Ebro arroko Bigarren Hezkuntzako ikasle guztiak “Foro joven: Ríos para vivirlos” izeneko programan parte hartzera gonbidatuta daude. Lehenengo urratsak Aragoiko ikasle batzuek eman dituzte eta antolatzaileek ikasturte honetan arro osoko autonomia-erkidegoetako ikasle guztiek parte hartzea espero dute –Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak parte-hartzea sustatuko duela iragarri du.
Jarduerak geletan eta ibaietan egingo dira, bi helbururekin. Batetik, ikasleei ibaiez gozatzeko aukera eman nahi zaie, eta bestetik, ibaiak zaintzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi dituzte ikasleak. Antolatzaileek hausnarketa kolektibo bat izatea nahi dute, ekosistema horiek kudeatzea eta egoera onean mantentzea ez dela horren erraza azaltzeko.
Ekimena Expo Zaragoza 2008 delakoan bukatuko da. Ekainaren 14tik irailaren 14ra arte luzatuko den erakusketan urak eta garapen jasangarriak tarte zabala izango dute. Foroaren inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, www.unizar.es/forojoven web orrialdean aurki dezakezue.
TOLOSAKO UDALA MUGIKORTASUN IRAUNKORRAREN ALDE
Tolosako Udalaren ekimenez, bertako ikastetxeetako neska-mutilak eskolara bizikletaz iristeko aukera dute. Momentuz Laskuraingo eta Hirukide Jesuitinas ikastetxeko haurrak dira eskolako ateraino gerturatu daitezkeenak, baina epe laburrean Samaniegokoek ere aukera hori izango dute –bide-gorri sarea ikastetxetik ehun metroraino iristen da–.
Tolosako Udalako arduradunek jakinarazi digutenez, falta den zati hori epe laburrean osatuta uztea espero dute. “Tolosako bide-gorri sarea hiru fasetan egitea erabaki zen, eta une honetan bigarrena amaitzen ari gara, hor sartzen da Samaniegokoa”, esan digu Juan Unzuetak.
Eskolapioak ikastetxera, ordea, Tolosako beste ikastetxea, bide-gorri sarea eramatea ezinezkoa dela esan digute. “Muino batean dago, eta arriskutsua da, jaitsieran abiadura handia hartzen delako. Hala ere, aldapa hasi aurretik dagoen plazan bizikletentzako aparkalekua jartzea aztertzen ari gara”.
Tolosan bide-gorria jartzeko lanak aspaldi hasi zituzten, “2000. urtean edo. Mugi Hadi izeneko programan oinarrituta ikasleak ikastetxeetara nola joaten ziren aztertu genuen. Aurrerago, Eskolako Agenda 21en barruan, Mugikortasunaren gaia lantzen ari zirela aprobetxatuta, ikasleei bere ekarpenak egiteko aukera eman zitzaien, eta horietako batzuk kontuan hartu genituen”.
Autobus urbanoa ere ikastetxeetaraino heltzen da Tolosan. “Sarrera eta irteera orduetan bi autobus ibiltzen dira, autoaren erabilera murrizteko. Hala ere, zerbaitetan ikasleak alfertzen ari ez ote garen susmoa daukagu. Izan ere, eskolara oinez joatea osasungarria da”, aipatu digu Unzuetak.