JOKOA I: TRAFIKOKO ZUZENDARITZA NAGUSIA
Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak bere web orrialdean adin tarte zabaleko neska-mutilentzako jolasak eskaintzen ditu, jolasak bideko segurtasunarekin erlazioa duten eta oso garrantzitsuak diren kontzeptuak barneratzeko lagungarriak direla uste dutelako. Jolasak adinaren arabera bost multzotan (0-6, 6-12, 12-16, 16-18 eta 18 urtetik gorakoak) daude sailkatuta, eta mota askotarikoak aurki daitezke: puzzleak, galderei erantzutekoak, bideo-jokoak, akatsak aurkitzekoa, eta abar.
Jolas horiez gain, web orrialde honetan errepideko segurtasunarekin erlazioa gortzen duten ipuinak edo abestiak aurki daitezke.
Informazio gehiago: www.dgt.es/educacionvial/DGT_Home_Buscar_.html web orrialdean.
JOKOA II: ESKOLARA BIZIKLETAZ
“Al cole en bici. Aventuras y desventuras de un ciclista en la ciudad” Andalucia por la bici Andaluziako mugikortasun iraunkorraren aldeko web orrialdean aurki dezakezuen jokoa da. Jokoaren protagonista eskolara bizikletaz doan neska gazte bat da, eta jokoaren xedea eskolara ahalik eta azkarren iristea da, baina ez edonola, eskolarako bidean dauden seinale guztiak errespetatu behar baitira. Seinaleak errespetatzeaz gain parte-hartzaileek bideko oztopoak gainditu behar dituzte.
Jolastu nahi baduzu, sartu www.andaluciaporlabici.org web orrialdean.
FILMA: LA BILBOPANDA PASA EN VERDE
Bilboko Udalak kaleratu zuen 1988. urtean eta garai hartako udaleko Hezkuntza Zerbitzuak, Zirkulazio Sailak eta Herri Babes Sailak parte hartu zuten ekimen honetan. “La Bilbopanda pasa en verde” bideoaren helburua bide-heziketan behar-beharrezkoak diren zenbait aholku ematea zen, eta grabazioa egin zutenetik urte dezente pasa diren arren, gaur egungo ikasleentzat baliagarria izan daiteke. Bertan, bideoko bost protagonistak bizikletaz hirian zehar nola ibiltzen diren, semaforoak eta zebra bideak nola pasatzen dituzten edo bide-heziketarekin zerikusia daukaten beste alorretan zein jarrera hartzen duten ikus daiteke.
Bideoa ikusi nahi izanez gero, Ingurugeletan eska dezakezue.
ELKARTEA: BIZIKLETAREKIN ASKOZ HOBE
ConBici bizikletaren sustapenerako eta txirrindularien defentsarako Iberiar penintsulako koordinadora da. 1992an sortua, Espainiako eta Portugaleko 37 elkartek osatzen dute –tartean daude Bilboko Biziz Bizi, Donostiako Kalapie eta Gasteizko Bizikleteroak–.
Koordinadoran, besteak beste, hirigintzako, azpiegituretako, ekonomiako, turismoko, osasuneko edo hezkuntzako, adituak biltzen dira. Pertsona guztiak oinezkoak eta txirrindulariak errespetatuko dituen trafiko araudi berri bat indarrean jartzeko ahaleginean dabiltza. Koordinadorak behin eta berriro azpimarratu du bizikleta garraio alternatibo bezala erabiltzea eskubide bat behar duela izan, eta momentuz, eskubide hori urratuta dutela.
Koordinadorak ekimen asko garatzen ditu, baina garrantzitsuena bi urtetik behin antolatzen duten “Bizikleta eta Hiria” kongresua da.
Elkartearen berri gehiago nahi izanez gero, www.conbici.org web orrialdean aurkituko dituzu.
