Badakigu eskolarako bidea sarritan egiten duzuela -gutxienez astean bost aldiz eta zuetariko batzuk gehiagotan-. Hala ere, ziur gaude bidean dauden gauzak edo bidean ikusten dituzuen pertsonak oharkabean pasatzen zaizkizuela. Bidean zer ikusten duzuen edo nor ikusten duzuen ez zarete jabetzen, eta bidea luzea den, laburra den, aspergarria den edo dibertigarria den galdetzen badizuegu, ziurrenik zuetariko askok ez duzue erantzun zehatza ematen asmatuko.
Ariketa honetan etxetik eskolara dagoen bidea aztertzea proposatu nahi dizuegu. Begiak zabaldu eta arreta jarri, detailerik txikienak jasotzea proposatu nahi dizuegulako. Horretarako galdera sorta hau prestatu dugu, lagungarria izango zaizuelakoan. Galderak bost multzotan mailakatu ditugu, eta bakarka erantzun beharrekoak dira.
1.1.- Egunero zenbat aldiz errepikatzen duzu etxetik eskolara dagoen bidea?
1.2.- Nola joaten zara eskolara? (Oinez, bizikletaz, patinetan, eskolako autobusean, autobus publikoan, autoan…).
1.3.- Norekin joaten zara? (Bakarrik, gurasoekin, ikastolako lagunekin, anai-arrebekin, pertsona heldu batekin…).
2.1.- Zenbat denbora behar duzu etxetik eskolara iristeko?
2.2.- Eskolarako bidean errepideak edo kaleak gurutzatu behar dituzu? Zenbat aldiz?
2.3.- Bide-gurutze horietan semafororik ba al dago? Arriskutsuak direla iruditzen zaizu?
2.4.- Eskolarako bidean udaltzainik izaten al da trafikoa zuzentzen?
3.1.- Eskolarako bidean ezagutzen dituzuen pertsona nagusiak ikusten al dituzu? Agurtzen al dituzu?
3.2.- Bidean aurkitzen dituzuen pertsona horiek nortzuk dira? (Bizilagunak, dendariak…).
4.1.- Pozik joaten al zara eskolara?
4.2.- Lagunekin joaten zarenean, zeri buruz hitz egiten duzue?
5.- Egunen batean arazoren bat izango bazenu, zer egingo zenuke?
Ikusten duzuenez, galdera sorta luzea da. Hori dela eta, komenigarria da galdera guztiak egun bakarrean ez erantzutea. Ariketa aste batean egin dezakezue, egunero multzo bateko galderei erantzunez.
Proposatu dizkizuegun galderei ahalik eta xehetasun gehienarekin erantzun behar diezue, baina erantzunak ematea bezain garrantzitsua da eskolako bidea seguruagoa eta dibertigarriagoa bihur dadin proposamen berriak egitea. Hortaz, galderei bakarka erantzun ondoren norberak egin dituen ekarpenak ikaskideekin konpartitzea eta ondorioak ateratzea aberasgarria suertatuko zaizue.