Gaur egun adostasun handia dago nazioartean, hezeguneak biosferaren ekosistemarik aberats eta berezienetakoak eta baita hauskorrenetakoak ere direla onartzean, eta horregatik babes eta arreta berezia eskatzen dutela aldarrikatzean. Hala ere, ez da beti horrela izan.
Euskal Herriko hezeguneen zerrenda zabala aztertuko bagenu, berehala konturatuko ginateke hezegune kontzeptua oso anitza dela eta padurak, aintzirak, zohikaztegiak, ibaiei loturiko hezeguneak, urtegiak… sartzen direla. Hori dela eta, ez da erraza izan hezeguneen definizio egokia aurkitzea.
Dena den, jatorriz (naturalak edo artifizialak), kokapenez (itsasaldekoak edo barnealdekoak) eta morfologiaz ezberdinak diren eremu horiek guztiak hezegunetzat hartzen dira, beti edo noizbehinka izaten dutelako ura. Izan ere, hezeguneetan, salbuespenak salbuespen, sakonera eskaseko ur geruza dago edota lurrazpiko uren maila gainazaletik gertu egoten da.
Gaur egun adostasun zabala dago nazioartean, hezeguneak biosferaren ekosistemarik aberats eta berezienetakoak eta baita hauskorrenetakoak ere direla onartzean eta horregatik babes eta arreta berezia eskatzen dutela aldarrikatzean. Hala ere, ez da beti horrela izan.
GIZAKIA ETA HEZEGUNEAK
1- Antzina, egunsentian eta iluntzean lainoak eta lanbroak hartzen zituztelako-edo, hezeguneek halo misteriotsua zuten, eta hainbat mito eta elezaharren jatorria ziren Urdaibaiko Gorozika auzoan jasotako honek adierazten duen bezala: “Laminapozu izeneko urmaelean lamiak bizi ziren (…), ibar osoan entzun zitezkeen kanta ederrak abesten zituzten, baserritarrei beren lanetan laguntzen zieten eta haurrak zaintzen zituzten eskolarako bidean (…)”. Orduko gizakiak begirunez-beldurrez begiratzen zien, eta ehizaz, arrantzaz edo itsaski bilketaz lortutako baliabide jangarriak bakar-bakarrik ustiatzen zituen.
2- Geroago, erromatarren garaitik XVIII-XIX. mendera arte, hezeguneak eraldatzen hasi ziren, baina beren funtzionamenduari eta fisionomiari aldaketa nabarmenik eragin gabe. Sasoi hartakoak dira adreiluak egiteko lokatz-erauzketa, saskigintzarako edo eraikuntzarako baliagarriak ziren landareen bilketa, beira eta xaboia ekoizteko erabiltzen ziren beiraki-belarren ustiapena, simaurra egiteko ihien eskuraketa, gatza lortzeko gatzagen eraiketa…
3- Hezegune batzuetan lur berriak eskuratzeko lehorketak XVI. mendean hasi baziren ere, eraldaketa nabarmenenak XVIII-XIX. mendetik aurrera eman ziren. Teknologia berrien erabilerak eta nekazaritzarako eta biztanle-guneetarako lur berrien eskaerak hezegune askoren drainatzea, betetzea eta lehortzea eragin zuten. Hezeguneen galera eta desagerpena biziki azkartu zen XX. mendean, sarritan administrazioak berak sustatuta eta diruz ordainduta. Horren erakusgarri argia dira honako datu hauek: 1948-1990 bitartean Estatu Espainiarrean hezeguneen %60 baino gehiago galdu zen; Frantzian 1900-1993 bitartean %67, Alemanian 1950-1985 bitartean %57 edo Italian 1938-1984 bitartean %66. Edo Euskal Herriko kostaldeko datu hau: XX. mendean egindako betetze- eta lehortze-lanek paduren %50 baino gehiago hondatu zuten, kasu batzuetan padura zabal-zabalak guztiz desagertu zirelako (Abra, Pasaia…) eta gehienetan jatorrizko azalera asko murriztu zelako.
