Eusko Jaurlaritzaren Logotipoa

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Ingurumena
  4.  
  5. Ingurumen-hezkuntza
 
ihitza 24




Bitakora kaiera

BATZUENTZAT EZ DA HORREN ERRAZA


Itsua zebra bidea gurutzatzen
Ihitza aldizkariko zenbaki honetan Eskolako bidea. Mugikortasuna gaia dugu hizpide. Eskolara iristeko modu asko daudela azaldu dugu, eta bakoitzak komeni zaiona, gustuko duena edo dituen aukeren artean egokiena iruditzen zaiona baliatzen duela ikusi dugu. Orain artekoak esperientzia propioak izan dira, baina oraingoan bestelako ariketa proposatu nahi dizuegu: gurpildun aulkian dabiltzan ikasleen eta itsuak diren ikasleen larruan sartzea, hain zuzen.

 


 

Ariketa bi fasetan egingo dugu. Lehenengoan, begietan zapi iluna jarrita eta makilaren laguntzarekin egingo dugu etxetik eskolara daukagun bidea. Guztiok egingo dugu, baina horrelakoetara ez gaudenez ohituta, bakoitzak laguntzaile bat eramango du alboan. Laguntzailearen funtzioa ikaskidea eskolara oso-osorik iritsiko dela bermatzea da, behar-beharrezkoa ikusten duenean baino ez du laguntza eskainiko. Hori bai, beti alboan izango du.

Biko taldeak osatu behar direnez, komenigarriena da bikoteak auzo bereko ikaskideekin osatzea, esperientzia etxean bertan hasiko baita. Ariketa ez da eskolara iristean amaituko, jolas-garaia heltzen denean jarraituko du. Komunera, patiora, liburutegira… horrenbeste jendez inguratuta eta ezer ikusi gabe joatea zer den ezagutzeko.

Esperientzia berriak sortzen dituen sentsazioak eta bizipenak jasotzeko laguntzaileak grabagailu bat eramango du, ariketa egiten ari den ikasleak esaten dituen guztiak jasota geratu daitezen.

Gurpildun aulkia

Gurpildun aulkian dauden pertsonak laguntzaileekin paseatzen
Ariketaren bigarren zatia gurpildun aulkian egingo dugu. Lehenengo lana gurpildun aulkia lortzea izango da. Ez da ohikoena, baina agian norbaiten etxean egongo da inork erabiltzen ez duen gurpildun aulkirik. Horrela ez bada, herriko Osasun Zentrora joan beharko dugu. Egingo dugun eskaera bitxi xamarra dela jakinik, ikastetxeko zuzendariak sinatutako agiriren bat eramatea lagungarria izango da.

Gurpildun aulkia lortu ondoren, lehenengo ariketan bezala bikoteak osatuko ditugu. Lanean hasi aurretik txandak zehaztu beharko dira, ikasle guztiek esperientzia berria bizitzea komenigarria delako. Behin eskolara iritsita, ikastetxean bertan batetik bestera joango gara, bertako irisgarritasun maila ezagutzeko. Bigarren fase honetan ere bidean topatzen ditugun oztopoak eta zailtasunak identifikatzeko eta jasota geratzeko laguntzaileak grabagailua eramango du.

Amaitzeko, txostena

Ikasle guztiok etxetik eskolarako bidea bi modu horietara egin ondoren, grabagailuan gordeta utzi ditugun bizipenez baliatuz txosten bat prestatuko dugu. Txosten horretan bidean aurkitu ditugun zailtasunak eta gabeziak identifikatzeaz gain, arazo horiek konpontzeko proposamenak jasoko ditugu. Amaitzean txostena herrian mugikortasunaz arduratzen den zinegotziari eramango diogu.

 

Azken eguneratzea: 2007/10/09