilbo
Telefonoa: 94 403 22 20
Faxa: 94 403 22 21
E-Maila: b-kontsumo.gelak@ej-gv.es
DONOSTIA-SAN SEBASTIAN
Zarategi Pasealekua, 82-84 bis
20015 Donostia-San Sebastián
Telefonoa: 943 02 25 90
Faxa: 943 02 25 92
E-Maila: g-kontsumo.gelak@ej-gv.es

 
KANPAINA

Propaganda ez

“Propaganda Ez” kanpainaren kartela
Etxeko postontzia zabaldu eta publizitatez beteta ikustea gogaikarria da, batez ere publizitate jarioa etengabea denean. Horren aurrean, San Markos Mankomunitateak “Propaganda ez” kanpaina abiatu zuen 2004 urteko abenduan, postontzietara iristen den publizitatea murrizteko asmoz.

Mankomunitateak “Propaganda ez” leloarekin pegatinak diseinatu eta postontziak banatu zituen etxeko atarietan jartzeko. Kanpaina ez zen horretara mugatu, publizitatea banatzen duten enpresa nagusiekin kanpaina azaldu eta errespetatzeko eskaera egin baitzien.

San Markosekoa ez da izan horrelako kanpaina bakarra. Urola Kostako Mankomunitateak, esate baterako, kanpaina bera errepikatu zuen urtebete beranduago. Gasteizko Udalak, berriz, publizitate mota hori egiten duten enpresekin hitz egin zuen postontzietako publizitate kopurua murrizteko. Baina instituzioak ez dira izan bide hori hautatu duten bakarrak. Geroz eta gehiago dira publizitaterik jaso nahi ez duten jabekideen komunitateak, eta horrela jakinarazten dute etxeko atarian jartzen dituzten oharrekin.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Urola Kostako Mankomunitatera dei dezakezu (943 894306) edo San Markos Mankomunitateko web orrialdea bisitatu (www.gipuzkoa.net/san-marcos).


 
IRAKURKETAK

Zertaz dihardu Begirak publizitateko sexismoaz diharduenean?
Egilea: Emakunde
Argit.: Eusko Jaurlaritza
Orrialde kopurua: 52

 

'Zertaz dihardu Begirak publizitateko sexismoaz diharduenean ' liburuaren azala
Emakundek argitaratutako liburuxkan emakumeak publizitatean betetzen duen papera aztertzen da. Ondorio nagusia honakoa da: publizitatean sexismoa ematen dela. Iragarki horiek antzemateko zenbait argibide aurki ditzakegu bertan. Iragarki sexistak dira:
  • Genero maskulinoa –semea, mutila, mutikoa…– bakarrik agertzen duten horiek.
  • Emakumea baztertu eta erasotzen dituztenak: “… es cosa de hombres” edo “con las endrinas bien puestas” bezalakoak.
  • Etxeko-lanak emakumeen kontua direla agertzen dutenak: garbiketako produktuenak, sukaldeko lanenak…

Como trabajar con la publicidad en el aula
Egilea: M. Angel Arconada
Argit.: Grao
Orrialde kopurua: 194

 

'Como trabajar con la publicidad en el aula' liburuaren azala
Publizitatearen azterketa zorrotza egiten du M.A. Arconadak liburu honetan. Publizitatearen helburu nagusia salmentarena izanik, publizitate agentziek horretarako erabiltzen duten diskurtsoa aztertu eta atera dituen ondorioak jasotzen ditu. Euskarri ezberdinak hartu ditu aintzat: egunkari eta aldizkarietako publizitatea, irratietakoa eta ikus-entzunezkoetakoa. Horretaz gain, iragarkien aurrean norberak bere azterketak egin ahal izateko aholkuak ematen ditu. Liburua aproposa da ikasleen gaitasun kritikoa lantzeko, besteak beste.

No logo. El poder de las marcas
Egilea: Naomi Klein
Argit.: Paidós
Orrialde kopurua: 544

 

'No Logo. El poder de las marcas' liburuaren azala
Gizarteko sektore asko publizitatearekin nazkatzen hasiak direla azpimarratu eta multinazionalek hartu duten norabidea salatzen du Naomi Kleinek “No logo. El poder de las marcas” liburuan. Baieztapen hori egiteko ikerketa lana egin du, baina ez da horretara mugatu, merkatal-gune handietan erosleek eta saltzaileek erakutsitako jarrerak hartu baititu kontuan. Bide horretan luxuzko denda ezagunak, lau txanponen truke Indonesiako tailerretan lan egiten duten langileak edota publizitate kanpaina erraldoien aurka aritzen diren mugimenduak ezagutzeko aukera ematen du.

Educar en una cultura del espectáculo
Egilea: Joan Ferrés Prats
Argit.: Paidós
Orrialde kopurua: 256

 

'Educar en una cultura del espectáculo' liburuaren azala
Ikuskizunaren kulturan hezi diren belaunaldiekin lana egitea gero eta nekezagoa da. Korapilo konplexu hori askatzen saiatzen da Joan Ferrés Prats liburu honetan. Eskola kultura ofizialaren eta kaleko kulturaren arteko kontraesanen lekuko da, eta autorearen iritziz egoera horretan eraginkorra izan nahi duen hezitzaileak beste bide batzuk jorratu behar ditu. Belaunaldi berriekin bat egin nahi izanez gero telebistarekin aliatu beharra dagoela uste du, eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzen jakin behar dela dio, alferrikako lana dela telebistaren aurka egitea. Eraginkortasuna areagotzeko hezitzaileak behartuta daude komunikazio estilo berri bat erabiltzera.

