Egilea: Isabel Prieto de Blas
Geografoa eta ingurumen aholkularia.
Donostiako Udaleko Mugikortasun, Auzoak eta Herritarren Partaidetza bulegoak bideratzen duen Eskolako Bidea programako koordinatzailea.
Pedagogoek haurrak eskolara bakarrik joatea bere autonomia garatzeko aberasgarria dela ziurtatzen duten arren, geroz eta gehiago dira gurasoekin autoz joaten direnak istripu arriskua, kutsadura eta zarata akustikoa areagotuz.
Eskolara oinez joatea errutinazko portaera sinplea da. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren haur askok ezin dute garai bateko haurrek egiten zuten bezala eskolara bakarrik joan. Gurasoen lan baldintzen edo etxeko ekonomiaren eraginez, geroz eta gehiago dira egunero eskolara gurasoen autoan joan behar duten ikasleak. Joera horrek eskolako sarrera eta irteera orduetan auto pilaketak sortzen ditu ikastetxe askotan inor harrapatzeko arriskua, kutsadura maila eta zarata maila areagotuz.
Ospe handiko pedagogoek azken urteotako joera hori gaitzetsi egiten dute. Beren iritziz, etxetik bakarrik ateratzeko autonomia izatea haurren garapenean oso garrantzitsua da. Horren harira hausnarketa egitea beharrezkoa da. Zer gertatu da gure seme-alabei kalera bakarrik ateratzen ez uzteko? Zerk bihurtu ditu gure herri eta hiriak horren arriskutsu? Erantzuna ibilgailuen gehiegizko trafikoa bada, egoera iraultzen ahalegintzeko ordua da.
“Haurrei eskolara oinez bakarrik joaten uzten diegunean seme-alabei gauzak bere kabuz egiteko konfiantza ematen diegula adierazten du”
Trafikoarekin gertatzen ari dena hiri handietan ikus dezakegun egoeraren ispilu baino ez da, eta ez da soilik ordu puntetan errepikatzen den egoera. Kaleak eta plazak, orain dela gutxira arte hirietako biztanleentzako topagune eta sozializazio guneak, kendu edo txikitu egin dituzte ibilgailuen trafikoari leku egiteko, edo kasurik okerrenean, aparkalekuak egiteko.
Testuinguru honetan, “Eskolara oinez” programaren garrantzia azpimarratu behar da. Egitasmoaren oinarria haurrei, helduen laguntzarik gabe, eskolara modu autonomo eta seguruan joateko aukerak eskaintzea da, helburua bideratzeko beharrezkoak diren aldaketak sustatuz.
Autonomia pertsonala
Programak autonomia pertsonala garatzeko aukera ematen du. Haurrei eskolara oinez bakarrik joaten uzten diegunean seme-alabei gauzak bere kabuz egiteko konfiantza ematen diegula adierazten du. Eskolara bakarrik doazen neskek edo mutilek erantzukizun horri aurre egin behar diote, erronka hori gainditu behar dute. Zoritxarrez, ez da halakorik gertatzen. Haurrek geroz eta beranduago hartzen dituzte erantzukizunak, heldutasun aldia atzeratuz.
Bestetik, haurren sozializazioa eskola eremuetatik kanpo suspertzeaz gain, inguruko bizilagunekin eskolarako bidea egiteko aukera errazten die. 7 eta 12 urte arteko neska-mutilei egindako inkesta batean eskolako bidea norekin egiten duten gustuen galdetu genien. Gehien errepikatzen ziren erantzunak bi ziren; askok, “auzoko lagunekin” erantzun zuten. Beste askok, berriz, helduen laguntzarik gabe egiten dute gustuen. Kontuan hartu behar dugu gaur egun haur askok ez duela bere auzo edo herriko ikastetxean ikasten eta, nolabait esateko, ingurunearekiko deserrotze prozesua gertatzen ari da aisialdiaz eskolan egindako lagunekin disfrutatu nahi dutelako.
“Azterketa baten arabera, ikastetxearen inguruan gertatzen diren istripu gehienak gurasoek edo irakasleek sortzen dituzte bere autoekin”
Hasieran genion bezala, ingurumen hezkuntzako proiektu bat den neurrian, “Eskolako Bidea” egitasmoak mugikortasun eredua zalantzan jartzeko aukera ematen digu. Izan ere, gaur egungo eredua garraio pribatuan eta motordun ibilgailuetan oinarritzen da gutxiago kutsatzen duten beste garraio motak (bizikleta edo oinez) baztertuz. Egitasmoak, era berean, kutsadura atmosferikoaz, kutsadura akustikoaz edo negutegi efektuak igortzen dituen gasez, planetaren berotzeaz, aldaketa klimatikoaz edo antzeko beste arazo orokorragoez hitz egiteko aukera ematen du.
“Eskolako bidea” egitasmoaren beste abantaila bat gertutasunarena da, eskola komunitatea osatzen duten eragile guztiengana hurbiltzeko aukera ematen baitu: irakasleengana, ikasleen gurasoengana, ikastetxea osatzen duten beste eragileengana... Modu honetan, eskoletan egiten diren esperientziak errealagoak bihurtzen dira ikasle-irakasle eremutik aldentzen direlako.
Azterketa baten arabera, ikastetxearen inguruan gertatzen diren istripu gehienak gurasoek edo irakasleek sortzen dituzte bere autoekin. Banaketako furgonetek edo gehiegizko abiaduran doazen beste autoek ere sortu dituzte halakoak. Horregatik da horren garrantzitsua “Eskolako bidea” programan auzotarren parte-hartzea, arazoaz jabetzen direlako eta laguntza eskaintzen dutelako.
Auzotarrek “Eskolako bidea” programan parte hartzen duten bezala, eskolako haurrak auzoko bihurtzen dira Eskolako Agenda 21en lantzen dituzten gaien inguruko proposamenak eginez. Zenbait udalerritan, esate baterako, ikasleek sentsibilizazio kanpainak egin dituzte, idatziak prestatu dituzte, informazioa banatu dute, auzoko komertzioetan jartzeko pegatinak banatu dituzte edo komunikabide ezberdinen aurrean “Eskolako bidea” programan izan duten esperientzia azaldu dute.
Kohesio soziala
Amaitzeko, kohesio sozialaren esparruan programak herri edo hiriko eragile ezberdinak arazo komunak elkarrekin lantzeko eta konponbideak bilatzeko aukera ematen du. Tokiko administrazioak, espazio fisikoa kudeatuz eta beharrezkoak diren baliabide teknikoak jarriz; elkarteek, arazoak aireratuz eta komunitatearen beharrak eta arazoak publiko eginez, eta gurasoek, seme-alabek dituzten segurtasun arazoak identifikatuz eta prebentzio neurriak abian jarriz.
Eskolara oinez joatea bezalako errutina sinple batek gizarte oso bat nolakoa den azaldu dezake. Hiri bat segurua eta atsegina bada eragozpen gehien dituen gizarte esparruarentzat, haur txikiak multzo horretan sartzen dira, hiria segurua eta atsegina izango da gainontzeko biztanleentzako. Europako zenbait hiritan eredu horren aldeko apustua egin dute kaleak, espaloiak, plazak eta abar. eraldatzen. Euskadin ere hasiak dira halako aldaketak kontuan hartzen.
Gure herri eta hiriak bizileku atseginagoak bihur daitezen oraindik ere bide luzea dago egiteke, baina garrantzitsuena gutariko bakoitzak helburua lortzeko bere ekarpenak egin ditzakeela jabetzea da. Aldaketan sinesten badugu, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da.