BIZIKLETAK ALOKATUZ HIRIBURUETAN BIDAIATU
Euskal Autonomia Erkidegoan, batez ere hiriburuetan, geroz eta herritar gehiagok erabiltzen du bizikleta garraio sistema moduan. Erabiltzaile gehienek bere bizikleta propioa daukate, baina bizikletak alokatzeko aukera hedatzen ari da.
Bilbon, esate baterako, aspaldi alokatzen dituzte bizikletak. Bost orduko maileguak dira, eta egun 190 bizikleta dituzte hamar puntutan sakabanatuta (Deustun, Zorrotzan, Otxarkoagan, Begoñan, Arriagan, Zubiarte merkatal gunean…). Bilbo eta inguruko herrietako biztanleei eskainitako zerbitzua izan arren, turistek ere sarritan hartzen dituzte. Zerbitzua doakoa da eta hilero 6.500 bat erabiltzaile izaten ditu.
Gasteizen 2004tik alokatzen dituzte bizikletaren erabilgarritasuna, erosotasuna eta bizi kalitatean eragiten duen hobekuntza aldarrikatzeko. 200 bizikleta inguru daude 11 mailegu puntutan (kiroldegietan, gizarte etxeetan eta merkatal gunetan), dagoeneko 21.351 lagun erregistratu dira eta urtero 50.000 lagunek erabiltzen dute zerbitzua.
Bilbon eta Gasteizen Udalek eskaintzen dute zerbitzua, Donostian aldiz, Foru Aldundiak. 2007ko ekaina bukaeran “Mugikleta” bizikletak alokatu eta gordetzeko gune berria aurkeztu zuten. Estreinakoa EHUko Ibaetako Campusean jarri dute, baina lehenengo fasean beste hiru jarriko dituzte: Eusko Trenen Lugaritzeko eta Amarako geltokietan eta Renfeko iparraldeko geltokian. Modulu bakoitzean 32 bizikleta jarriko dituzte.
Lapurreten aurrean, bizikletak erregistratu
Bizikletak alokatzearekin batera, bizikleten erroldak egiten hasi dira lapurretak prebenitzeko eta lapurtutako bizikletak errazago topatzeko. Donostiako Udala, esate baterako, joan den urteko ekainean hasi zen eta Zarautzen edo Zumaian ere antzeko sistemak bideratu nahi dituzte.
Bizkaian Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko Udalek ere indarrean jarri dute Biziz Bizi elkartekoen laguntzarekin eta aisialdiko bidegorritan gauza bera egin behar dutela iragarri dute.
Arabako herrietan, berriz, ez da horrelakorik aurreikusten. Gasteizko Bizikleteroak elkarteko ordezkarien hitzetan, “herriak oso txikiak dira eta ez du merezi halakorik egiterik”. Gasteizen, ordea, Bartzelonako esperientzian oinarritutako proiektua prestatzen ari dira, baina momentuz prestaketa fasean baino ez daude.
BIZIKLETA GARRAIOBIDE GISA
Izenburu bera duen ikerketaren laburpena jasotzen du liburu honek. Deustuko Unibertsitateko Deustu Fundazioaren Ikerketa Sozialak Zentroak egin du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren aginduz, eta Trinidad Lourdes Vicente eta Ibon Hormaeche arduratu dira lana egiteaz.
Azterketa honetan hirian zehar mugitzeko bizikleta erabiltzen duten bizikletarien eta gai honetan lana egiten eta horren gaineko gogoeta egiten dutenen ikuspegira hurbildu dira azken urteotan gai honen inguruan eman diren aurrerapenei eta etorkizunari buruz hitz egiteko.
Iritzi horiek jasotzeko “eztabaida-taldea” izeneko teknika baliatu zuten egileek. Hiru multzo osatu zituzten: lehenengoan hirian bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenak bildu zituzten; bigarrengoan, ikastetxeetara bizikletaz joaten diren ikasleak eta irakasleak, eta azkenekoan, bizikletaren inguruko adituak eta gizarte eragileak (erakundeetako ordezkariak, bizikletarien taldekoak eta mugikortasuneko adituak).
Liburua zazpi gai nagusitan dago banatuta: bizikletaren erabileran izandako aldaketen gaineko irudipena, bizikletaren etorkizunari buruzko balorazioa, bizikletaren abantailak eta eragozpenak, bizikletaren erabilera sustatzeko proposamenak, bizikletarien bide-segurtasuna, bizikletaren bide-segurtasunaren mailak hobetzeko neurriak eta bizikletaren gaineko euskal estrategiaren alde.
Liburuaren gaztelerazko bertsioa hemen aurki dezakezu: www.bacc.info/documents/BICI_CAST.pdf
Irailaren 22an “Autorik gabeko eguna” ospatzen da. Azken urteotan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europako hainbat eta hainbat hiri eta herritan autoaren gehiegizko erabilera egiten dugula salatzeko ekitaldiak antolatu dituzte.
Baina noiz eta zergatik hasi zen egun hori ospatzen? Aurreneko saiakera 1974. urtekoa da. Energia-krisiaren garaia zen, eta zenbait Gobernuk petrolioaren hornikuntzarekin arduratuta, igandetan trafiko motorizatuaren zirkulazioa debekatu zuten. Esperientzia hark ez zuen luzaroan iraun, petrolioaren krisiarekin batera amaitu zen.
80. hamarkadan, berriz, talde ekologistek eta bizikletaren erabileraren aldeko zenbait elkartek “Autorik gabeko eguna” antolatzea proposatu zuten. Geroztik, hiri askok hartu dute nazioarteko egun hori ospatzeko erabakia “autoen gehiegizko erabilerak osasun, ingurune, eta oro har gizarte mailako ikaragarrizko arazoak sortzen dituelako”.
EAEko hiriburuetan
Bilbon eta Donostian “Autorik gabeko eguna” ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte –aurtengoan Gasteizen ez dute ekitaldirik antolatu-. Bilbon, esate baterako, antzinako bizikleten erakusketa antolatu dute Zubiarte merkatal gunean (Lehendakari Leizaola, 2). Erakusketa urriaren 14ra arte ikusteko aukera izango da.
Donostian bizikleta izango da protagonista gaurko egunez. Gipuzkoako hiriburuan bizikletaren erabilerak gora egin du azken urteotan eta jarrera horren garrantzia nabarmendu nahian, bizikletaren erabilera sustatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte haur, gazte eta helduentzat. Era berean, garraio publikoa erabiltzeak, autoa egoki erabiltzeak edo oinez aritzeak duten garrantzia nabarmenduko dituzte ere gaurko egunez.