 
ELKARTEA

Autocontrol, publizitate zintzo baten alde

Autocontrol 1995. urtean jaio zen irabazi asmorik gabeko elkartea da. Iragarle nagusietako, komunikabideetako, publizitate agentzietako eta enpresa ezberdinetako ordezkariek osatzen dute eta elkartearen xedea publizitatea arautzen duen Estatu espainiarreko sistema kudeatzea da. Autocontrolek publizitate zintzo, ondradu eta egiazko baten aldeko apustua egiten du.

Elkarteak hiru eremutan egiten du lana. Batetik, bazkideen kode deontologikoa osatzeko ardura du; bestetik, kexak daudenean kode hori modu egokian aplikatzen du eta hirugarrena, kontsulta zerbitzuarena da. Azken horri Copy-Advice deitzen diote.

Zer da Copy Advice?

Elkarteko Kabinete Teknikoak edozein publizitate kanpaina kalera atera aurretik ematen duen zerbitzua da, medioek, publizitate agentziak edo iragarleek horrela eskatuta. Autocontroleko Kabinete Teknikoak publizitate kanpaina ongi aztertzen du, iragarkia edo dena delakoa zintzoa, ondradua eta egiazkoa dela ziurtatzeko. Hori egin ondoren, azterketaren diagnosia ematen dio bezeroari.

Argi utzi nahi dute baina, bezeroak nahi duena egin dezakeela. Alegia, Kabinete Teknikoaren diagnosia isilpekoa eta ez loteslea delako.

Informazio gehiago nahi izanez gero www.autocontrol.es helbidean aurki dezakezu.


 
PELIKULA

«El Show de Truman», bizitza zuzenean


'El show de Truman' filmaren kartela
Peter Weirrek zuzendutako pelikula honek arrakasta itzela lortu zuen 90. hamarkadaren amaieran. Truman Burbanken istorioa kontatzen du. Truman telebistako programa bateko protagonista da; kamerek grabatzen dute egunak dituen 24 ordutan egiten duen guztia berak ezer jakin gabe. Protagonista bizi den herria ez da existitzen, dekoratu handia da; bere familia, lagunak, auzokideak, lankideak… aktoreak dira. Hogeita hamar urte pasako dira Truman egoera horretaz jabetzeko. Zuzendaria telebistaren eragina noraino irits daitekeen azaltzen ahalegindu da pelikula honekin.

 
IKASMATERIALA

Publizitatea

 

Publizitatea ikasmateriala
Infoconsumok eta Eusko Jaurlaritzak osatutako ikasmaterial honek publizitatearen gaia jorratzen du. Materiala oso erabilgarria da publizitatearen eta komunikabideen egitekoak eta rolak aztertzeko, hau da, errealitate horiek gertuagotik ezagutzeko. Ikasmaterialean ekintza praktikoak egiteko iradokizunak jasotzen dira euskarri ezberdinetan, hala nola, fitxak, diapositibak, gardenkiak…

Gida didaktiko honetan elementu hauek aurkituko dituzue: sarrera, helburuen azalpena, publizitate mezuen ezaugarriei buruzko informazioa eta horiek aztertzeko metodoak. Argitalpena euskaraz eta gazteleraz dago.

Informazio gehiago:
http://www.infoconsumo.es/eecred/indexcast.htm


 
WEBGUNEAK

Spamak, zabor higuingarria

 

www.rompecadenas.com.ar/spam.htm web orrialdea
www.rompecadenas.com.ar/spam.htm web orrialdea :
Inork aurrez eskatu gabe mezu elektronikoak bereizi gabe bidaltzea. Hori da spam terminoaren definizioa. Produktuen publizitatea, zerbitzuak edota web orrialdeak dira gehien errepikatzen diren spamak. Helbide elektronikoa dugun orok jasotzen ditugu mezu horiek, geroz eta gehiago. Adituek egindako azterketa baten arabera, egunero jasotzen diren mezuen %60-80 spamak dira. Mezu horiek kaltegarriak omen dira, hartzailearentzat eta bidaltzen dituenarentzat. Eta nola lortzen dituzte gure helbide elektronikoak? Horretara dedikatzen direnek helbide elektronikoak lapurtu edo erosi egiten dituzte. Helbide elektroniko honetan spamei buruzko informazio zabala jasoko duzu; arretaz irakurri informazioa, besteak beste, halako mezuen aurrean zer egin daitekeen azaltzen duelako.
www.iec.csic.es/CRIPTONOMICOM/spam web orrialdea
www.iec.csic.es/CRIPTONOMICOM/spam web orrialdea :
www.iec.csic.es/CRIPTONOMICON/spam orrialdean ere informazio gehiago aurki dezakezu.
Azken eguneratzea: 2007/03/15