VALDEREJO, EDERRA JOAN ZEN EGUNA!
Goizeko zortzietarako autobusa gainezka zegoen herriko plazan. Denok gaude? 1,2…63, 64…77 eta 78.
Anttonio eure burue kontau al dek? Bai, denok geunden. 78 lagun, ikasle, guraso, irakasle, neska eta mutil, gazte eta heldu. Euria ari zuen, eta euria izan genuen lagun autobusez egin genuen bidaia osoan, baina, denok genuen eguraldiak eguna edertuko zuen itxaropena. Eta halaxe izan zen.
Hamarrak paseak ziren aparkalekuan autobusa utzi, eta Puron ibaiari eskua emanez gure ibiliari heldu genionean. Aitte, aitte, beida ur-jauzi hoi!, Ama , entzute al dezu nolako hotsa ateatzen don errekak?... Ikuskizun polita izan zen ibilbidearen lehenengo zatiak eskaini ziguna. 1950eko hamarkadan hustutako Ribera herriko eliz erdi eroriaren inguruan atseden pixka bat hartu, hamaiketakoa jan, indarrak berritu, eta berriz abiatu ginen tipi-tapa, tipi-tapa, batzuk lehengo bidean aurrera Lalastrarantz, eta besteak Anderejo mendilerroaren azpialdetik Vallegrull (1.230 metro) tontorrerantz. Begiratoki zoragarria han goian topatu genuena, eskura, bertan, saiak hegan, arranoak jolasean izan genituen, kukua gurekin izan genuen ia bide guztian…
Berriro ere Lalastrako herrian egin genuen bat talde osoak. Bazkaldu, kafetxorako tartea egin, eta bertako museo eta interpretazio-gunea bisitatuz, parkeak bere osotasunean eskaintzen dituen aberastasun guztiak ezagutu eta gozatu genituen.
Bostak eta erdiak aldera, autobusa hartu eta etxera bidean Añanan egin genuen geldialdia. Bidaia guztian zehar izerditan galdutako gatzak berreskuratu ahal izan genituen, harrigarria baita hango urek duten gatz kopurua. Jakin minak eraginda denok eraman genuen behatza ur artera, ur-ttanttak ahora. Gazia zegoen bai! Ikusgarria da Añanako egur soilez osatutako eraikuntzek eskaintzen duten ikuspegia. Bideari berriro heldu, eta zortzi eta erdiak aldera goizean goiz autobusa hartutako leku berean geunden. Nekatuta, baina, pozik.
Bukatu, Seatle indiarrak idatzitako harribitxi honekin bukatu nahi genuke , Lalastrako interpretazio-gunean bildu genituen hitz hauekin: “ Guk geure seme-alabei irakatsi dieguna irakatsi behar diezue zuenei: Lurra gure ama dela, alegia. Lurrarengan eragina duen guztiak, Lurraren seme-alabengan ere eragina du.”
AITA IPARRAGIRRE IKASTETXEA, IDIAZABAL (GIPUZKOA)
Gasteizko 8.000 ikaslek Eskolako Agenda 21en barruan hiri barruko mugikortasuna aztertu zuten 2005-06 ikasturtean. Bizikleta irteerak eta sentsibilizazio tailerrak antolatu zituzten, eta datu-bilketa egin zuten, langileak eta ikasleak egunerokotasunean nola mugitzen diren ezagutzeko.
Autoaren erabilera gehiegizkoa dela ondorioztatu zuten kutsadura atmosferikoa edo osasun arazoak areagotuz. Irtenbide moduan eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoa erabiliz egitea proposatu zuten. Prestatu zuten txostenean, besteak beste, eskolarako bidean gehien errepikatzen diren arazoak jaso zituzten: gehiegizko trafikoa, autoen gehiegizko abiadura, bide-gorrien falta, zebra-bide gutxi, espaloia estuak, autoak espaloietan uzteko ohitura, eta abar. Baina batez ere bizikletan ibiltzearen abantailak azpimarratu zituzten azkarra da, erosoa, erregairik ez du behar, ez du kutsatzen…
Baina gutxi erabiltzen dela ondorioztatu zuten txirrindularia ez dagoelako babestua, bide-gorri sareak hutsuneak dituelako, auto gidariek txirrindulariak ez dituztelako errespetatzen eta bizikleta asko lapurtzen direlako, besteak beste.
GASTEIZKO CEA
MUGIKORTASUNEKO PLAN INTEGRALA SORTZEKO AHALEGINA
Zarauzko Udalak 2004 urtean Partaidetza Tailer bat antolatu zuen 18 urtetik beherako herritarrek, populazioaren %22,45ek, etxetik ikastetxera egiten dituzten joan-etorriak aztertzeko. Ikasleen gurasoek, irakasleek, administrazioko teknikariek, udaltzainek eta arduradun politikoek parte hartu zuten Mugikortasuneko Plan Iraunkorra osatzen.
Partaideek mugikortasunaren esparruan herrian zeuden arazoak identifikatu zituzten. Bost puntutan laburbilduz: joan-etorri laburretarako auto pribatuaren gehiegizko erabilera, ikastetxeetako sarrera-irteeretan sortzen diren zirkulazio arazoak, bide segurtasunari buruzko kezka, garraio zerbitzu publikoaren falta eta bide-gorri sarea egitea eta bizikletentzako aparkalekuak jartzea.
Bigarren urratsa arazo horiek konpontzeko proposamenak lantzea izan zen. Sei puntutan laburbildu zituzten: auto pribatuaren erabilera murriztea, eskolara sartzeko eta irteteko orduetan ikastetxeetatik hurbil dauden hainbat kale ixtea edo trafikoa desbideratzea, garraio publikoa erabiltzaileen beharretara egokitzea (ordutegiak koordinatu, maiztasuna areagotu, autobusak hobetu…), bide-gorri sarea osatzea, bide-hezkuntza programa belaunaldi guztiei ematea eta azkenik, ikastetxe bakoitzaren beharretara eta baldintzetara egokituko den tratamendu espezifikoa egitea.
ZARAUZKO UDALEKO PARTAIDETZA TAILERRA