TXUSA AUTOBUSA
Lehen Hezkuntzako neska-mutilentzako egokia da Txusa autobusaren istorioa. Modu sinplean garraio publikoa erabiltzeak ingurumenarentzat dituen abantailak azaltzen ditu. “Autobusez bagabiltza, auto pilaketa gutxiago egongo da, ingurumena errespetatuko dugu, kutsadura ere txikiagoa izango da, dirua aurreztu eta primeran pasako dugu” amaierako esaldiak argi eta garbi adierazten du egileek transmititu nahi duten mezua.
Bestalde, egileek autobusetan nola joan behar den azaltzen dute. “Eserita eta ondo helduta” joan behar dela edo “autobusa gelditzean jaitsi” behar dela bezalako aholkuak irakurri daitezke.
Eduki aldetik interesgarria izateaz gain, neska-mutilei bertan agertzen diren marrazki guztiak koloreztatzeko aukera eskaintzen die.
Egilea: Laura Obregón eta África Barbancho
Argitaratzailea: Hondarribiko udala
Orrialde kopurua: 23
MUGIKORTASUN OHITURA IRAUNKORRAGOAK
Eusko Jaurlaritzak bere ingurumen estrategia aurrera eramateko Nazio Batuen Ingurumen Programak sustatutako GAP Programa (Ekintza Plan Globala) abiatu zuen.
Programak lau arlo hauek lantzen ditu: erosketak eta hondakinen kudeaketa, ur-kontsumoa, energia-kontsumoa eta garraioa. Azkenekoan, garraioarena, mugikortasun ohitura iraunkorragoak hartzeko zazpi ekintza praktiko jasotzen dira: oinez edo bizikletaz ibiltzea, garraio publikoa erabiltzea, ibilgailua partekatzea, autoa ondo zaintzea, olioa behar bezala aldatzea, aurreztuz eta zaratarik gabe gidatzea eta gutxiago kontsumitzen duten autoak erostea.
Liburuxkako edukiak gehiago sakondu nahi badituzu edo GAP programak orain arte eman dituen emaitzak ezagutu nahi badituzu, www.ingurumena.ejgv.euskadi.net web orrialdean GAP Programari eskainitako tartean aurkituko dituzu.
Egilea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila - Eusko Jaurlaritza
Orrialde kopurua: 17
SARETIK BUELTAKA: BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIEN AHOLUKUAK
Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bizikletari eskainitako web orrialdeetan informazio ugari eskura dezakezue. Instituzioak jakitun dira hiri eta herrietan autoaren erabilera gehiegizkoa dela, eta irtenbideak aurkitu nahian bizikletaren erabilerak duen garrantziaz ohartarazi nahi dituzte herritarrak.
www.bizkaia.net/herri_lanak/Bizikletak/eu_index.html Bizkaiko Foru Aldundiaren web orrialdea da. Bertan eskaintzen den informazioaren artean jarraian aurreratzen dizkizugun hauek aurki ditzakezu: legeak dioena, bizikletaren erabilera zabaltzeko egitasmoa, Bizkaian zehar bizikletaz ibiltzeko aholkuak, bizikleta bideak diseinatzeko gida-liburua, helbide interesgarriak, eta abar.
www.gipuzkoabizikletaz.net aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren web orrialdea da. Hemen ere informazio ugari aurki dezakezue: hirian barrena ibiltzeko dauden bizikleta motak, bizikleten mantenurako aholkuak, bizikletarekin ibiltzeko trikimailuak, bidegorriak bisitatzeko pantaila, araudia, bizikletak salerosteko gunea…
PUNTTU BERDEA
Nekazaritza ikus daiteke
begiratuz menditara
baina herrian gelditzen dena
zerbait naturala al da ba?
Agendarekin, koaderno gabe...
argia izan behar da!
Auto istripuak, prezio altuak...
hoberako lurrikara!
Hondakin pila, ozono kapa
lurra salbatu nahi bada
jasotakoa ematekotan ...
mugitu egin behar gara!
Doinua: Haizea dator ipar aldetik
Egilea: Laudioko Bertso Eskola