"XX. mendeko 60ko hamarkadan, hezeguneetako ornitologia-balioak azpimarratzen hasi ziren, eta apurka-apurka eremu horiek babestearen aldeko iritzia zabaldu zen gizartean, dituzten balio eta funtzio anitzak onartu egin zirelako"
ETA ETORKIZUNERANTZ?
XX. mendeko 60ko hamarkadan, hezeguneetako ornitologia-balioak azpimarratzen hasi ziren, eta apurka-apurka eremu horiek babestearen aldeko iritzia zabaldu zen gizartean, dituzten balio eta funtzio anitzak onartu egin zirelako: kasu askotan inguru lehortarren eta urtarren arteko muga-ekosistemak izanik, biodibertsitateari eusteko funtsezkoak dira, bertan gordetzen baita desagertzeko arriskuan dauden espezieen munduko proportziorik handiena; uraren ziklorako eta ur-baliabideen babeserako garrantzi handikoak dira; gehienek produkzio biologiko handia dute eta sarritan elikagaien eta mineralen biltegi bihurtzen dira; eta, aisialdirako erakargarriak eta paisaia, kultura, pedagogia eta zientzia aldetik interes handikoak dira, gainera.

Iritzi berri horren isla Ramsar Hitzarmena izan zen. Izan ere, 1971. urteko otsailaren 2an, Iraneko Ramsar hirian nazioarteko zenbait herrialde elkartu ziren hezeguneei buruzko hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horren helburu nagusia hezeguneen eta horien baliabideen babesa eta erabilera arduratsua sustatzea izan zen, eta horretarako tresnarik baliotsuenetakoa eta eraginkorrenetakoa Nazioarteko Garrantzizko Hezeguneen Zerrenda egitea izan zen. Gaur egun, 1.500 hezegunetik gora daude zerrenda horretan eta horietatik 8 euskal hezeguneak dira, sei Euskal Autonomia Erkidegokoak (Urdaibai; Txingudi; Gesaltzako gatzagak eta Arreo/Caicedo Yusoko lakua; Guardiako aintzira txikiak; Ulibarri-Ganboa urtegiko adarrak; Salburua) eta beste biak Nafarroakoak (Pitillasko aintzira eta Las Cañas urtegia).
Hortik aurrera hezeguneen babesa eta kudeaketa egokia lortzeko aurrerapauso garrantzizkoak eman dira, bereziki aipatutako zerrenda horretako hezeguneen kasuan. Baina, hori horrela izanik ere, era askotariko presio eta mehatxuek beren horretan diraute, eta sarritan sustatzen diren giza jarduerak erabat bateraezinak dira eremu horien kontserbazioaren aldeko aldarrikapenekin.
Hori dela eta, 1997.urtetik hona, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta gure artean zenbait aldarrikapen eta jarduera egiten dira hezeguneek eskaintzen dituzten onurak azpimarratzeko. Urtean behin haien alde lan egitea ondo badago ere, ezinbestekoa da, besteak beste, ingurumen-hezkuntzan oinarrituta, Euskal Herriko lurralde guztietako hezeguneen balioak, arazoak eta konponbideak lantzeko konpromisoa hartzea eta haien etorkizuna kolokan jartzen duten mehatxu nagusiei aurre egiteko gai den lurralde-antolamendu egoki bat errealitate bihurtzeko urrats sendo eta zehatzak ematea. Izan ere, horrelako konpromiso eta neurriak hartzen ez badira, egun bakar batean aldarrikatzen diren asmo onak, sarritan legez, ezerezean geratu daitezke.
OHARRA: Testua 2008ko urtarrilaren 27ko ZAZPIKAn (GARA egunkariak kaleratzen duen igandeetako gehigarria) argitaratutako artikuluan oinarritu da.