ESKOLAKO AGENDA 21 EGITASMOA MARTXAN JARRI ZENETIK IKASLE KOPURUA 22 ALDIZ BIDERKATU DA
Esther Larrañagak, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak, eta Tontxu Camposek, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, ongi-etorria eman zieten azaroaren 3an Eskolako Agenda 21 proiektuarekin 2008-09 ikasturtean bat egin duten 51 ikastetxeei.
Madariaga Dorretxean egindako ekitaldian, sailburuek proiektuak izan duen hazkundea nabarmendu zuten. "2003-04 ikasturtean 8.300 ikasle hasi ziren, eta sei urte geroago, 183.460 dira ekimen honetan lanean ari direnak. Era berean, 17.360 irakasle eta 465 ikastetxe daude inplikatuta". Datuak pozik egoteko modukoak diren arren, biek ala biek "2012. urterako ikastetxe guztiak" txertatu nahi dituztela aurreratu zuten.
Irudi berria
Ekitaldian Eskolako Agenda 21en irudi berria aurkeztu zuten. Logotipo berriak irudi modernoagoa du.
HERRITARREN PARTE-HARTZEA SUSTATZEKO GIDAK
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailak bi gida kaleratu ditu herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz.
Ezagutzeko eskubidea da horietako bat. Gida honen helburua ingurumenarekin erlazioa gordetzen duen edozein informazio eskatzeko garaian herritarrei laguntza ematea da. Eskaerak nola egin, eskatutako informazioa ematera derrigortuak dauden instituzioen zerrenda, eskatutakoa jaso ezean zein urrats eman... eta antzekoak jasotzen ditu.
Parte-hartzeko eskubidea da bigarrena. Gida honek herritarrei parte-hartzeko bideak errazten dizkie. Zehatz mehatz, eskubide hori zein kasutan gauzatu dezaketen azaltzen du.
Bi gida horiek www.ingurumena.ejgv.euskadi.net helbidean jaisteko moduan izango dituzue. Horretarako ezkerreko zutabeko "On line argitalpenak" atalean egin klik, eta ondoren, "gida-liburuak" atalean. Bertan izango dituzue bi gidak PDF formatuan.
ESKOLA IRAUNKORRA SARIAK BANATU DIRA
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailek
Eskola Iraunkorra sariak banatu dituzte. Lehenengo edizioan hogeita bost ikastetxe izan dira sarituak: Lucas Rey-Matias Landaburu LHI eta Virgen Niña HLBHIP (Amurrio); Lateorro LHI (Laudio); Jesús Obrero BHIO (Vitoria-Gasteiz); Alonsotegi LHI (Alonsotegi); Uribarri BHI (Basauri); Bermeo-San Francisco LHI (Bermeo); Zurbaran LHI, Emilio Campuzano BHI, Artatxe LHI, Ntra. Sra. Del Carmen HLBHIP eta El Ave Maria HLBHIP (Bilbo); Eskolabarri HLHIP (Ermua); Montorre LHI (Gautegiz Arteaga); San Fidel Ikastola HLBHIP eta Gernika BHI (Gernika-Lumo); Eretza LHI (Gueñes); Lekeitio BHI (Lekeitio); Kantauri Axular BHI eta Bihotz Gaztea Ikastola HLBHIP (Santurtzi); San Viator LBHIP (Sopuerta); Dumboa BHI (Irun); Elgoibar Ikastola HLBHIP eta Elgoibar BHI (Elgoibar) eta Samaniego Ikastola HIP (Tolosa).
Sarituek ingurumenaren alde Eskolako Agenda 21ekin egiten duten lanaren errekonozimendua jaso dute. Bost urteko prozesu luze eta zorrotza gainditu ondoren, Eusko Jaurlaritzak zorionak eman eta etorkizunean izango duten garrantzia aitortu die aitzindariak izan direlako.