Pedagogia Gela Euskadi Txirrindularitza Fundazioak bizikletaren ezagutzak transmititzeko eta bizikletarekin gozatu daitekeela erakusteko sortu zuen egitasmoa da. 1998ko urriaren 27an zabaldu zuten eta orduz geroztik, asko dira bertatik pasa diren ikasleak –joan den urtean 4.000 baino gehiago izan ziren–.
Pedagogia Gela Derion (Bizkaia) dago, Arteaga Centrum eraikinean. Euskadi Fundazioaren egoitza ofiziala da eta bertan, 170 metro karratuko azaleran, honako instalazioak daude: gela teorikoa, gela teknikoa, aldagelak, dutxak, zerbitzu ezberdinak eta bulegoak.
Pedagogia Gela ikastetxe, ikastola, txirrindularitza eskola eta, oro har, txirrindularitza maite duten guztiei dago zabalduta. Bisita gehienak, ordea, ikastetxeetako haurrek egiten dituzte. Bertan eskaintzen dituzten ikastaroak adinaren arabera mailakatzen dituzte. “Nire bizikleta ezagutzen” 8 eta 9 urteko haurrekin egiten dute eta helburuak honakoak dira: garai bateko eta gaur egungo bizikletak ezagutzea, bizikletarekiko zaletasuna eta sentsibilizazioa sustatzea eta areagotzea, bizikletaren osagaiak eta txirrindularien arropak ezagutzea.
“Bizikleta: garraiorako ibilgailua” 10 eta 11 urteko haurrentzako egokitutako ikastaroa da. Bizikletak hirian eskaini ditzakeen aukerak azaltzea, bizikletaren eta gainontzeko garraio sistemen arteko elkarbizitzarako aholku praktikoak ematea eta bizikleta garraio alternatibo bezala duen balioaz ohartaraztea dira adin-tarte honetako ikasleekin lantzen diren gaiak.
“Bizikleta konpontzen” da hirugarren ikastaroa, 12 eta 13 urteko gaztetxoei eskainia. Izenak argitzen duen bezala, bizikletak konpontzeko oinarrizko gomendioak ematen dituzte Euskaltel Euskadi txirrindularitza taldeko mekanikoek. Denbora muga izaten denez, egun bakarreko ikastaroetan gurpiletako zulatuak konpontzen ikasten dute Deriora gerturatzen diren ikasleak.
Bide-hezkuntzako kontzeptuak
Ikastaroek hiru orduko iraupena dute eta guztietan teoria eta praktika uztartzen dituzte. Horretaz gain, guztietan bide-hezkuntzako zenbait kontzeptu ematen dituzte. Pedagogia Gelako arduradunentzat oso garrantzitsua da atal hori, “normalean eskola orduetan ez delako ematen eta gure iritziz, bizikleten erabiltzaileek, gainontzeko ibilgailuen erabiltzaileek bezala, arau batzuk bete behar dituzte”, esan digu Pedagogia Gelako arduradunak.
Ikastaroa bizikleta-irteera batekin amaitzen da. “Egoitzako begiraleekin egiten dute, ikasitako teoria praktikan jartzeko. Nagusiek ordubeteko ibilbidea egiten dute, eta bizikleta gehiegi menperatzen ez dutenek gure egoitzatik gertu daukagun zirkuitu itxi batean ibiltzeko aukera daukete”, kontatu digu Anak.
Ikastaroak euskaraz edo gazteleraz eska daitezke, eta doakoak dira –Bizkaitik kanpo doazenentzako autobusa Euskadi Fundazioak ordaintzen du–. Egin beharreko bakarra aurrez txanda hartzea da, zenbat ikasle joango diren, ikasleen adina eta ikastaroa jaso nahi den hizkuntza zehaztuz.
Horiek, ordea, ez dira Derion eskaintzen dituzten zerbitzu bakarrak. Arduradunak azaldu digunez, udako kanpaldiak, BTT eskola, Bizikletaren Eguna edo ikastetxeetara Euskaltel Euskadiko txirrindulariekin egiten dituzten bisitak dira, besteak beste, Pedagogia Gelako zerbitzu zerrenda osatzen dutenak.